Emakumeak bake prozesuetan. Adierazpena

Ahotsak-eko emakumeek «kontakizun inklusiboa» osatzearen alde egin dute

Taldea sortu eta hamabortz urtera, gatazken konponbideetan emakumeek «ezinbesteko parte» izan behar dutela oroitarazi dute Euskal Herriko 78 andrek

Gemma Zabaleta, atzo, Donostiako Kursaalean, adierazpena irakurtzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Gatazken konponbideetan emakumeak «eragile aktibo» izatea, elkarguneak bilatzearen alde egitea, «besteek duten egia» entzutea, «kontakizun inklusiboa» osatzea eta «indarkeriarik eza» baino harago doan «bakea» eraikitzea. Bortz puntu horiek biltzen dituen adierazpen bat adostu eta irakurri zuten atzo Euskal Herri osoko alderdi, erakunde eta arlo anitzetako 78 emakumek. Duela hamabortz urte sorturiko Ahotsak emakume politikarien elkargunearen sustatzaileek eta haiei baturiko bertze hainbatek izenpetu zuten testua. Atzo arratsaldean plazaratu zuten, Ahotsak-ek eta Foro Sozial Iraunkorrak elkarlanean antolatu eta Donostiako Kursaalean egindako Emakumeak bake prozesuetan jardunaldietan.



Ainhoa Aznarez, Gemma Zabaleta, Jone Goirizelaia, Elisabette Piñol, Kontxi Bilbao, Esther Larrañaga, Onintza Lasa eta Nekane Altzelaik osaturiko zortzikoteak sustatu zuten testua; gibeletik, izenpetzaile izan zituen, bertzeak bertze, Sylvaine Alaux, Itxaso Atutxa, Maddalen Iriarte, Rafaela Romero, Garbiñe Biurrun, Patrizia Velez, Anaiz Funosas, Garbiñe Aranburu, Anita Lopepe eta Bel Pozueta —horietako anitz ere Kursaalean izan ziren—.

Emakumeak «gatazkak konpontzeko prozesu guztietan ezinbesteko partaide» izateko eskaerarekin abiatzen da adierazpena, baina harago doa hurrengo lau puntuetan. Laugarrenean, erraterako, «edozein gatazka konpontzeko helburuak» bizikidetza izan behar duela nabarmentzen dute sinatzaileek. Horretarako, emakumeek gatazkaren kontakizuna osatu behar dute, haien hitzetan: «Emakumeok lan egin behar dugu gertatutakoaren kontakizun inklusiboa eta egiazkoa egiteko, kontakizun horrek etorkizun partekatu baten oinarriak ezar ditzan».

Sinatzaileen arabera, «edozein gatazkatako zatiketak eta minak» aukera eman behar dute «oraineko eta etorkizuneko elkarrizketa eta ulermena eraikitzeko». Bestalde, adierazpenean zehaztu dute bakea ez dela «indarkeriarik eza bakarrik». Hain zuzen, «bakea finkatzeak bake positiboaren aldeko apustua egitea» dakar, sinatzaileen ustez. «Bakeak demokrazia, justizia soziala eta eraldaketa» ere erran nahi ditu, emakumeen hitzetan: «Bakea alde horretatik ulertzeko gai bagara bakarrik izango gara gai norgehiagoka gehienak gainditzeko».

Elkarrizketaren alde

Gatazken konponbidean elkarrizketak duen garrantzia nabarmendu zuten atzoko jardunaldietan, eta, hain justu, horri egiten diote erreferentzia adierazpenaren bigarren eta hirugarren puntuek. Bigarrenak dio, hain justu, gatazkak konpontzeko prozesuetan ezarri beharreko metodologia «elkarguneak bilatzea» dela, «desberdintasunetan soilik sakontzen duten jarreretan erori gabe». «Topaketaren eta elkarrizketa erabakitzailearen aldeko militantzia» behar dela nabarmentzen dute sinatzaileek, «alderdi lerroetatik harago». Hirugarren puntuan, berriz, «besteek duten egia entzun» behar dela azpimarratzen dute, eta «edozein gatazka konpontzeari ekin behar zaiola, demokrazia gehiago eta hobea oinarri hartuta». Demokrazia horren definizioa ere ematen dute: «Proiektu politiko guztiak prozedura demokratiko eta politiko itunduen bidez defendatu eta gauzatu ahal izatea ahalbidetuko duen demokrazia».

Adierazpena irakurri aitzin, Ahotsak-eko sustatzaileek hartu zuten hitza atzo, taldearen sorrera eta ekarpenak azpimarratzeko. Ainhoa Aznarez Ahal Dugu-ko kide eta 2015etik 2019ra Nafarroako Parlamentuko presidente izandakoak, adibidez, gogoratu zuen Ahotsak-en esperientziak ahalbidetu ziela Nafarroako alderdi politiko ezberdinetako emakumeei elkartzea —orduan PSNko kide gisa Iruñeko zinegotzia zen Aznarez—: «Ulertu genuen ezin dela mahai batean eseri beste aldean dagoena entzun gabe». Aznarezek nabarmendu zuen, ordea, horrek «zigorra» ekarri ziela: horietako anitzek ez zituzten ardura postuak eduki hurrengo legealdietan.

Adierazpena osorik eta sinatzaileen zerrenda ikusgai hemen: www.berria.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.