Perituek sinesgarritzat jo dute Basaurin abusuak salatu zituen adingabearen hitza

Mutiko bati sexu abusuak egitea egotzitako futbol entrenatzailearen kontrako epaiketa egiten ari dira Bilbon. Fiskaltzak sei urteko espetxe zigorra eskatu du

Akusatua, epaiketa hasi aurretik, atzo. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Atzo hasi zen Bizkaiko Probintzia Auzitegian Basauriko futbol talde bateko entrenatzailearen kontrako epaiketa, eta gaur amaitzea aurreikusita dago. Mutiko bati sexu abusuak egitea leporatzen diote: beste zenbait salaketa ere izan ditu akusatuak, baina horiek ez dituzte epaituko, preskribaturik daudelako. Fiskalak sei urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat, eta akusazio partikularrak, berriz, zortzi urtekoa. Adingabeak ez du zuzenean deklaratu: aldez aurretik grabatutako bideo baten bidez eman du testigantza, eta perituek sinesgarritzat jo dute haren lekukotasuna.

J.I.B akusatua Baskonia taldeko futbol eskolako entrenatzaile aritzen zen Basaurin (Bizkaia). Han ezagutu zuen adingabea, 2014an, umeak 8 urte zituela, eta handik gutxira familiaren lagun min bilakatu zen, «senitartekoa balitz bezala», adingabearen amak deklaratu duenez. Aitarekin askotan ibiltzen zen, umeari opariak egiten zizkion, eta familiari diruz lagundu zion estualdi ekonomiko bat izan zuenean.

Adingabearen testigantzaren arabera, orduan hasi ziren sexu abusuak, eta 2018ra arte iraun zuten gutxi gorabehera: «Bere etxera joateko esaten zidan, edo, bestela, autoan edo garajean. Ni oso txarto sentitzen nintzen, minduta eta amorratuta». Adingabeak grabazioan adierazi duenez, akusatuak ukituak egiten zizkion, film pornografikoak jartzen zizkion, masturbatu egiten zuen, eta batzuetan bera masturbatzera behartzen zuen. Sexu abusuak gutxi gorabehera astean behin gertatzen ziren.

Akusatuak, berriz, dena ukatu du. Aitortu du askotan umearen bila joaten zela eskolara, autoan entrenamenduetara edo partidetara eramateko, baina erantsi du beste ume batzuk edo haien gurasoak ere eraman ohi zituela. Garrantzia kendu die umeari egiten zizkion opariei; esan duenez, batzuetan aitarekin batera ordaintzen zituen opariok.

Lekukoen testigantza

Epaiketan garrantzi handia hartu dute zenbait helduren testigantzek: umetan akusatuak sexu abusuak egin zizkiela salatu dute. Gertaerak 1970eko eta 1980ko hamarkadetan jazo ziren, eta, hortaz, preskribatuta daude. Hori dela eta, defentsako abokatuak, epaiketaren hasieran aurretiazko auziak aztertu dituztenean, eskatu du lekukotza horiek aintzat ez hartzeko, epaitutako aferarekin zerikusirik ez dutelakoan, eta, esan duenez, «giro bat sortzea» beste helbururik ez zutelako. Epaileek, berriz, atzera bota dute eskaera.

Bereziki esanguratsua izan da Jose Godoyren deklarazioa, hark egindako salaketa izan baita oraingo auzi honen sorburua. Godoyk azaldu du umea zelarik J.I.B.-ren sexu abusuak pairatu zituela. 2018. urte amaieran ikusi zuen bere umetako entrenatzaile hura beste gaztetxo batekin ibiltzen zela etxeko atarian, eta horrek, eta telebistan sexu abusuei buruzko saio bat ikusteak, bultzatu zuen bere emazteari dena kontatzera. Handik gutxira, emazteak salaketa jarri zuen Basauriko ertzain etxean.

Salaketak adoretuta, beste batzuek ere gauza bera egitea erabaki zuten, auzibideek aurrera egin ez zuten arren. Horietako batzuk epaiketan egon dira lekuko gisa: Godoyrekin batera, haren anaia bi, hark bezala akusatuari umetan sexu abusuak egin izana leporatu diotenak, eta beste lekuko bat, kasu zaharrago baten berri eman duena. «Hau kontatzea erabaki dugu mutikoagatik, baina baita pausoa ematera ausartu ez diren beste askorengatik ere», esan du Godoy anaietako batek.

Hiru anaiek azaldutakoak antz handia du biktimak egindako kontakizunarekin: haien deklarazioaren arabera, abusuak gertatu ziren antzeko adin tartea zutenean, akusatuaren etxean edo autoan beste norabait eramaten zituenean, eta masturbatzea zen eraso nagusia.

Etxean, aztarnarik ez

Lekukoen deklarazioaren ostean, perituen eta teknikarien txanda izan da. Ertzaintzaren agente batek deklaratu du akusatuaren etxean egindako miaketan ez zutela topatu film pornografikorik edo bestelako aztarnarik, baina, era berean, erantsi du Godoyk lehenengo salaketa egin zuenetik akusatuak astia izan zuela froga guztiak ezabatzeko.

Psikologoek, berriz, esan dute agingabearen kontakizunak «baliotasun eta sinesgarritasun irizpideak» betetzen dituela, kontakizun «librea eta berezkoa» izan zela, eta haren sintomatologia eta jokabidea «bateragarriak» direla salatutako sexu abusuekin.

Epaiketa gaur amaituko da, bi aldeen txostenekin eta behin betiko zigor eskaerekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.