Albistea entzun

Maia, datuek gezurtatua: delituen %0,3 dagozkie migratzaile adingabeei

Adingabeen Fiskaltzak 522 espediente ireki zituen iaz Nafarroan, eta soilik 99 izan ziren migratzaileei egotzitakoak. Iruñeko alkateak dioenaren kontrara, delitu horien ehunekoa apaldu egin da 2019tik
Maiaren adierazpenen aurkako protesta egin zuten ostegunean, SOS Arrazakeriak deituta. Irudian, manifestari bat, alkatearen aurkako afixa batekin.
Maiaren adierazpenen aurkako protesta egin zuten ostegunean, SOS Arrazakeriak deituta. Irudian, manifestari bat, alkatearen aurkako afixa batekin. JESUS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2022ko urtarrilak 22 - Iruñea

Harresi baten kontra ari da Enrique Maia. Iruñeko alkateak jo-puntuan jarriak ditu bakarrik dauden migratzaile adingabeak, eta delituen ustezko igoera batekin lotu ditu azken egunetan. «Delituak egiten dituzten ia guztiak ez dira hemen jaiotakoak», esan zuen iragan astean. Aurretik, Navarra Sumako buruzagiak «kezka» adierazi zuen, Iruñean «segurtasun arazo bat» dagoelako, haren ustez, eta, daturik eman gabe ere, horren erantzule egin zituen Nafarroako Gobernuaren tutoretzapean diren adingabe migratzaileak.

Ordutik, asko izan dira alkatearen hitzak arbuiatu eta «arduragabe» jokatzea egotzi dioten eragile sozial eta politikoak. Alkateak, baina, tinko eutsi dio migratzaileen aurkako diskurtsoari, bere eginik eskuin muturraren ohiko estrategia komunikatiboa, eta «datuak badirela» esan du behin eta berriro. Eta datuak izan badira, baina haren tesiak gezurtatzen dituzte, oso-osorik.

Lehen gezurra: Migratzaile adingabeek egiten dituzte delitu gehienak. Nafarroako Adingabeen Fiskaltzaren eta Nafarroako instrukzio epaitegietako txostenei erreparatuta, ez da hala. 2021. urtean, adibidez, Adingabeen Fiskaltzak 522 erreforma espediente tramitatu zituen Nafarroan, eta horietatik 99 izan ziren migratzaileen aurkakoak. Erreforma espedienteak dira fiskaltzak zabaltzen dituen auzibideak, uste duenean adingabe batek delituren bat egin duen zantzuak daudela. Fiskaltzak iaz tramitatutako guztien artean, %19 soilik dagozkie migratzaileei.

Bigarren gezurra: migratzaile adingabeek segurtasunik eza areagotzen dute. Adingabeen Fiskaltzaren datuak aztertuta eta Nafarroako instrukzio epaitegietan iaz tramitatutako auzi guztiekin alderatuta, argi dago migratzaile adingabeei egotzitako delituen ehunekoa ia ezdeusa dela. Izan ere, 27.197 salaketa tramitatu ziren iaz Nafarroan, eta migratzaile adingabeen aurka zabaldutako 99 espedienteak auzi horien guztien %0,3 baino ez dira.

Hirugarren gezurra: segurtasun arazoa larriagotu egin da azken urteetan, migratzaileen eraginez. Datuen bilakaerak kontrakoa adierazten du. Adingabe migratzaileei egotzitako delituen ehunekoa beti izan da oso txikia, baina 2019tik, gainera, beheranzko betean da: %0,45ekoa izan zen urte hartan, %0,38koa 2020an, eta %0,36koa, berriz, 2021ean. Adingabeen aurkako salaketak soilik aintzat hartuta ere, bilakaera antzekoa da: 2019an, adingabeei egotzitako delituen %26 zegozkien migratzaileei; 2020an, %23 izan ziren; eta iaz, %19raino jaitsi zen ehunekoa.

Hurrengo osoko bilkuran, datu horien inguruko azalpenak eman beharko ditu Iruñeko alkateak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

LGTBI+fobiaren aurkako protesta. bat, Gasteizko Zabalgana auzoan. ©Jaizki Fontaneda / Foku

LGTBI kolektiboek «saretzera» dei egin dute

Jone Arruabarrena

Gorroto diskurtsoaren hedapenaz eta komunikabideek kolektiboaren aurkako erasoei ematen dieten trataeraz «kezkatuta» daudela esan dute

Irene Montero, Espainiako Berdintasun ministroa, artxiboko irudi batean. ©JAVIER LIZON / EFE

Onartu eginen dute abortuaren legea, higiene gaien zerga jaitsi gabe

Ion Orzaiz

Hileko mingarriaren ondoriozko gaixoaldia eta erditze aurreko baimena jasoko dituzte testuan. Jaurlaritzak eta EH Bilduk ontzat jo dute araua

Tomas Rubinen senideak, atzo, Bilbon, gudariaren gorpuzkiak hartu berri. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Beste bost gudari identifikatu dituzte Begoñako hilerrian

Olatz Enzunza Mallona

Identifikazio xaflei esker atzeman dituzte bost gudariak. Gogora institutuak espero du 2023ko udaberrirako amaitzea identifikazio lana

Ikusgune behatokiak atzo kaleratu zuen txostenaren aurkezpena. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Lau urtean hirukoiztu egin dira Ikusgunen salatutako eraso LGTBIfobikoak

Jone Arruabarrena

Eraso transfoboen gorakadaz ohartarazi du behatokiak, eta Diputatuen Kongresuan trans legea tramitatzean sortu zen «gorroto giroari» egotzi diote igoera

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...