Albistea entzun

Prefeturak protesta debekatuta ere, ekintzara deitu dute Bakegileek

Eric Spitz prefetak ohartarazi du mobilizazioan parte hartuko dutenak zigortuko dituztela. Bakegileek «masiboki» parte hartzera deitu dute, antolakuntzak adostutako koadroaren barnean
Agerraldi jendetsua egin zuten Bakegileek atzo arratsaldean, Baionako suprefetura aitzinean.
Agerraldi jendetsua egin zuten Bakegileek atzo arratsaldean, Baionako suprefetura aitzinean. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzaguren - Ekhi Erremundegi Beloki -

2022ko uztailak 23

Esperotako abisua eman du Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak. Bakegileek gaurko antolatu duten blokeatze eguna debekatu duela jakinarazi zuen atzo, agiri batean. Are, erran du Ipar Euskal Herrian manifestazio oro debekatua izanen dela. «Segurtasun dispositibo handia» iragarri du hori errespetarazteko. Baina Bakegileak ez ditu kikildu. Aurreikusitako protesta eginen dutela berretsi zuten atzo arratsaldean, Baionako suprefetura aitzinean egin zuten agerraldi jendetsuan. «Masiboki» mobilizatzera deitu zuten.

Bake Bideko lehendakari Anaiz Funosasek azaldu zuenez, «azken aste hauetan egin dugun saretze eta harreman lan guztiak gure ekintza segurtasun osoz egiteko baldintzak ekarri ditu». Azaldu zuen egin dutela lana herriko etxeekin, eta Ipar Euskal Herri osoan blokeatze egunaren berria zabaldu dutela: «Hiri elkargoa ere ibili da bere mailan, blokeo horren laguntzeko».

Turismo bulegoetatik azken hamabost egunetatik hona turista guztiei eman zaie gaurko blokeatze egunaren berri. Komertzio eta industria ganberak, osasungintza, suhiltzaileak... Guztien artean koadro bat osatzea lortu dutela azaldu zuen Funosasek. «Gaur esan nahi dugu pozik gaudela egun horrek ekarritako emaitzagatik: parte hartzaile kopurua, sostengua, kudeaketa mailagatik... pozik. Goresmenak denei». Berretsi zuen deialdian «masiboki» parte hartzeko deia egiten dutela, eta ohartarazi zuen desobedientzia ekintzarako adostu duten koadro horren barnean parte hartzera: «Gauzak argi egon daitezen, probokazioei ez diegu erantzungo. Indar polizialek egin ditzaketen probokazioei ez diegu erantzungo».

Ekain bukaeran iragarri zuten gaurko mobilizazio erraldoia, gatazka konpontzeko prozesuan Frantziako Gobernuarekin duten blokeo egoera gainditzeko; Ion Parot eta Jakes Esnal presoen egoera azpimarratu dute bereziki. «Mendekuaren gainean oinarritzen diren aterabideak ez ditugu onartuko», esan zuen Funosasek. Ipar Euskal Herri osoko errepide sarea osoki blokeatzeko asmoa dute, Paris mugiarazteko.

Poliziak eta isunak

Azkainen (Lapurdi) izan zen herenegun Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefeta, eta ohartarazi zuen bideak blokeatuko dituztenak zigortuko dituztela. «Manifestatzeko eskubideari bai, baina blokeatzeko eskubideari ez; arau hauste penala da». Esan zuen dena bideoan hartuko dutela, eta protestan parte hartzen dutenen matrikulak eta nortasunak jasoko dituztela eta Baionako prokuradoreari bidaliko dizkiotela. Horrek, «zalantzarik gabe, zorroztasun handia erakutsiko du, zirkulazio askerako askatasunaren izenean».

Spitzek ohartarazi zuen gutxienez 250 polizia eta jendarme jarriko dituztela ekintzaileei aurre egiten. Esan zuen Miarritzeko ordainlekua ordubetez blokeatuz gero ekintza horrek bost orduko ilarak eragingo dituela, garaiotan handik orduero 1.500 ibilgailu pasatzen direlako. «Laster kaos bihurtuko da».

Atzo goizean Spitzi ere erantzun zion Funosasek, Euskal Irratietan. «Eric Spitzen hitzak estatuaren posizioaren ahotsa dira. Frantses gobernuak ez duenez eskaintza politikorik gogoetatzen Euskal Herrirako, ez dugu elkar ulertuko». Nabaria da ez dituztela egoera eta arazoa onartu nahi, Funosasen arabera. «Ikuspegi errepresibo batetik» aritzea egotzi zion.

Funosasek Spitzi gogorarazi zion orain arte ez direla ekintza sinbolikoetan geratu: «Beti hitza bete dugu, errandakoa egin dugu; armagabetzea zer zen, ez bazen desobedientzia ekintza bat? Hau berdina da, eta ez dugu atzera botako».

Ion Parot eta Jakes Esnal presoen inguruan eramaten ari diren batailak sortzen du kezka Iparraldeko hautetsien artean. Udaletako agintariek garraio publikoa gelditzeko hartu dituzten neurriak nabarmendu ditu, esaterako, Funosasek. «Inoiz ez da hainbeste hitz egin bake prozesuaz».

Terrorismoaren kontrako Frantziako Fiskaltzak Jakes Esnal eta Ion Parot preso atxikitzeko eskatu zuen herenegun.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ortuzar, Forondan bildurikoei mintzatzen. ©Jaizki Fontaneda / FOKU

«Ez Sanchez ez Feijóo: Euskadi» mezua aireratu du EAJk Alderdi Egunean

Berria

Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria, Andoni Ortuzar alderdiko burua, eta EGIko Bea Berlanga mintzatu dira Forondako ekitaldian

Arkaitz Rodriguez, gaurko ekitaldian. ©Juan Herrero / EFE

Borrokarako deia egin du Sortuk, «kalean zein erakundeetan»

Berria

Irailaren 27aren harira ekitaldia egin du alderdiak Tolosan

Gaurko ekitaldiko une bat. ©BERRIA

Omenaldia egin diote Katalunian Txikiri, Guardia Zibilak fusilatu zuten lekuan

Berria

Besteak beste, Txikiren anaia Diego Paredes eta EH Bilduko Iñaki Ruiz de Pinedo mintzatu dira ekitaldian

Urkullu eta Andueza, herenegun, Eusko Legebiltzarrean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Zaharrak berria jan du

Iosu Alberdi

Erkorekak baieztatu du transferentzien inguruko elkarrizketak egiten ari direla. Jeltzaleek ez diote erreferentziarik egin estatus politiko berriari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...