Sarek Auzitegi Nazionalaren «blokeo jarrera» kritikatu du

Sare Herritarraren arabera, 47 euskal preso daude orain urruneko espetxeetan. «Presoengandik gertuen daudenen» jarrera nabarmendu du, erabakiak «jarraipen egokia» egin eta gero hartzeagatik

Bego Atxa eta Joseba Azkarraga, atzoko prentsaurrekoan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Isabel Jaurena.
Donostia
2022ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Euskal presoen egoerari eta haren bilakaerari buruzko balorazioa egin zuen atzo Sare Herritarrak, Donostian. Mugimenduak adierazi zuen aurrerapausoak positiboak direla, bilakaera «motela» izan arren. «Geldialdi asko izan dira, baina atzean utzi dira Euskal Herritik urrunen dauden kartzelak», argitu zuten.

Plataformaren erranetan, balantzeak alderdi positibo nahiz negatiboak izan ditu. «Bultza egiten jarraitu behar dugu, urruntze politika desagertu arte eta zero kilometrora iritsi arte», gehitu zuten.

Sare Herritarrak azpimarratu zuen Espainiako Gobernuak orain lau urte adierazi zuela salbuespenezko espetxe politika eta urruntzea bertan behera geldituko zirela. Hala ere, gaur egun preso andana bat dago urruneko espetxeetan eta, beraz, erran zuten agerikoa dela urruntze politika ez dela amaitu. Zenbait adibide eman zituzten: Gasteiz erreferentziatzat hartuta, Villabonan (Asturias) dauden bi presoen familiek 350 kilometro egin behar dituzte joateko, eta bertze hainbertze bueltatzeko.

Urte «etsigarria» izan dela adierazi zuten, baina urrats txiki batzuk egon direla aitortu zuten. Izan ere, euskal presoetako batzuek baimen erregimenean sartzea lortu dute. Bertze batzuk, berriz, hirugarren gradura edo erdi askatasunezko erregimenera pasatu dira. Aldaketa horiek positiboki baloratu zituen mugimenduak.

Halere, gradu aldaketak eta baimenak lortzeko zailtasunak ere izan dira azken hilabeteetan. «Auzitegi Nazionala zeregin erabakigarria betetzen ari da, Fiskaltzarekin, Espetxe Zaintzarako Epaitegi Zentralarekin eta Auzitegi Nazionaleko zigor arloko aretoarekin batera», adierazi zuen plataformak. Instantzia horiek «blokeo jarrera» dutela nabarmendu zuten.

Egoera horren erakusgarri diren zenbait adibide eman zituen Sarek. Azaldu zutenez, 160 euskal preso inguruk baimenak jasotzeko baldintzak betetzen dituzte, baina gehienez ere 30ek lortu dute halako baimenen bat. Hirugarren graduari dagokionez, berriz, 80 preso inguruk egon beharko lukete egoera horretan, baina hogei daude. «Auzitegi Nazionala eskuin mutur poli-tikoaren organo juridikoarenrola betetzen ari da», adierazi zuen.

Hala, nabarmendu zuten «justiziaren politizazio» hori Euskal Herritik kanpo dauden instantzia judizialetan gertatzen dela. «Ez dute ezagutzen herri hau. Ez dakite euskal gizarteak zer sentitzen duen, euskal gizarteak uste baitu aurrera egin daitekeela, ahaztu gabe eta gorrotorik gabe», azpimarratu zuten.

Izan ere, euskal presoen egoera aztertzen dutenek proposamenak planteatzen dituztenean, dokumentuei helegiteak aurkezten dizkiete Madrilgo erakundeek. «Kasu batzuetan, Espetxeko Administrazioak onartutako askatasuna eten da, Fiskaltzak aurkeztutako errekurtsoa onetsi edo ezetsi baino lehen», argitu zuen Sarek. Euskal presoekiko jarrera hori «krudela eta legez kanpokoa» dela adierazi zuen.

Eskakizunak

Urteko balorazioaren dokumentuan, presoen oinarrizko eskubideak betetzeko eskatu du Sarek, hala nola zigorra bizilekutik hurbil dagoen kartzela batean betetzea, familia bizitzaz gozatzeko eskubidea izatea, zigorra denboran ez luzatzea eta bizitzeko eskubidea izatea, zeinak barnean hartzen duen osasunerako eskubidea.

Hortaz, atzo eskakizun andanari buruz mintzatu ahal zirela aitortu zuten, baina bakarrera mugatu ziren: salbuespen egoeraren amaiera. «Ez gara pribilegioez ari, justiziaz ari gara», azpimarratu zuen plataformak.

Alde positiboa

«Presoengandik gertuen dauden erakundeen» jarrera nabarmendu zuen Sarek: «Ahalegina egiten ari dira salbuespen legediaren ondorio negargarriak saihesteko». Presoen egoeraren bilakaeraren jarraipena egin ondoren hartzen dituzte erabakiak. «Mendekuaren eta irizpide politikoen ordez, justizian oinarritutako irizpideak aplikatu beharko lirateke», adierazi du.

Mugimenduak adierazi zuen badirela presoak hogei urte baino gehiago daramatzatenak kartzelan, eta pertsona horiek urte asko daramatzatela espetxe politika jasaten. Hortaz, «arduragabekeria bat da presoak gizarteratu ahal izateko baldintza drakoniarrak jartzen dituen legediaren aurrean ezer ez egitea», argitu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.