Gaur zabalduko dute Euskaraldirako izen ematea, begia lorpenetan jarrita

Erronka zehatzetan eta praktika linguistikoetan indar berezia egingo du aurten ariketa sozialak. Sozializaziorako gogoa egitasmoaren alde baliatu nahi dute

Euskaraldiaren hirugarren aldiaren aurkezpena, iazko azaroan, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Aperribai.
2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Ariketa soziala izaki, aldekotasunean ez, praktika linguistikoan jarriko du arreta Euskaraldiaren hirugarren aldiak, azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitarte egingo denak. Horixe izango du helburu behinena, parte hartzea hedatu eta herritar multzo berrietara iristearekin batera. Gaur irekiko dute egitasmoan norbanako moduan izena emateko epea—entitateena maiatzaren 16ko astean ireki zen, eta zabalik izango da urriaren 31ra arte—;ofizialki, 19:00etan Bilboko Kafe Antzokian egingo duten ekitaldi baten bidez. Euskaraldiaren webgunean eman ahalko da izena ordutik aurrera, ahobizi edo belarriprest moduan

Lehenengo hitza beti euskaraz egiteko eta euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute lehenengoek, baita, ahal den heinean, elkarrizketa elebidunei eustekoa ere. Belarriprest moduan parte hartzen dutenek, berriz, euren gaitasunen eta aukeren arabera erabakiko dute noiz eta norekin egin euskaraz, baina euskara dakitenei aktiboki eskatuko diete eurekin euskaraz aritzeko. Ariguneei ere eutsiko diete. Euskaraz egiteko aukera bermatuko duten gune babestuak izango dira. Hango kideek ahobizi eta belarriprest modura parte hartuko dute ariketan, baina modu kolektiboan ere egin ahalko da ariketa ariguneetan.

Hizkuntza ohituretan aldaketak eragiteko asmoan bainoago, horri emango dioten ikusgarritasunean egongo da berritasun nagusia aurten. Gaurtik hasi eta azaro hasierara bitarte, esaterako, Hitzez Ekiteko ekitaldiak egingo dituzte herriz herri. Horietan, herritarrei eskatuko diete zehazteko eta jakinarazteko zer erronka ezarri dieten euren buruari.

Norbanakoa ez ezik, kolektiboa ere bada ariketa, hala ere, eta, hain justu, antolatzaileek nahi dute Euskaraldiaren bueltako giroa lagungarria izatea norberaren portaeran aldaketak eragiteko.Hala berresten dute ikerketek ere. Soziolinguistika Klusterrak 2018ko ariketaren gainean egindakoak, adibidez, erakusten du Euskaraldiko egunetan, ariketa sozialaren gorenean, igo egin zela erabilera. Behin Euskaraldia igarota, haren eragina apaldu egin zen, eta horrek erakusten du Euskaraldiaren eragina, batik bat, momentukoa dela, luzerakoa bainoago. Hala ere, denbora tarte batera ere ariketaren arrastoa sumatzen zen parte hartzaileen artean. Klusterraren datuek erakusten zuten Euskaraldiaren aurretik euskararen erabilera apalagoa zutela parte hartzaileek ariketa bukatu eta hiru hilabetera baino. Aurtengo erronketako bat izango da arrastoa handiagoa eta denboran luzeagoa izatea.

Aldaketak egiteko baliabideak eman nahi ditu Euskaraldiak. Lorpen pertsonalak ikusgarri egingo ditu, besteengan ispilu lana egin eta parte hartzaileak «motibatzeko» eta «aktibatzeko». Horrez gain, praktika linguistikoak aldatzera bideratutako ahalduntze eskolak abiatuko dituzte lau lekutan: Donostian, Tolosaldean, Errenterian eta Getxon. Hamar astekoak izango dira, urriaren amaieran hasita. Proiektu pilotu moduan abiatuko dituzte, baina hurrengo hilabete eta urteetan beste herri eta eskualde batzuetara zabaltzeko asmoa dute.

Ikusgarritasuna

Kaleko presentzian ere irabazi nahi du aurten Euskaraldiak. Horixe galdu zuen azken aldian: 2020ko udazkenean egin zuten, pandemia betean eta ostalaritzako establezimenduak, esaterako, itxita zeudela. Ordukoaren aldean oraingo egoera oso bestelakoa dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta herritarren artean dagoen sozializaziorako gogoa ariketaren alde erabili nahi dute.

Ariketarako gutxi falta den honetan, dagoeneko hasita daude beroketarekin, herrietako batzordeekin elkarlanean, eta girotze lan hori areagotu egingo dute Euskaraldiaren hasiera hurbildu ahala. Gune ibiltari bat herriz herri ibiliko da Euskaraldiari buruzko informazioa ematen, eta zenbait herritan horma irudiak margotu dituzte. Halaber, identifikagarriak eta bestelakoak ere izango dira: txapak, ariguneen itsaskiak eta Hitzez ekiteko garaia leloa daramaten banderatxoak.

Eremu digitalean ere nahi dute handitu presentzia. Horretarako propio, Zapla! izeneko plaza digitala sortu dute, Instagram eta Twitter sare sozialetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.