Pantailetan euskara sustatzeko astebeteko kanpaina bat antolatu dute

Azaroaren 11tik 18ra euskarazko edukiak kontsumituko eta sortuko dituzte Pantailaldiko parte hartzaileek, eta horretarako dituzten traben berri emango dute

Pantailak Euskaraz-eko zenbait kide. Talde horrek sustatu du egitasmoa, euskalgintzako beste hainbat eragileren sostenguarekin. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Aperribai.
2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentzia urriaren gaineko larridura eta egoera aldarazteko beharra ozenduko du Pantailak Euskaraz taldeak, Euskaraldiaren testuingurua baliatuta. Pantailaldia egitasmoa antolatu du, euskararen erabileraren aldeko ariketa sozialaren aurreko egunetan, azaroaren 11tik 18ra, «Euskal Herri mailako egitasmo horren sinergiak aprobetxatuz».

Euskarazko edukien kontsumoa areagotzea izango du helburuetako bat, taldeak ohar bidez azaldu duenez: «Telebistan, zineman, streaming plataformetan, Youtuben, bideojokoetan... dauden euskarazko kateak, baliabideak, euskal sortzaileen lanak eta nazioarteko eduki euskaratuak kontsumitzeko ohitura zabaldu nahi ditu Pantailak Euskaraz egitasmoak euskal komunitate linguistikoan. Pantailetan kontsumitzen dugunak eragin zuzena du hizkuntza ohituretan, eta, beraz, herritarrak euskarazko kateak eta edukiak hautatzera bultzatu nahi ditu». Pantailetatik jasotzen denak hizkuntza ohiturekin lotura duela ohartarazi du, halaber, egitasmoak.

Baina, herritarren hautuan indarra egiteaz gain, horretarako zer zailtasun dauden ere azaleratuko du egitasmoak. «Euskaldunok ikus-entzunezkoak euskaraz bizitzeko ditugun muga eta gabeziak agerian uztea» izango da, horregatik, egitasmoaren beste helburua. Astebetez ikus-entzunezkoak euskaraz soilik kontsumitzeko eta sortzeko eskatuko diote parte hartzaileei: «Helburua da herritarrek horretarako dituzten zailtasunen kontzientzia hartzea, eta, erakundeen aldetik, azaleratzea neurri berriak beharrezkoak direla ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia eta erabilera handitzeko».

Izena eman daiteke dagoeneko, Pantailak Euskaraz taldearen webgunean (www.pantailakeuskaraz.eus) dagoen formularioa beteta. Parte hartzaileei eskatuko diete ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitzean edo sortzean izandako bizipenak eta zailtasunak sare sozialetan jartzeko, #Pantailaldia traola erabilita, eta, horrez gain, euren profiletan Pantailaldiko logoa jartzeko. Gainera, bost lagunek konpromiso berezia hartu dutela jakinarazi du taldeak —Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzeko batek, eta Ipar Euskal Herrian beste batek—. Zazpi egunez euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzen, sortzen eta sare sozialetan horren berri ematen ariko dira, aktiboki, eta, halaber, tokian tokiko komunikabideetan esperientziaren berri ematen saiatuko dira.

Gainera, egitasmoa egingo duten astean beste zenbait jarduera egiteko asmoa ere badutela aurreratu du Pantailak Euskaraz taldeak. Besteak beste, jakinarazi du azaroaren 13an protesta bat egingo dutela, euskaldunek zinemetan bizi duten «diskriminazioa» salatzeko.

Kanpaina Pantailak Euskaraz taldeak sustatu du, baina euskalgintzako hainbat eragilek ere egin dute bat harekin: Euskalgintzaren Kontseiluak, Euskaltzaleen Topaguneak, Uemak, Euskal Herrian Euskaraz-ek, Gazte Euskaltzaleen Sareak, Euskal Encodingsek eta Game Erauntsiak.

«Alarmak» pizteko datuak

Pantailak Euskaraz taldearen arabera, gaiari buruzko azken ikerketek «alarma guztiak pizteko» moduko datuak erakutsi dituzte. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak orain gutxi gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz egindakoak, esaterako. Ikerketa horrek agerian utzi zuen herri euskaldunenetan ere nagusi direla erdarazko ikus-entzunezkoak. Galdekatutako gazteen %73k adierazi zuten ikusitako azken telesaila gaztelaniaz ikusi zutela. Gazteenentzako edukietan ere euskarazko kontsumoa zein apala den ere erakusten zuten datuek. Erdarazko marrazki bizidunen Clan kateak bikoiztu egiten du euskarazkoen ETB 3 ikusten dutenen ehunekoa, kasurako.

Euskararen kaleko erabilerari buruz Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketari ere erreparatu dio Pantailak Euskaraz taldeak. Zortzi lagunetik batek egiten du euskaraz kalean, horren arabera: 2016an bezainbeste, baina 2006an baina 1,1 puntu gutxiago. Gainera, beherakada nabarmena izan da arnasgune deiturikoetan, gune soziolinguistiko euskaldunenetan. Joera horrek «iraultza digitalak ekarritako baliabide eta kontsumo ohitura berriekin lotura zuzena» duela uste du Pantailak Euskaraz taldeak.

Bestalde, Twitter sare sozialean jasandako zibererasoaz ere mintzatu da Pantailak Euskaraz. Urriaren 11n egin zioten, eta, horren ondorioz, «hainbat mezu eta bideo arraro» agertu ziren taldearen kontuan. Handik egun batzuetara, berriz, Twitterrek bertan behera utzi zion kontua; zehaztu duenez, «antza, arau hauste batengatik». Taldeak jakinarazi du hainbat ohar igorri dizkiola Twitterri erasoaren berri emanez eta kontua berreskuratzeko eskatuz, baina erabakia «behin betikoa» dela erantzun diotela.

Horren harira, sinadura bilketa bat abiatu du taldeak, «hizkuntza eskubideak eta adierazpen askatasuna errespetatzeko eskatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.