Soilik EAJk eta PSEk babestu dituzte Jaurlaritzaren 2023ko aurrekontuak

Oposizioak gogor kritikatu ditu kontuen edukiak eta gobernuaren «negoziatzeko borondaterik eza». Gobernuko alderdiek, berriz, beste alderdien bizkar utzi dute negoziazioen porrotaren erantzukizuna

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria bere eserlekuan, gobernuko beste sailburu batzuen alboan. BERRIA.
xabier martin
2022ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Aurrekontuen negoziazio saio ustelak idatzitako gidoiari jarraitu dio Eusko Jaurlaritzako 2023ko kontuak onartzeko osoko bilkurak, Eusko Legebiltzarrean. Soilik EAJk eta PSE-EEk babestu dituzte Pedro Azpiazuk aurkeztutako zenbakiak, eta haien gehiengo absolutua nahikoa izan da aurrekontuak onartzeko. 14.250 milioi euroko aurrekontuak oposizioaren zenbait zuzenketa jaso ditu, ia 40 milioi euro. Elkarrekin Podemos-IUren zuzenketei dagozkie 20,3 milioi; PP+C's-en zuzenketei 17,06 milioi; eta EH Bilduk aurkeztutako bi zuzenketa partziali 1,5 milioi baino ez.

EAJk eta PSEk onartutako zuzenketek, Alaitz Zabala jeltzalearen arabera, «gutxiengoan den oposizioaren arduragabekeria» islatzen dute. EH Bilduri eta EP-IUri «oposizio suntsitzailea» egitea aurpegiratu die. Elkarrekin Podemos-IUri garbi esan dio bere eredua ez dela Jaurlaritzarena «ezta euskal gizartearen gehiengoarena ere». Osasunean eta hezkuntzan jaso diren «hobekuntzak» kontuan hartu gabe, ezezkora jo du oposizioak, Zabalaren ustez, «erraz eta eroso» ei daudelako oposizioan: «Guk Euskadiren aldeko lanean jarraituko dugu». Adibidetzat jarri du zuzenketa batzuk onartu izana, «herritarren alde ari baita Jaurlaritza».

EH Bilduri, berriz, aurpegiratu dio koherente ez izatea haren diagnostikoa eta aurkeztu dituen zuzenketak alderatzen direnean. «Dena hankaz gora dagoela esaten duzue, Osakidetza sutan dela, aro aldaketa batean gaudela... eta zuzenketetan oso urria izan da zuen ekarpena». Koalizio abertzalearen aurkako hitz gogorrak izan ditu Zabalak: «Ez zarete zintzo jokatzen ari gizartearekin. Zarata eta politika suntsitzailean ari zarete».

Lujanbio eta Hertzainak

Zabalaren aurretik, PSEko legebiltzarkide Sonia Perez aritu da aurrekontuen «bertuteak» azaltzen, baina hitzaldi lasaiago batean, eta oposizioaren «hutsegiteak» modu apalagoan helarazita. EAJko Zabalak beste estilo bati heldu dio, eta azken egunotako gertakari kultural batzuk baliatu ditu oposizioa zigortzeko. Maialen Lujanbio Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazlearen bertso bati erreparatu dio koalizioaren jarrerari lotuta: «Komunean eraikitakoa komuneko zulotik behera bota duzue». Erantsi du «esperantzara kondenatuak» daudela, «Hertzainak-ek BECen kantatu duen moduan». «Gu prest gaude horretarako; zuek?», galdetu du.

Koalizio abertzaleko legebiltzarkide Leire Pinedok azaldu du aurrekontuak «betiko dinamikan» emandako erantzun bat direla, ez dutela aintzat hartzen «aro aldaketa sakona, energia ereduaren aldaketarekin adibidez», eta EAJk «alergia» diela «aldaketa estrukturalei». Pinedorentzat, «ukaezina da zerbitzu publikoen degradazioa», eta osasuna jarri du horren adibide gisa. «221 milioi euro gutxiagoko gastua jaso dute osasunerako 2023ko aurrekontuek aurrekoen aldean. Osakidetza itsaso bare-bare bat denez, neurri egokia dela pentsatuko duzue agian», esan die EAJko eta PSE-EEko legebiltzarkideei, ironiaz.

Osasunaren arloaz hizketan segitu du, «lehen arretan etengabeak direlako murrizketak, itxarote zerrendak gero eta luzeagoak, eta Donostiako ESIa sutan dagoelako». Gutxiago gastatuta horrelako egoera bati erantzungo ote zaion galdetu du Pinedok, azpimarratuta berriro ere 221 milioi euroko galera dagoela 2022ko aurrekontuekin alderatuz gero. Koalizioko ordezkariak nabarmendu du 2009an gastu handiagoa egiten zuela Jaurlaritzak osasunean BPGaren portzentajea aintzat hartuz gero.

Zerga politikaren edukia izan da gobernuko alderdien eta oposizioen arteko negoziazioek porrot egin izanaren beste arrazoietako bat, EH Bilduren eta EP-IUren arabera. «Aitzakiatan zabiltzate eztabaida ordenatu eta zabal bat ez egiteko», esan die Pinedok Jaurlaritza osatzen duten alderdiei: «Zuen artean baizik ez duzue egin nahi azterketa hori».

Bukatu aurretik, argi utzi du zuzenketa partzial batzuk onartzeak ez duela «makillatuko» 2023ko aurrekontuen argazkia, eta argazki horretan argi islatzen dela «gobernuaren ausardia falta benetan negoziatzeko». Jazo dena argi azaltzea euskal gizartearekin «zintzo» jokatzea dela uste du.

'Progrewhasing' teknika

Miren Gorrotxategi EP-IUko bozeramaileak «pribatizazioa» sustatzen duten aurrekontuei buruz hitz egin du, eta Eusko Jaurlaritza «progrewashing teknikan» ari dela esplikatu du, hau da, «herritarren aurrean progresista gisa azaltzen, baina politika neoliberala egiten». EAJri aurpegiratu dio aditzera ematen duela aurrekontuak onartzea «arduratsua izatea dela», eta haiek ez babestea «suntsitzailea». Legebiltzarrean eredu bat baino gehiago dagoela gogorarazi dio EAJko ordezkari Zabalari, eta errealitate hori onartzea «gehiegi kostatzen» zaiela jeltzaleei.

EP-IUk aurrekontuen aurka bozkatu du, kohesioa «berdintasun sozialean» neurtzen duelako, eta onartutako kontuak ez doazelako bide horretan, Gorrotxategiren arabera, kontuan harturik zerbitzu sozialetan eta «hezkuntzan bereziki jasotako itunpeko akordioak». Eta garbi utzi du «bidezkoa ez den fiskalitate bat indarrean dagoen bitartean» zerga politika salatzen jarraituko duela koalizioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.