Albistea entzun

Pasaiako sarraskian hildakoen senideek auzia gizarteratu nahi dute

Harreman dinamika bat abiatuko dute martxoaren 28ra bitarte, instituzioek eta eragileek ere auzian eragin dezaten. Epaileak zazpi polizia deitu ditu martxoaren 28an identifikazio saio bat egiteko
Senideek, Azpeitiko alkateak eta abokatuek egindako agerraldia, atzo, Azpeitiko udaletxean (Gipuzkoa).
Senideek, Azpeitiko alkateak eta abokatuek egindako agerraldia, atzo, Azpeitiko udaletxean (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2023ko otsailak 8 - Azpeitia

«Berandu da, baina guretzat ez da beranduegi izango Pasaiako badian gertatu zena behar den bezala ikertu eta argitzen bada», adierazi du Pello Aizpuruk, Espainiako Poliziak 1984an hildako KAA Komando Autonomo Antikapitalistetako senideen izenean. Egia, justizia eta errekonozimendua eskatu dituzte senideek, eta azaldu dute gaia gizarteratzeko «harreman dinamika bat» abiatu dutela. Martxoaren 28ra bitarte alderdi, sindikatu, gizarte eragile eta instituzioetako ordezkariekin harremanak sustatzea dute helburu, ordurako deitu baitu Donostiako Instrukzioko 2. Epaitegiak Joseba Merino, lau militanteen ustezko hiltzaileetako batzuk identifika ditzakeen ikusteko.

Azpeitiko (Gipuzkoa) udaletxean egindako agerraldian, Aizpuruk adierazi du familiek eta abokatuek egindako lanari esker ireki ahal izan dela berriz ere auzia, epaitegien urteetako borondaterik ezaren ostean. Urte askoan auziak izandako irregulartasunak eta poliziek prozesuan izandako «inpunitatea» kritikatu ditu, eta adierazi du jarraituko dutela «egia jakiteko behar den bezalako ikerketa bat egin dezatela eskatzen». Hura da, Aizpururen esanetan, justizia eta erreparazioa eskuratzeko lehen urratsa.

Aizpururen hitzetan, auzia ixtea «ez sinestekoa» izan zen senideentzat. Hura 2018an itxi zuten, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak senideen eta herri akusazioaren helegitea atzera bota ostean. Irregulartasunak, ordea, ugari izan dira bidean. Aizpuruk gogoratu du gorpuak epailearen baimenik gabe mugitu zirela aztarnarik ez aurkitzeko, epaileak ez zuela balistikako probarik eta identifikaziorik agindu, eta Poliziak ez zituela plazaratu epaileak eskatutako argazki txostenak. «Zabarkeria eta kontraesan» horietaz gain, gertatutakoaren testigu zuzenak ere bazeuden; horietako bat, Merino bera.

Senideen abokatu Santi Gonzalezek ere epaitegiek izaniko «borondate eskasa» salatu du, eta kritikatu ohikoak izan direla «estatuak estatua ikertzen duenean dauden arazoak». Halere, egoerak beste bide bat hartu zuen duela urte eta erdi inguru. Merinok, segadatik bizirik atera zen KAAko militante bakarrak, ustez ekintza hartan parte hartu zuten zenbait polizia identifikatu zituen TVEren bideo batean. Afera epaileari jakinarazi zion abokatuak, eta hark berriz ireki zuen ikerketa.

Identifikatutako poliziak lekuko gisa deklaratzera deitzea erabaki zuen epaileak, baina senideen abokatuak helegitea jarri zuen Gipuzkoako Auzitegian, haiek ikertu gisa deklaratu zezaten. Auzitegiaren onespena izan zuen helegiteak, baina epaileak baldintza gisa jarri zuen lehenik haiek identifikatzea.

Hala, zazpi polizia deitu ditu identifikazio saio batera, Rosa Jimenok eta Merinok identifikatu ditzaketen zehazteko. Polizia horiek Gipuzkoako gobernadore militar Rafael Garridoren hilketa ikertu zuten taldeko kideak dira; ETAk hil zuen Garrido, 1986an.

Epaileak eginiko urratsak auzia «behar den moduan» ikertzeko borondatea erakusten du, Gonzalezen esanetan. Halere, jakitun da identifikazioa ez dela erraza izango, 39 urte igaro baitira: «Ez dakigu zer emango duen».

Era berean,Gonzalezek azaldu du «trabak» daudela prozesuan, eta Estatuaren Abokatutza saiatu dela identifikazio saioa oztopatzen, argudiatuta lehenik Gipuzkoako komisariak baieztatu beharko lukeela polizia horiek 1984ko martxoan Gipuzkoan zeudela. Gainera, auziaren espedientea «zulatuta» dago, horretarako «borondate politiko bat egon delako». Izan ere, gogoratu du Rafael Delas eta Dionisio Aizpuru fusilatu egin zituztela, poliziek zuten inpunitatearen jakitun zirelako: «Bazekiten ez zela ikertuko».

Nortzuk ziren?

Aiert Larrarte Azpeitiko Udalaren abokatuak —herri akusazioa da— azaldu du epaileak bi bide jorratu behar dituela ikerketaren fase honetan. Batetik, delitu bat egin ote den zehaztea, jada baieztatuta dagoena. Bestetik, delitua egileei egoztea. Hori da «zailtasun» nagusia. Horretarako, epaile eta abokatuez gain, beste instituzio batzuek ere urratsak egin ditzaketela azaldu du: «Zenbat polizia zeuden egun horretan? Ehun, 150, 200? Herri honetan inork ez daki bat bera ere nor zen?».

Horregatik, senideek egin bezala, abokatuek ere gaia gizarteratzeko premia azaldu dute, herritar, eragile eta instituzioek auzian eragiteko. «Ez dakigu noraino iritsiko den epaitegietan, baina badakigu aprobetxatu behar dela aukera kanpoan ere», azaldu du Gonzalezek. Eta Larrartek gehitu: «Euskal Herrian egongo dira instantzia batzuk zeintzuk izan ziren badakitenak».

Azpeitiko alkate Nagore Alkortaren hitzetan, xedea egia jakiteko ikerketa abiatzea da, ondoren senideek justizia eta erreparazioa ere izan ditzaten. «Mekanismo guztiak abiatu behar ditugu».

Poliziak Rosa Jimeno atxilotu zuen 1984ko martxoaren 18an, eta, torturen ostean, KAAko kideekin hitzordu bat ezartzera behartu zuten, Pasai Donibaneko portuan (Gipuzkoa). Martxoaren 22an ehundik gora poliziak parte hartu zuten haiei egindako segadan. Aizpuru, Delas, Pedro Mari Isart eta Jose Mari Izura hil zituzten. Denera, 113 bala zulo antzeman zizkieten lau gorpuei.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ane Miren Barrenetxea, Irantzu Benito, Irati Marco, Itziar Arrizabalaga eta Patxi Uranga. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

DISTANTZIAK ZAILDUTAKO BIZITZAK

Iñaki Petxarroman Olatz Artola Lara Madinabeitia Nagore Arin

Batera edo bestera, denei eragin die euskal preso politikoen aurka 1980ko hamarkadaren amaieran Espainiako Gobernuak martxan jarritako sakabanaketa politikak. Iraganeko zauriez eta etorkizuneko esperantzaz mintzatu dira, urruntze politika amaitutzat eman berri den honetan.
Mendi martxan parte hartu zuten kideak, atzo, Villabona-Amasan egindako kalejiran. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Pozak blaitutako aldarria

Iosu Alberdi

Sare Herritarrak antolatuta, Etxera Eguna ospatu dute Villabona-Amasan. Aldarrikapenei sakabanaketaren amaierak eragindako «poza» batu zaie ekitaldian.
Iñigo Urkullu lehendakaria Joseba Azkarraga Sareko ordezkariarekin, bilera batean. ©JUANAN RUIZ / FOKU

Jaurlaritza: «Sakabanaketaren amaiera kapitulu baten itxiera da»

Javi West Larrañaga

Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramailearen esanetan, «behar-beharrezkoa» zen sakabanaketa amaitzea elkarbizitzarako
Gradu erregresioen aurkako mobilizazio bat, urtarrilean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Kontsentsuak traben kontra

Iosu Alberdi

Espainian kartzelatuta zeuden euskal presoen Euskal Herriratze prozesua amaituta, haiengan eragina duten gainerako salbuespen politikak eteteko lanean jarraitu nahi du Sare Herritarrak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.