Albistea entzun

M-3ko oroimen zentrorako biktimen «parte hartze eraginkorra» eskatu dute

1976. urteko martxoaren 3an Gasteizen Poliziaren oldarraldi batean hil zituzten langileen memoria «herriak kontatu eta bermatu» behar duela aldarrikatu dute
Atzo arratsaldean Gasteizen urteurrenaren harira egindako mobilizazioa.
Atzo arratsaldean Gasteizen urteurrenaren harira egindako mobilizazioa. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iraia Vieira Gil -

2023ko martxoak 4 - Gasteiz

Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenerako Zentroaren gaineko adierazpen eta iritziek ardaztu dute aurtengo oroimen eguna. 1976an, oldarraldi batean, Poliziak hil egin zituen Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo, Pedro Mari Martinez Ocio eta Bienvenido Pereda langileak, beste hainbat langilerekin batera haien eskubideen alde egiteko batzartuta zeudenean, Gasteizko San Frantzisko elizan. Ordutik, ahaztu ezinezkoa da egun hori. Biktimak omentzeko eta gertatu zenaren memoria aldarrikatzeko ekitaldiak eta manifestazioak egin zituzten atzo ere. Jendetsua izan zen atzo Martxoak 3 elkarteak eta ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek deitutako protesta, eta ozen goratutako mezuen artean, hara: duela 47 urte gertatu zena «herriak mantendu, kontatu eta bermatu» behar du, biktimak kontuan hartuta. «Biktimen zentroa ez da bideragarria biktimen parte hartze eraginkorrik gabe».

Langile borroka izan zuten gogoan. «Martxoaren 3a iraganeko langile borrokaren oroigarri da, eta gaur egungo langile borrokaren eredu», adierazi zuten manifestazioan. Zaramaga auzoan biktimak gogoratzeko jarritako monolitoaren parean esan zituzten hitzok, eta nabarmendu zuten aintzat hartuak izan behar dutela. «Isilarazi, kriminalizatu eta zigortu nahi izan dute gure aldarria, baina orain badirudi gauzak aldatzen hasi direla». Bi pertsona atxilotu zituzten martxan.

Motela eta gorabeheratsua izan da oroimen zentroa eratzeko prozesua. Instituzioei dagokienez, oraingoz zentroa eratzeko fundazioari baietza eman diote Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak. Martxoak 3k atzo egotzi zien egitasmora berandu heldu izana. Martxoaren 3ko mugimendua «argazki zahar bat» baino gehiago ere badela gogorarazi zien. «Gasteizko herriak bultzatutako hainbat borrokak margotu duten mugimendu bizia da».

Politikarien adierazpenak

Izan ziren adierazpen gehiago ere urtemugaren harira. Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, berriz, «harro» agertu zen lortutako akordioarekin. «Urrats erabakigarria da gasteiztar guztiek sentitu duten eta gure memoria kolektiboan grabatuta dagoen asmo bati erantzuteko». Oroimen zentroaren fundazioaren sorrera ere goraipatu zuen, eta publikoa izango dela gogorarazi zuen. Fundazioa eratzen denetik aurrera, patronatu batek zuzenduko du Biktimen Oroimenezko Zentroaren sorrera. Melgosak azaldu zuenez, Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikoko Estatu Idazkaritzak ere helarazi die patronatuan parte hartzeko interesa.

Talde politiko hainbatetako ordezkariek ere hartu zuten hitza atzo. Justizia aldarrikatu zuen Rocio Bitero EH Bilduren Gasteizko alkategaiak. «Odolez bete ziren kaleak hartu ditugu, ozen eskatzeko egia, justizia eta erreparazioa», adierazi zuen. Martxoak 3 elkartearekin bat egin zuen, eta adierazi zuen biktimen zentroak «dinamikoa» izan beharko lukeela. «Greba mugimenduak azaldu beharko lituzke, memoria bizirik mantentzeko. Eta biktimek horretan parte hartu beharko lukete». Jose Antonio Suso Araba Buru Batzarreko EAJren presidenteak, berriz, aurrerapauso garrantzitsutzat hartu zuen zentroaren sorrera, «aski zaila izan den arren». Memoriaren alde egitea oso beharrezkoa dela esan zuen, eta «haien eskubide legitimoak defendatzen hil zirenen memoria» ez ahanztera deitu zuen.

Langileen eskubideak

UGT eta CCOO sindikatuek garai hartan aldarrikatutako eskubideak nabarmendu zituen PSE-EEk. Cristina Gonzalez Arabako PSE-EEko buruak hartu zuen hitza: «Martxoaren 3ko biktimak omentzeko modurik onena langileen eskubideen alde egiten jarraitzea da».

ELA eta LAB sindikatuek ere gogoan izan zuten langileen memoria. Eta egun ere langile mugimenduaren aldarriak gogora ekarri behar direla adierazi zuten. «Langile klaseak urtero jasaten ditu erasoak», salatu zuten ELAko kideek. «Ezin diogu kale horiek okupatzeari utzi».

Sektore feminizatuen inguruan ardaztu zituen LAB sindikatuak mezu nagusiak. «Zaintza lanen aitortza eta sektore horretako behar bezalako diru laguntzak nahi ditugu». Zaintza sistemak doakoa, komunitarioa, unibertsala eta kalitatezkoa behar duela aldarrikatu zuen Garbiñe Aranburu sindikatuko idazkari nagusiak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Geroa Baiko Uxue Barkos, PSNko lehendakarigaia, Maria Txibite, entzuten. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Parlamentuko lehendakaria Geroa Baikoa izango da

Joxerra Senar

Barkosen arabera, sozialistek ontzat jo dute mahaiko kide bat EH Bildukoa izatea. Txibitek goraipatu du PSNk «eskuzabal» jokatu duela
Juan Karlos Izagirre eta Maddalen Iriarte, EH Bilduko Donostiako alkategaia eta Gipuzkoako ahaldungai nagusia, Arnaldo Otegirekin, hauteskundeen emaitzak ezagutu berritan. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Hegemonia aztertzen

Xabier Martin

Maiatzaren 28ko bozek areagotu egin dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan handitzen ari den alderdi abertzaleen nagusitasuna. Gizartea aldatzen ari da, edo alderdiak, edo biak. Bozen emaitzek badute lotura aldaketa soziologikoekin, baina haiek ez dute dena azaltzen.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, gaur, Busturian egindako prentsaurrekoan. ©IREKIA

Erkorekak gaitzetsi egin ditu Ertzainak Borrokan-en «jarrera anker eta desegokiak»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak plataforma «asindikalari» leporatu dio Ertzaintzako sindikatuak negoziazio mahaitik altxatzera «behartu»« izana. Plataformak negoziazioetan parte hartu nahi du.

Lau urtez gobernatu du EAJk Guardian. ©Juanan Ruiz / Foku

Atzera ere EAJk gobernatuko du Guardian

Jon O. Urain

Raul Garcia alkategai jeltzaleak ziurtatu du hautagaitza aurkeztuko duela, eta EH Bilduk babestu egingo du. PPk irabazi zuen herri horretan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...