«Egonkortzeko inoizko LEP jendetsuena» iragarri du Osakidetzak: 7.639 lanpostu

Aurreko proben behin-behineko emaitzak baizik ez dira iritsiko hurrengo LEParen aurretik. Profesional asko berriro ikasten ari dira, tokia lortu duten jakin ezinik

Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburua, atzo, LEParen berri emateko agerraldian. IREKIA.
xabier martin
2023ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoaren «historiako enplegu prozesurik jendetsuena» iragarri zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik. Aurtengo uztailetik azarora, 7.639 lanpostu aterako ditu gobernuak «enplegua egonkortzeko eta finkatzeko Osakidetzan». Sagarduik ziurtatu du lau urtean 11.000 lanpostu aterako dituela Osasun Sailak azkenerako, «pandemia gorabehera»; zehaztu du kopuru hori «Osakidetzako langileen heren bat» dela.

Barakaldoko BECen eta Gasteizko EHUn egingo dituzte 2020, 2021 eta 2022ko LEPak eta 2021eko egonkortzeko probak, eta, horietan, 109.029 lagunek eman dute izena. Erizaintzan eskaini dute lanpostu gehien: 2.228; erizain laguntzaileentzat 1.231 dira tokiak; administrazioan, 727; zeladoreentzat, 331; eta zerbitzuetan, 497. Osagileei dagokienez, familia medikuentzat 314 lanpostu aterako dituzte; larrialdietan, 151 toki; eta anestesia eta bizkortze atalean, 135.

Aurtengo uztailetik azarorako prozesu horretan eskainiko dituzten 7.639 lanpostu horietatik 6.082 lehiaketa oposizio bidez esleituko dituzte, hau da, hautaketa probak eginez; eta gainerakoak (1.557), merezimenduen balorazioaren bidez. ELA sindikatuak ohar bidez kritika egin du, eskainitako leku kopurua «erabat eskasa» dela iritzita. Gainera, haien hitzetan, ez diote erremediorik jarriko langileen behin-behinekotasunari: «Errealitatea bakarra da: LEPa amaituta, behin-behinekotasuna %50etik gorakoa izango da». Kopuru bat eman dute: esan dutenez, 24.600 langile ari dira behin-behinean lanean.

Sagarduik adierazi du saiatuko direla 2018ko eta 2019ko LEPen emaitzak hurrengo azterketen aurretik jakinarazten. Izan ere, profesionalen eta sindikatuen artean kezka eta ezinegona daude iraganeko proba horien emaitzak direla eta. Haiek jakin ezinik, hurrengo probetan izena eman behar izan dute askok, badaezpada. Sailburuak helarazi du «lanean» ari direla 2018ko eta 2019ko LEPen emaitzak jakinarazteko garaiz, baina ez dela «lan erraza».

Atzerapenaren kaltea, ordea, egina dago profesional askorentzat, ELAko ordezkari Esther Saavedrak BERRIAri esplikatu dionez: «Askok eman dute izena jadanik proba berrietan, eta ordaindu dituzte tasak; hasi dira ikasten ere, noski». ELAko kideak dio espezialitate batzuetarako azterketak uztailean izango direla. «Bi hilabete lehenago eman dute abisua. Familia medikuena, adibidez, badator, eta profesionalek oporrak hartuak dituzte jada. Badakigu lehen arreta nola dagoen. Nondik aterako dute denbora ikasteko?».

Behin-behineko emaitzak

Osasun sailburuak azaldu du aurtengo probak planifikatzeko, «espezialitate bateko azterketak egin baino lehen gutxienez aurreko proben emaitzen behin-behineko zerrenda» jakinarazi behar dela, 2018-2019ko probei erreparatuz.

Haatik, ELAko kide Saavedrak gogorarazi du behin-behineko emaitza jakinda ere hurrengo azterketetan parte hartu beharko dutela askok. «Behin betikoak jakin arte, ez da segurua lanpostua atera dela, ez bada gertatzen zerrendan oso aurrean egotea».

Guztira, 116.793 hautagai izan ziren 2018ko eta 2019ko LEP haietan, eta Osasun sailburuak «eskerrak» eman dizkie «azterketak zuzentzeko, merezimenduak baloratzeko, baliabidez hornitzeko eta zerrendak egiteko prozesu neketsuan» parte hartu dutenei, egindako «lan eskergatik». Eta jakinarazi du egoerak giza baliabideetako taldea «indartzera» behartu duela Osakidetza.

Bestalde, Osakidetzan grebara deitu dute sindikatuek, maiatzaren 18rako eta 19rako, eta Sagarduik hauteskunde kanpainarekin lotu du lanuzte hori. Grebara deitzea eta egitea «eskubide bat» dela esan du, eta «ez egitea» ere hala dela. «Udal eta foru hauteskunde kanpainaren barruan» ulertu behar da sindikatuen greba deialdia, Sagarduirentzat. Osakidetzako langile guztiak daude deituta grebara. SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dute mahai sektoriala «erabat blokeatuta» dagoela, eta langileek «tratu txar sistemikoa» pairatzen dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.