Ofizialtasuna aldarri Bruselan

«ELENek pozik hartu du euskara, katalana eta galiziera Europako Batasuneko eskubide osoko hizkuntza ofizial gisa hartzeko Espainiak egindako proposamena». Agerraldia egin zuten atzo arratsaldean Europako lurralde hizkuntzak sustatzeko nazioarteko erakunde ELENeko hainbat ordezkarik euskararen, galizieraren eta katalanaren ofizialtasuna zabaltzeko Espainiako Gobernuak sustatu duen proposamenari oniritzia emateko. Bruselan egin zuten agerraldia, Europako Parlamentuan bertan. Tartean, Euskalgintzaren Kontseiluak parte hartu zuen agerraldian; Idurre Eskisabel idazkari nagusiak eta Manex Mantxola koordinatzaileak hartu zuten hitza. Plataforma per la Llengua, Omnium Cultural, A Mesa pola Normalizacion Linguistica, Obra Cultural Balear eta Accio Cultural Pais Valencia elkarteek eta Kontseiluak batera egin nahi izan zuten gaiari buruzko analisia. Gaur dira Europako Kontseiluan gaia lantzekoak, eta proposamena «babesteko» eskea egin zuten. Europako Batasuneko Atzerri ministro guztiek aho batez hartu beharreko erabakia da, hala ere, eta ez dago argi zer gertatuko den gaurko bileran.
Agerraldiaren mezuarekin bat egitera joan ziren Europako Parlamentuko hainbat ordezkari; EH Bilduko parlamentari Pernando Barrena eta EAJko Izaskun Bilbao agertu ziren, besteak beste.
Plazara atera duten ohar bateratuan, hizkuntza gutxituetako ordezkariek nabarmendu egin dituzte ofizialtasunak ekar ditzakeen onurak. «Hizkuntza ofizial gisa hartzeak onura praktiko ugari dakartza, baita estatus ofizialak ematen duen prestigioa ere. Era berean, Europako Batasunari aukera emango lioke hizkuntza aniztasuna babesteko eta herritarrei beren hizkuntza EBko erakundeekin erabiltzeko aukera emateko», azaldu dute. «Hizkuntza horiek barne hartuz gero, eragina oso positiboa izango da, eta urrats handia gure hizkuntzen onarpenerako eta normalizaziorako bidean, Europako estatus ofiziala funtsezkoa baita hiztunen hizkuntza eskubideak babesteko». Aurrez martxan diren hainbat lan ildo indartzeko bidea izan daitekeela uste dute. «Era guztietako bostehun lege xedapen baino gehiago daude EBko hizkuntza ofizialen presentzia eta erabilera eskatzen dutenak, bereziki kontsumitzaileei eragiten dienean. Eta hori oso garrantzitsua da, zuzeneko eta zeharkako eragina baitu pertsonen eguneroko bizitzan», azaldu dute.
«Abiaburua» izan daiteke
Eskisabelek Kontseiluaren izenean onartu zuen ezen, Europako Batasunaren ofizialtasuna lortzen bada, aintzat hartzeko «urratsa» izango dela hori. Uste du «eguneroko bizitzan» ekar ditzakeela onurak euskaldunentzat. Pentsatzen du etiketatzearen gisako eremuetan, esaterako, hobeto egin ahal izango dela aurrera, eta ikus-entzunekoen arloan ere aurrera pausoak ematen lagun dezakeela: «Abiaburu bat da».
Euskararen ofizialtasunak gaur egun Euskal Herrian duen egoera «prekarioa» erakusteko ere balio dezake erabakiak, Eskisabelen ustez. Euskarak eremu askotan ofizialtasunik ez duela gogoratu du, eta Europako Batasunean ofiziala bada «gordinago» agertuko dela horrek dakarren «paradoxa». Baionako euskaldun bat jarri zuen adibide, edo Tuterako bat. Europako Batasunarekin euskaraz harremanetan jartzeko era izango dute, baina bere herriko udal administrazioarekin, esaterako, ez. Horiek horrela, Euskal Herri osoan euskara ofizial egiteko pausoak emate aldera, Europako Batasunaren baietza «berme» bat izan daitekeen ustea dute Kontseiluan.
Gainerako hizkuntza gutxituetako ordezkariek ere nabarmendu egin zuten erabakiak izan dezakeen garrantzia. Besteak beste, hizkuntza minorizatuen «prestigioa» handitu dezakeela adierazi zuten. Era berean, gogoratu zuten hizkuntza eskubideak «giza eskubideak» direla. Denek batera atera duten oharrean, nabarmendu dute urrats hau eginda ere badela oraindik zer jorratua. Ofizialtasuna onartzen bada, aurrera egingo da estatu kideen «izaera eleaniztuna» onartzeko bidean, baina horrekin ez da amaituko «hizkuntzen gutxiagotzea».
Euskararen, katalanaren eta galizieraren aldeko erakundeek ez ezik, mezuarekin bat egin du ELENeko idazkari nagusi Davyth Hicksek ere. ELENek 175 erakunde kide ditu, 25 estatutan 50 hizkuntza ordezkatzen dituztenak, hain justu ere. Hizkuntza horietan mintzo diren hiztunen eskubideak defendatzea dute helburu.
Hala ere, ez da erraza izango EBko 27 herrialdeetako Atzerri ministroak erabakiaren inguruan bat etortzea. Hainbat errezelo agerian utzi dituzte egunotan. Frantziak har dezakeen jarreraren gaineko kezka ez da berria. Suediak eta Finlandiak dudak azaldu dituzte erabakiak lan administratiboa zamatu dezakeelako, eta kostu ekonomikoa ere handitu egin daitekeelako. Hala ere, Espainiako Gobernuak aurrea hartu nahi izan die egunotan zalantza horiei, eta prest agertu da kostu horiek bere gain hartzeko.
Motiboak ditu proposamena hain irmo defendatzeko: Espainiako Gobernuak abuztuaren 16an erregistratu zuen eskea, Junts per Catalunyak hala eskatuta; Carles Puigdemonten alderdiak jarritako baldintzetako bat izan zen, PSOEko Francina Armengol Espainiako Kongresuko presidente hautatzearen truke. Oraindik martxan dira gobernua eratzeko negoziazioak, eta, egoera horretan, badu garrantzia gaurko bilerak. Izango du oihartzuna jazotzen denak. Hainbat iturrik adierazi dutenez, atzeratu egingo dute gaur gaiaren gainean deus erabakitzea.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.