Akordiorik lortu ez, eta akusazio guztiak ukatu ditu De Miguelek

EAJko kide ohiak esan du ez duela komisiorik jaso eta frogak «manipulatuta» daudela. Fiskala ados jarri da akusatuen kopuru «esanguratsu» batekin, eta frogatutzat du «gaizkile sare bat» osatu zutela

jon olano
2018ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Akusazio oro ukatu du. Alfredo de Miguel EAJko Araba Buru Batzarreko kide ohi, Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioko diputatu ohi eta De Miguel auziko akusatu nagusiak ez du akordiorik lortu fiskalarekin; soilik hura babesten duen abokatuen galderei erantzun die, eta ukatu egin du kontratu publikoak adjudikatzeagatik komisioak eskatu edo onartu izana. Hilabeteko etenaren ostean, atzo ekin zioten epaiketari, eta deklaratzen lehena izan zen De Miguel. Epailearen aurrean ukatu zuen leporatzen zaizkion delituak egin izana.

Saioa hasi aurretik jakin zen fiskalak akordioa lortu duela akusatu kopuru «esanguratsu» batekin, baina ez auzipetu nagusiekin. 26 ikertuak irailaren 17an ziren deklaratzen hastekoak, baina, «akordio aukerak» aztertzeko, ahozko epaiketa eteteko eskatu zuten fiskalak eta defentsako abokatuek; epaileak hamabost egun eman zizkien aurrena, eta beste bi astez luzatu gero. Prozedura Kriminalaren Espainiako Legearen arabera, hilabete da epaiketa bat eteteko gehienezko epea, eta epea iraungita ekin zieten deklarazioei.

Hilabetea igarota, ordea, fiskala eta zigor eskaririk handienak dituzten auzipetuen abokatuak ados jarri gabe heldu ziren atzoko saiora. Asmoa zen akusatuek zenbait delitu aitortzea, fiskalak zigor apalagoak eskatzearen truke. Josu Izagirre Arabako fiskalburuak Arabako Probintzia Auzitegiko atarian eman zuen akordio partzialaren berri, xehatu gabe nortzuekin eta zenbatekin egin duen ituna. Azaldu zuenez, «tamalez» ez dira ados jarri akusatu «gehienekin», baina bai parte «esanguratsu» batekin. Edozein gisaz, Izagirrek uste du lortutako akordioekin «frogatutzat» geratuko dela «gaizkile sare antolatu bat» osatu zutela eta sare horren helburua zela legez kanpoko komisioak jasotzea.

Deklarazioen zerrendan aurrenekoa ustelkeria sarearen ustezko burua zen: De Miguel. Haren abokatua saiatu zen fiskalak esan zezan norekin egin dituen hitzarmenak, eta deklarazioen zerrenda aldatzen saiatu zen. Jaime Tapia epaimahaiburuak, ordea, ez zuen aintzat hartu eskaera.

Deklaratzen hasita, De Miguelek salatu zuen «manipulatuta» dagoela Ainhoa Alberdi enpresariari komisioa eskatu ziola frogatzen duen audioa, ez dela «osoa eta egiazkoa», eta ez duela bere burua identifikatzen Alberdik 2009an Ertzaintzaren esku utzitako grabazioetan Alberdiren salaketak abiatu zuen auzia-. Gainera, Gonzalo Susaetak, De Miguelen abokatuak, erantsi zuen «desberdintasunak» daudela Alberdik entregatutako grabagailuan jasota dagoen jatorrizko grabazioaren eta Ertzaintzak DVD batean aurkeztutako kopiaren artean. Mamiari dagokionez, berriz, diru beltza jaso izana ukatu zuen; ez zuen inoiz komisiorik eskatu eta ez zizkioten eskaini, esan zuenez.

Eskeak, «konfiantzan»

Hain justu, Alberdiren Urbanorma Consulting enpresari eman zioten Miñaoko Parke Teknologikoa zabaltzeko obra batzuk egiteko kontratua, baina De Miguelek ukatu du berak «negoziazioan» nahiz «kontratazioan» parte hartu izana. Alberdiri dirua eskatu izanaz, ordea, adierazi zuen «ordaintzeke zegoen zor» bat zela; zehazki, Alberdiren bazkide ohi batena zen Loizate enpresak utzitako zor bat. Edozein kasutan, Alberdirekin izandako elkarrizketa guztiak haren enpresari adjudikatutako kontratuei buruzkoak izan ziren, «konfiantzan» hitz egindakoak, ez «estortsioak edo gauza arraroak» egiteko, De Miguelen esanetan.

Fiskalak 439 urteko espetxe zigorra eta 16,5 milioi euroko isuna eskatuak ditu 26 akusatuentzat. De Miguelentzat ia 55 urteko zigorra eskatu du, eta Aitor Telleria eta Koldo Otxandianorentzat, 32koa. Biak Araba Buru Batzarreko kideak ziren. Fiskalak hirurei egozten die delitu sare bat osatzea; besteak beste, eroskeria, influentzia trafikoa eta diru zuritzea leporatzen die.

Kataia Consulting da ikertzen ari diren enpresetako bat; ustez, De Miguelek iruzur egiteko sortutako 25 sozietateetako bat da. Akusatuak atzo nabarmendu zuen inoiz ez zutela enpresaren kontabilitatea moldatu «legez kanpoko» jatorria zuen dirua estaltzeko. Sozietate horren jabe dira Ainhoa Bilbao, Araceli Bajo eta Iratxe Gaztelu-Urrutia; hurrenez hurren, De Miguelen, Telleriaren eta Otxandianoren emazteak. De Miguelek esan zuen hirurek ez zutela ardurarik enpresaren erabakiak hartzerakoan —hirurak daude auzipetuta—.

De Miguel hiru orduz aritu zen deklaratzen, eta hark bukatu gabe eten zuten saioa. De Miguelek berak jarraituko du azalpenak ematen, gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.