Irun eta Hendaia arteko muga ez dute itxiko G7koen goi bileran

Segurtasun maila «gorenean» izanen direla adierazi du Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak. Bilkura bat egin du Fernando Grande Marlaskarekin, Hendaian

Fernando Grande Marlaska eta Christophe Castaner, atzo, Hendaian egin zuten agerraldian. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
G7koen gailurrerako 50 egun gelditzen direla, Lapurdiko kostaldean egon zen atzo Christophe Castaner Frantziako Barne ministroa, goi bilera prestatzeko gidaritza batzordea zuzentzeko. Goizean, Miarritzen (Lapurdi) eta Baionan izan zituen bilkurak, eta, arratsaldean, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroarekin bileran elkartu zen Hendaian (Lapurdi). Bi herrialdeetako polizien arteko elkarlana ezinbestekotzat jo dute goi bilera ongi ateratzeko, eta baieztatu dute Irun eta Hendaia arteko muga zorrotz kontrolatuko dutela, baina ez dutela itxiko.

«Erronka» gisa aurkeztu du Castanerrek, bereziki segurtasun arloa aipatuz. «Segurtasun indarren ezohiko mobilizazioa izanen da G7koen gailurraren harira». Barne Ministerioaz gain, armada, aduana, eta osasun zerbitzuak ere mobilizatuak izanen dira. «Arriskuak ezagutzen dituzue: arrisku terrorista dago, eta hori aurreikusi behar dugu. Ordena publikoaren arloko arriskua ere bada, eta, hor ere, segurtasuna bermatua izatea segurtatu behar dugu, lehenik eta behin, egunerokoan hemen diren biztanleentzat. Gure zerbitzuen mobilizazioa indartsua da, gertakariaren erronkaren heineko», adierazi du. Segurtasun neurriei buruzko xehetasunik ez du eman nahi izan, baina segurtasun maila «gorenean» izanen direla adierazi du. «Miarritzen eta baita lurraldeko beste eremu batzuetan ere».

Kontragailurra ere izan du aipagai. «Ezinbestekoa da kontragailurra ere ongi iragan dadin, segurtasun baldintza onetan». Prefetak eta berak hori bermatuko dutela adierazi du, eta baita Espainiako Barne Ministerioak ere, ekitaldi batzuk Irungo Ficoba aretoan izanen baitira. Gaur-gaurkoz, Hendaia eta Irun artean aurreikusia dute kontragailurra egitea G7 Ez plataformako kideek, abuztuaren 19tik 24ra.

Azaroaren 17an Jaka Horien mugimendua abiatu zenetik, Frantziako Poliziak erabilitako bortizkeriak kezka eta harridura sortu ditu. Ehunka zauritu izan dira: 307 buruan zauritu dituzte; 24k begi bat galdu dute; bostek, esku bat; eta hildako bat egon da. Zaurituetarik 114 kazetariak dira. Poliziaren lana justifikatu du Castanerrek, kazetariek egindako galderei erantzunez: «Gizon eta emazte batzuek [Frantziako] Errepublikari eraso egiten diotenean, Barne ministroaren ardura da segurtasuna atxikitzea. Zauritu anitz izan dira, lehenik gure polizien artean. Manifestazio batzuetan erasoak izan dira, molotov koktel eta bestelako objektuekin», adierazi du. Ez du zuzenki aipatu Poliziak erabilitako bortizkeria, baina zaurituak egotea deitoratu du. «Jaka Horia izan ala Poliziaren txapela izan, zauritu bat beti da gehiegizkoa». Poliziaren doktrinaren garapen bat lantzen ari direla ere erran du, eta horretarako lantalde bat abiatua duela. «Azken hamar urteetan, gauzak anitz aldatu dira. Manifestazio gehienak ez dira deklaratuak, bortizkeriak sistematikoak dira... dispositiboa aztertu behar dugu».

Abuztu bukaerako ekitaldia ongi ateratzea «garrantzitsua» dela azaldu du Frantziako ministroak: «Hona heldu diren gizon eta emazteek Miarritzen edertasunaz gozatzeko aukera izan behar dute». Zazpi herrialdeetako agintariak eta beste 24 ordezkaritza bilduko dira Lapurdi kostaldeko hirian; orotara, 4.000 pertsona inguru.

Urrutikoetxea eta presoak

Bi ministroek Euskal Herrira egindako bisita gatazkaren konponbidea aipatzeko aukera ere izan da. Euskal presoen hurbiltzeak izan ditu hizpide Castanerrek, Justizia Ministerioa gaia lantzen ari dela iradokita. «Badira elkarrizketak, kasuan kasu. Frantziaren postura da banakako kasuak aztertuz presoak Euskal Herrira hurbiltzea. Azken urtean, hurbilketa eskatu duten presoen %57k eskuratu dute». Frantzian ireki den elkarrizketa mahaia Espainian zergatik posible ez den galdetuta, lehor erantzun du Grande Marlaskak: «Nik ez dut euskal gatazkarik ezagutzen. Erakunde terrorista bat baizik ez dut ezagutzen, Poliziak garaitu duena».

Orain dela bi aste, Josu Urrutikoetxea Espainiaratuko zutela «dudarik ez» zuela erranez agertu zen Espainiako Barne ministroa. Baieztapen horri buruz galdetuta, Christophe Castanerrek nabarmendu du eskaerak nazioarteko prozedurak errespetatuko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.