Gure Esku-k instituzioetara eraman nahi du «herritarren gehiengoaren» eskaria

Sinadura bilketa «masibo bat» egingo du 2020ko maiatzetik ekainera. Gizartearen «aniztasuna» islatzen duen manifestu bat edukiko du oinarrian

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Esku herri dinamikako bozeramaileak, atzo, Donostian egindako agerraldian. JON URBE / FOKU.
Igor Susaeta.
2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Gure Esku-k erabakitzeko eskubidea lege eskaera bilakatzeko prozesua hasi du. Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu herri dinamikaren bozeramaileek atzo jakinarazi zutenez, «herri erronka bat» hasiko dute «herritarren gehiengoaren» eskaria instituzioetara bideratzeko. Eragile sozialen, sindikalen eta herritarren parte hartzearekin, gizartearen «aniztasuna» islatuko duen manifestu bat onduko dute datorren udaberrirako. Eta erreferendum eskaerak «legitimitatea» edukitzeko, manifestua oinarrian izango duen sinadura bilketa «masibo bat» egingo dute 2020ko maiatzetik ekainera. Ekinbideak «eraginkorra»behar du izan.

Gure Esku-koek badakite eskaera EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko erakunde publikoetara eramateko bidean zenbait «oztopori» aurre egin beharko dietela. Katalunian zer gertatu den aintzat hartuta, jakitun dira panorama ez dela «samurra», baina konbentzituta daude «blokeoa konpontzeko» erreferendum bat egin beharko dutela Katalunian. Etxaburuk azaldu zuenez, legeak bide eman behar dio herritarrak adieraziz eta exijituz joan daitezkeenari. «Kostatu arren, instituzioek izan behar dute hori gauzatuz joan dadin babestu behar dutenak».

Halere, herri dinamikak ez dio bide sozialari inondik inora uko egiten. Alvarezen esanetan, «sinadurek ondare inportante bat» utziko dute, agenda sozial eta politiko bat zehaztu eta hori garatu ahal izateko. Etxaburuk zehaztu zuenez, «prozesuari» eman nahi diote garrantzia.

Euskal Herria administratiboki hirutan zatituta dago, eta herri egitasmoa lurralde bakoitzaren «errealitatera» egokituko da. Horrenbestez, hala erabakiz gero, behintzat, «lurralde bakoitzean» eskaera jakin bat gorpuztuko dute. Halere, eduki batzuk «partekatuak» izango dira.

Gure Esku-k joera politiko eta ideologia guztietako eragile sozialei eta sindikatuei eman die bere asmoaren berri, ez bakarrik abertzaleei. Gauza bera gertatzen da alderdi politikoekin ere. Herri dinamikako kideak hasi dira bide hori ere lantzen, baina, batez ere, prozesuak bide instituzionala hartzen duenean indartuko dute. «[Ekinbideak] Bide instituzionala hartzeko aukerak badaudela uste dugu», esan zuen Alvarezek.

Estatus politikoaz

Horren harira, Eusko Legebiltzarrean estatus politiko berria lantzen ari den lantaldeari ere erreparatzen diote Gure Esku-koek. Pentsatzen dute estatus berriak erabakitzeko eskubidea jaso behar duela, eta etorkizuna erabakitzeko tresnak ere eman behar dituela. Herri dinamikako bozeramaileentzat, estatus berria lantzen ari direnek kontuan hartu beharko lukete herri ekinbidearen emaitza. «Gure itxaropena erabatekoa da», azpimarratu zuen Etxaburuk.

Eskaera egituratzeko orduan, uste dute «garrantzitsua» dela pasatu berri diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeek utzitako «mapari» begiratzea. «Emaitzek argi irudikatu dute Hego Euskal Herriko eta Kataluniako errealitateak ezberdinak direla; ezberdin bozkatzen dugula, alegia, Espainiako Estatuko gainerako lurraldeekin alderatuta».

Badakite, dena den, Espainiako Estatuaren «inboluzioaren aurrean» egoera «zaila» dela. Aipatu dute, gainera, erreferendum bat egiteagatik Kataluniako buruzagi subiranistei Espainiako Auzitegi Gorenak ezarritako kartzela zigorren ondoren jarrera «inboluzionista» indartu egin duela Espainiako Estatuak. Adibideak jarri dituzte. Lehenik, Espainiako Gobernurako PSOEren presidentegaiak, Pedro Sanchezek, Zigor Kodea aldatzea proposatu duela, «legez kanpoko» erreferendumak antolatzen dituztenak zigortzeko asmoarekin. Bigarrenik, Madrilek eta Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuan autodeterminazioaz eztabaidatzea debekatu nahi dutela. Eta, hirugarrenik, hauteskunde kanpainako adierazpenetan, autodeterminazio eskubidea dagoela ukatu dutela.

Eskoziakoa eredu

Bestalde, Espainiako Estatuaren jarrera «itxiaren» aurrean, herri dinamikakoentzat «saihetsezina» da Eskoziako eredua mahai gainean jartzea. «Datorren urtean erreferenduma [2014an ere egin zuten] antolatzeko determinazioa erakusten ari dira». Boris Johnson Erresuma Batuko jarduneko lehen ministroa horren kontra agertu da, baina abenduaren 12an hauteskunde orokorrak egingo dituzte. Gure Esku-ren aburuz, datozen hilabeteetan Erresuma Batuan izango dutena «prozesu interesgarria» izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.