Foro Sozialak dio presoen auzian «urrats sendoak» egiteko ordua dela

Euskal presoak gizarteratzeko «guztion eta guztiontzako euskal bidea» proposatu du, «hiruko akordioan» oinarrituta. Foroak uste dute prozesua «arrakastaz» egiteko baldintzak sortzen ari direla

Nazario Oleaga, Teresa Toda, Nekane Altzelai eta Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko kideak, atzo, Bilboko agerraldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorraren ustez, iritsi da euskal presoen auzian «urrats sendoak» egiteko garaia. «Luzamendu gehiagorik gabe, ibilbide horren edukiei buruzko eztabaidari ekiteko unea da. Behin betiko konponbidea ahalbidetuko duen bide horri heldu behar zaio», esan du Bilbon, prentsaurreko batean. Haren ustez, presoena da, biktimenarekin eta «memoria kritiko eta barneratzaile baten eraikuntzarekin» batera, askatu beharreko korapiloetako bat bake prozesua azken bururaino eramateko. Horretarako, bide bat proposatu du: «Guztion eta guztiontzako euskal bidea». Iragarri duenez, bide hori elikatzea izango da Foro Sozialaren lehentasunetako bat datozen hilabeteetan.

Foroko kide Teresa Todak, Nazario Oleagak, Nekane Altzelaik eta Agus Hernanek azaldu dutenez, proposatzen duten bidea «arrakastatsua» izan da ETAren armagabetze «zibilaren» eta desegitearen kasuan, eta foroak «hiruko akordioa » du oinarri orain ere; zehazki, «gobernuen, preso dauden pertsonen eta gizarte zibilaren» arteko ekarpenen uztartzea, nor bere eginkizun eta aukeretatik abiatuta.

Gobernuei dagokienez, Foro Sozialak aintzat hartzen ditu Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua: «Bakoitzak bere eginkizunak bete beharko ditu, egungo edoeskuratu beharreko eskumenen arabera», adierazi du Altzelaik.

Euskal presoek egin beharreko bidea ere garrantzitsutzat jo du Foro Sozialak, eta, Altzelaik esan duenez, abian jarri beharrekoa «denontzako euskal bidea» baldin bada, «ibilbide horrek pentsatuta egon behar du preso dauden guztiek balia dezaten». Gizarte zibilaren erakundeen parte hartzea ere balioetsi dute.

Foro Sozialaren aburuz, prozesu hori «arrakastaz» burutzeko baldintzak sortzen ari dira «apurka-apurka». Baldintza horiek zerrendatzean aipatu dituzteEspainian gobernu berria osatzeko aukera, Espainiako Kongresuan auziari heltzearen aldeko gehiengoa sortu izana, Hego Euskal Herrian «adostasun instituzional, politiko, sindikal eta soziala» sendotzea, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboan bildutako kideek erakutsitako borondatea «beharrezkoak diren urratsak egiteko», eta indarkeriaren biktima askoren «eskuzabaltasuna».

Faktore horiek «guztion eta guztiontzako euskal bidea» deitu duten hori garatzeko abagune egokia osatzen dute, Foro Sozialaren iritziz. Esan dutenez, hurrengo hilabeteetan zehaztu beharko dira ibilbide horren edukiak, eta hori «gai honetan lan egiten duten eragile guztien artean adostu» beharko da.

Todak gogorarazi du bide horretatik ez direla hutsetik abiatzen, IV. Foro Sozialean gai horren inguruan eztabaidatu zutela, eta bilkura horien ondorioak 2018ko martxoaren 27an aurkeztu zituztela, Donostian.

Batzar hartan bi fase ezarrizituzten gizarteratze prozesua «arrakastaz» egiteko: lehenengoa, euskal presoak espetxe barruan egin beharreko ibilbidea zehaztea, gradu progresiorako bermeak jarriz; eta bigarrena,espetxe baimenak eta erabateko gizarteratzea, eta horietan abian jarri beharreko laguntza instituzionala eta soziala.

Osagaiak ere, finkatuak

Faseak zehazteaz gain, prozesuak izan beharreko osagaiak ere finkatu zituzten Donostian eta Irungo (Gipuzkoa) jardunaldietan. Espainiako Gobernuari dagokionez, haren «borondate irmoa» ezinbestekotzat jo zuten, «salbuespeneko espetxe fasea behin betiko gainditutzat emateko, eta gizarteratze ibilbidearen proposamen argia egiteko». Foro Sozialaren ustez, Espainiako Gobernuari dagokio ibilbide horrek aurrera egiteko bermeak eskaintzea.

Presoen zeregina ere eztabaidagai izan zuten IV. foroan. Ondorioetan jasotzen denez, euskal presoek prozesuan parte hartu behar dute, eta horretarako «sakondu egin behar da bortizkeria bide ororen gaitzespenean, bide baketsu eta demokratikoen aldeko konpromisoan eta eragindako minaren berariazko aitortzan». EPPK-k legedia betetzeko adierazpena plazaratu zuen duela bi urte eta erdi.

«Presoen gizarteratzea arrakastatsua izateko, prozesu gisa ulertu behar da, ziegatik hasita, kaleraino», esan du Todak, eta erantsi du haien lanak aintzat hartzen dituela NBE Nazio Batuen Erakundeak ezarritako estandarrak.

Foro Sozialaren eledunek iragarri dute datozen hilabeteetan gaia landuko dutela, eta «eztabaida eta aliantzetarako gune berriak» irekitzen saiatuko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.