Guztion Alardeak gatazka konpontzeko elkarrizketa mahai bat eskatu du

Alarde fundazioarekin, Hondarribiko Emakumeekin, udalarekin eta Jaizkibel konpainiarekin mintzatu da gazte taldea. Udalak ez du posizionatzeko asmorik

Guztion Alardea taldearen aurkezpena, atzo, Hondarribian, Musika Eskolan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Hondarribia
2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
«Alardea maite dugu, eta hain zuzen maite dugulako, konponbide baten beharra ikusten dugu, haren etorkizuna kolokan dagoela ikusten baitugu». Hondarribiko (Gipuzkoa) alardean parte hartzen duten hainbat gaztek sorturiko Guztion Alardea taldeak erraniko hitzak dira. Joan den urrian plazaratu zuten lehen aldiz euren iritzia, argazki baten eta manifestu baten bitartez, eta atzo Hondarribiko herritarren aurrean aurkeztu zuten formalki taldea, Musika Eskolan, eskaera zehatz bat eginez: alardeko gatazka konpontzeko elkarrizketarako mahai bat sor dezatela.

Jakinarazi dutenez, alardeko eragile guztiekin bildu dira gazteak: Alarde fundazioarekin, Hondarribiko Emakumeak taldearekin, udalarekin eta Jaizkibel konpainiarekin. Adierazi dute denak agertu direla prest hitz egiteko, baina ez dutela denek bat egiten Guztion Alardearen ikuspegiarekin: Alarde fundazioaren eta Hondarribiko Emakumeen ustez, irtenbidea ez da alarde bakar bat osatzea. Udalak erran die ez duela jendaurrean gai horri buruz posizionatzeko asmorik. Jaizkibel prest agertu da «irabazle eta galtzailerik gabe» negoziatzeko. Iritziak ezberdinak izanagatik, dena den, guztiek onartu dute lehenago edo beranduago emakumeek soldadu gisa desfilatuko dutela alardean: «Hori horrela bada, zertan ari gara?», galdetu dute Guztion Alardea taldeko kideek.

Emakumeak soldadu gisa onartzen ez dituen desfilekoak dira Guztion Alardea taldekokideak: alarde baztertzailean soldadu gisa parte hartzen dutengizonezkoak, kantinera modura atera izan diren emakumeak eta espaloietatik animatzera atera ohi direnak.

Etorkizunaren berme

Gazteek adierazi dute kezkatuta daudela alardearen etorkizunarekin, eta konponbidea eskatu dute, bertzeak bertze, emakumeek alardean soldadu gisa desfilatzeko duten eskubidea errespeta dadin: «Emakume soldaduaren presentziak ez du inolaz ere espaloitik gozatu nahi duten gizon zein emakumeen eskubidea zapaltzen». Taldearen ustez, ez dira haiek konponbide eske dabiltzan bakarrak, atxikimendu ugari bildu baitituzte, eta gero eta gehiago dira batzen ari zaizkienak. Horren erakusgarri, atzo Musika Eskolako aretoan bildutako jendetza: jendea kanpoan gelditu zen.

Taldearen logotipoa eta saresozialak ere aurkeztu dituzte: bi zirkuluz osaturiko 8 zenbakia ageri da irudian; haien arabera, «ohiturek duten joera dinamikoa» erakusteko. Nabarmendu dute aldaketek «biziarazi eta egonkortu» dutela Hondarribiko alardea: «Mendeetan izan diren aldaketei esker ezagutu ahal izan dugu ezagutzen dugun bezala». Aldaketa hori nondik norakoa izatea nahi duten argi dute Guztion Alardea osatzen duten gazteek: «Orain arte bizi izan dugun banaketa mingarritik herri osoaren batasunaren isla izango den ospakizunera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.