«Gizarte zerbitzuak eskubide subjektiboak dira, ez laguntzak»

Adinekoen zaintza zerbitzuak ikuspegi kritiko batetik aztertu dituzte Babestu eta Pentsionistak Martxan elkarteek liburu batean. Tokiaren arabera zerbitzu desberdinak daudela ohartarazi dute

Bederatzi lagunek egindako ekarpenak jaso ditu liburuak. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Nola zaindu gero eta behar soziosanitario handiagoak dituzten pertsonak? Biztanleria zahartu ahala, korapilatu egiten da galdera horren erantzuna, errealitate konplexu bat erakusten baitu zaintzaren auziak: mendekotasunak, zerbitzu publikoen baliabide mugatuek eta lan sektorearen feminizazioak eta prekarizazioak katramilatuta. Eztabaida presakoa da orain zaindu beharreko senideak dituztenentzat; premia horretatik abiatuta, Mirando al futuro. Una visión crítica del cuidado de mayores en Bizkaia (Etorkizunari begira. Bizkaiko adinekoen zaintzari begirada kritiko bat) liburua plazaratu berri dute Babestu eta Pentsionistak Martxan elkarteek. Oinarrizko ideia baten gainean egin dute azterketa hori, Enrique de la Peña familia mediku eta Babestuko kideak azaldu duenez: «Gizarte zerbitzuez hitz egitean, laguntzez hitz egitea saihestu behar dugu: eskubide subjektiboak dira».

Bizkaiko zahar etxeetan dauden adinekoen senideek sortu zuten Babestu elkartea 2016an, garai hartan greban zeuden langileen kezkak bere eginda. Gerora, loraldian dauden bi mugimendurekin uztartu ziren ezinegon horiek: feministekin eta pentsiodunekin. 2018ko urtarrilean Bilbon egindako jardunaldi batzuen jarraipena da liburua, bederatzi lagunek idatzia. «Begirada kritiko bat da, globala eta poliedrikoa. Eztabaidatzeko egin dugu liburua», laburtu du De la Peñak.

Zaintza zerbitzuen defentsa sutsua egin dute liburuaren egileek. «Eskubide subjektiboak eta unibertsalak dira, eta hori izan beharko litzateke gizarte politiken ikuspuntua. Horrek esan nahi du ez direla aurrekontuen araberakoak, eta erreklamatu daitezkeela. Instituzio publikoen ardura dira, baita kanpora aterata daudenean ere», nabarmendu du Maria del Riok, Gipuzkoako Diputazioan Ekimen Sozialeko zuzendari izandakoak. Gogora ekarri du sektorea gatazka betean dela: zahar etxeetako langileak Gipuzkoan, etxez etxekoak Bizkaian... «Konponbidea ez da teknikoa; borondate politikoa behar da».

«Sistema hautsia»

Bat etorri da Karmele Guinea Bilboko Udaleko Ekimen Sozialeko zuzendari ohia: «Zaindua izatea eskubide bat da, baina sistema aztertuta, ondorioztatu dugu zaintza politika bideratuta dagoela baliabide ekonomikoak dituztenentzat; bestela, familien edo karitatearen esku uzten da». Udaletako gizarte zerbitzuak aztertu ditu berak: «Gizarte zerbitzuen sistemaren senide pobreak dira. Sistema hautsia da: bizi zaren lekuaren arabera, zerbitzu batzuk edo beste batzuk eduki ditzakezu, eta horrek desberdintasunak eragiten ditu». EAEko Arartekoak ere hala ohartarazi zuen 2016an, baina ez da hobekuntzarik izan, Guinearen arabera: «Etxez etxeko zerbitzua ez aurrera ez atzera dabil».

Bizkaiko Foru Aldundiara begira jarri da, berriz, Arantxa Urkaregi, Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bilduren ordezkaria: «Gizarte zerbitzuen plan estrategiko bat daukagu, baina diputazioak ez ditu betetzen adinekoentzat planteatzen zituen zerbitzu minimoak». Berretsi du egoera ez dela hobetzen ari: «Udan albiste txar bat izan genuen zahar etxeei buruzko dekretuarekin: ez ditu arazoak konpondu, eta ez du arreta hobetu. Ez dago kalitatezko zaintzarik adinekoentzat».

Halako egoitzen kudeaketarekin kritiko mintzatu izan da Babestu elkartea, eta Enrique de la Peñak nabarmendu du kezka dutela zerbitzuen pribatizazioarekin: «Zaintzaren ikuspegi ekonomizista erabiltzea mehatxu bat da adinekoen baliabideetarako». Tarifak igo egin direla azaldu du, eta horrek handitu egin dituela enpresen etekinak: «Zein da egoiliar baten kostu erreala? Ez da erraza kalkulatzea, baina liburuan hainbat azterlan erabiliz egindako kalkuluen arabera, 2.048 eurokoa litzateke hilabetean, eta Bizkaiko Diputazioak 2.565ean ezarri zuen prezio kontzertatua 2018an. Irabazietarako tarte handia dute enpresek».

Erantsi du garestitzeak ez duela ekarri zerbitzua hobetzea: «Gabezia handiak daude zahar etxeetako osasun arretan. Egoitzen sanitarizazioaz hitz egin behar genuke: gero eta osasun premia gehiago dituzte egoiliarrek, baina egoitzak ez daude prestatuta. Eta osasun arreta hori pribatua da, aparte kontratatzen da; zergatik ez du Osakidetzak bere gain hartzen?». Agerikoa da badela tartea zaintza zerbitzuak hobetzeko, baina De la Peñak deitoratu du kexa gutxi jasotzen dituztela zahar etxeek. «Etsipen handia dago: erabiltzaileak ez dira kexatzen, eta familiak ere ez, oso nekatuta baitaude senideak hara eramaten dituztenerako».

Montes medikua gogoan

Egoitzetako errealitatea ez ezik, etxean senideek edo langileek egiten duten zaintza ere aztertu dute liburuan; besteak beste, Isabel Otxoa EHUko irakasleak eta Irantzu Varela ekintzaile feministak idatzi dute atal bana. Eta bada beste sinadura berezi bat: Luis Montes mediku espainiarrarena; 2018ko apirilean hil zen, Bilboko jardunaldietan parte hartu eta gutxira. Osasun publikoaren eta duintasunez hiltzeko eskubidearen alde jardun zen, eta gai hori ere jorratu dute; hain zuzen, hari eskaini diote argitalpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.