Albistea entzun

36ko gerratik erregistratu gabeko 42 gorpu topatu dituzte Begoñako hilerrian

Guztira gerraren ondorioz hil ziren 76 pertsonaren gorpuak desobiratu dituzte. Bilboko defentsan hil zirenen senideei Gogorara jotzeko eskatu diete
2021eko urrian hasi zituzten Begoñako hilerria husteko lanak.
2021eko urrian hasi zituzten Begoñako hilerria husteko lanak. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Javi West Larrañaga -

2022ko martxoak 31 - Bilbo

1936ko gerrako hildako 46 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu ditu hobi komun batetik Aranzadi zientzia elkarteak Begoñako hilerrian, Bilbon. Horietatik 42 orain arte desagertutakoenak ziren, erregistratu gabeko hildakoenak. Guztira, hilerri osoan gerran hil ziren 76 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte. Atzo aurkeztu zituzten aurkikuntzak Bilboko udaletxean, udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkoekin.

Gorpuzkiekin batera, munizioa, txanponak, botak eta txapak aurkitu dituzte, besteak beste. Aurkitutako arrastoengatik, ELAren, UGTren eta anarkisten batailoietan ibilitako «gudari eta milizianoak» direla uste dute. Bertan izan da Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, eta hildakoen inguruko xehetasunak eman ditu: «Bilboren defentsan parte hartu zuten ideologia askotako pertsonak [dira]. Gudari eta miliziano gazteak, bizitza gobernu legitimoa defendatzen eman zutenak. Askatasunaren, autogobernuaren eta demokraziaren alde borrokatu ziren gazteak». Bilboren defentsan hildakoen senideei Gogora institutura informazioa ematera ager daitezela eskatu die Artolazabalek. Beharrezko kasuetan, DNA lagin bat ere utzi ahalko dute. Izan ere, aurkitutako gorpuzki guztiei proba genetikoak egingo dizkiete hildakoen identifikazioan laguntzeko.

Ezustekoa izan zen Aranzadikoentzat hainbeste gorpu aurkitzea, erregistroek lauren berri ematen zutelako. Horixe esan du Carmen Coch proiektuko arkeologia zuzendariak: «Bagenekien bertan lau gorpu zeudela, baina ez genekien lau aurkitu beharrean 46 aurkituko genituela guztira». 42 ak frontean hildakoak dira, seguruenik Artxandako batailan. Zauriak eta metraila zatiak ikus daitezke hezurretan, eta ikertzaileek ondorioztatu dute 1937ko ekainaren 15 eta 18 artean lurperatu zituztela. «Gudari eta milizianoez» gain, bando faxistako errekete bat ere aurkitu dute.

Lourdes Errasti Memoria Historikoaren alorreko Aranzadi zientzia elkarteko zuzendariak adierazi duenez, agian ez da azkena izango. «Hau ustekabe bat izan den moduan, besteren bat ere ager daiteke».

Ikasteko aukera

2021eko urrian ekin zioten Begoñako Argia proiektuari Aranzadikoek. Bilboko Udalak adierazi zuenean 2006tik itxita zegoen hilerria kendu eta parke bat egiteko nahia zeukala, zientzia elkartekoek iritzi zuten aukera ona zela ikasleei indusketa mundua erakusteko. Harremanetan ipinitakoan, diruz laguntzea erabaki zuen udalak. Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusiak azaldu duenez, «orain arte memoria historikoaren alorrean lan egiteko aukera izan ez duten ehun ikaslek baino gehiagok» hartu dute parte bertan, eta Espainiako bost unibertsitate aritu dira elkarlanean EHUrekin. 1813an zabaldu zuten, baina XX. mendeko hazkundearen ondorioz, txiki geratu zen. 1943an itxi zituzten lurperatzeak hobietan, eta 2003an, panteoienak. Mende bi hauetako guztia hustean, 2.200 pertsonaren gorpuzkiak atera dituzte. Otsailean, gainera, karlistaldietako hobi komun bat aurkitu zuten, «bigarren ehorzte maila batean».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elantxobeko portua, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

Urpekari bat hilda atera dute uretatik Elantxoben

Berria

10:00ak aldera atera dute gorpua, herritar batek abisua eman ostean. Ikerketa zabaldu du Ertzaintzak.

Suhiltzaile bat lanean, artxiboko irudi batean. ©Juan Carlos Ruiz / Foku

95 urteko gizon bat hil da Bilbon, bere etxeak su hartu eta gero

Berria

02:00ak aldera gertatu da ezbeharra. Gizona bizirik atera dute suhiltzaileek, baina ospitalean hil da.

Ihintz Oliden, AEK-ko Ipar Euskal Herriko koordinatzailea. ©Guillaume Fauveau

«Zaila da irakasleak atzematea eta atxikitzea»

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Urrian, AEK-k erakundeei galdegin zien laguntzak emenda ditzatela bere irakasleek hilabete sari duinak ukan ditzaten. Ez da deus aitzinatu geroztik, baina ikasleen galdea beti berdin azkarra da.

Erdiz Bizirik-ek manifestazio bat eginen du Iruñean

Erdiz Bizirik-ek manifestazio bat eginen du Iruñean

Iker Tubia

Apirilaren 22an izango da, Landa Eremuaren Nazioarteko Egunean. Erdizen egin asmo duten meategiaren kontrako protestetan ari dira

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...