Bake aldarriak, sakabanatuta

Ukrainako gerra eta frankismoaren biktimak gogoan hartuta, Aberri Eguna nork bere aldetik ospatu dute indar abertzaleek. EAJk «Euskadi aske» bat eskatu du, eta EH Bilduk, «euskal errepublika» bat

EAJk ekitaldi politikoa egin zuen Bilboko Plaza Barrian. MIGEL TOÑA / EFE.
Edurne Begiristain.
2022ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemia dela-eta, Aberri Egunean ekitaldi jendetsurik antolatu gabe egon dira alderdi abertzaleak azken bi urteotan. Igandean, ordea, burujabetzaren aldeko indarrek milaka alderdikideren eta militanteren babesarekin ospatu ahal zuten Aberri Eguna. Urtero legez, zatituta ospatu zuten, zeinek bere aldetik. EAJk Bilbon ospatu zuen; EH Bilduk, Iruñean; Euskal Herria Batera ekinbideak, berriz, ikurrekin eta kantuekin ospatzeko deia egin zien euskal herritarrei, eta EH Bai koalizioak Azkainen (Lapurdi) egin zuen zita. Podemos-Ahal Dugu-k ez zuen ekitaldirik antolatu, baina «aberriaren kontzeptua birpentsatzera» deitu zituen herritarrak.

Ukrainako gerrak sortutako abaguneak pisu handia izan zuen EAJk eta EH Bilduk Aberri Egunean helarazitako mezuetan, eta bakeak, askatasunak eta burujabetzak ardaztu zituzten hitzaldi nagusiak. Iraganari ere begira jarri ziren bi alderdiak: Gernikako bonbardaketaren 85.urtemuga hizpide hartu zuten, eta frankismoaren biktimen memoria aldarrikatu. Eta iraganak adinako indarra izan zuten geroari buruzko aipamenek ere. Abertzaletasuna aldarri, «Euskadi aske» bat eskatu zuten jeltzaleek. Amaiurko gudua gogoan, «burujabetza» galdegin zuen EH Bilduk.

EAJk Bilboko Plaza Barrian egin zuen ekitaldi nagusia, eta milaka lagunen aurrean mintzatu ziren Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea eta Iñigo Urkullu lehendakaria. Ortuzarrek bere hitzaldian, «une latzean» dauden «bi nazio» gogora ekarri zituen: Ukraina eta Mendaldeko Sahara. Ortuzarrek «abertzale demokratiko, antifaxista eta antiinperialista»giza definitu zuen EAJ, eta hargatik aldarrikatu zituen «Euskadi, Ukraina eta Sahara aske eta bidezkoa».Haren hitzetan, Ukrainako gerrak eta pandemiak «ziurgabetasun ekonomikoa» eragin dute, eta ezinbestekoa da alderdi guztiak laguntzeko prest egotea. «Abertzale hitza gero eta gutxiago erabiltzen duten arren, eta haren ordez independentista hitza erabiltzen duten arren, hemen daukate EAJren eskua, luzatuta, elkarren artean adosteko, elkar ulertzeko», adierazi zuen. Eta erantsi: «Horra hor eskaintza zintzoa EH Bildurentzat eta gainerako indar politikoentzat».

Bestalde, Urkulluk adierazi zuen «salbuespenezko garaiak» direla, baina euskal gizarteak krisia gaindituko badu ez duela «neoliberalismoaren errezeta magiko berriekin» edota «internazionalismo sozialistarekin» gaindituko. Kontrara, «Euskadi zorroztasunez eta aurreikuspenekin» kudeatzearen alde egin zuen lehendakariak.

Gernikako bonbardaketa ere gogoratu zuen Urkulluk: 1937an matxinatutako armadak eta ondorengo gobernu frankistak izan zuten erantzukizuna aitortzeko eskatu zuen, eta bizikidetza eta bakea aldarrikatu zituen.

EH Bilduk ere iragana eta etorkizuna uztartu zituen Iruñeko ekitaldian. Milaka eta milaka lagun batu ziren koalizioak deitutako manifestazioan eta ekitaldi politikoan, eta, ERC, BNG, CUP eta JxC alderdi subiranisten ordezkarien elkartasuna ere izan zuten. Ekitaldi politikoan, Bakartxo Ruiz Nafarroako parlamentariak Amaiurko gazteluko gudua eta 1936ko gerraren «errepresio frankista» gogoratu zituen, adierazteko gaurdaino bizirik dela «burujabe izateko borroka».Ruizek «demokrazia» eta «autodeterminazio eskubidea» aldarrikatu zituen «bide autoritarioen» aurrean, eta Ukrainan, Palestinan, Yemenen, Saharan eta mundu osoan gerra amaitzeko eskatu zuen. Ohartarazi zuen «hitza» dela gatazka politikoak konpontzeko bidea, eta «burujabetza» dela tresna «erabaki propioak hartzeko» eta erronka ekonomiko eta sozialei aurreegiteko. Horiek hala, euskal errepublika eratzera deitu zuen Ruizek.

EH Bai eta Ahal Dugu

EH Bai koalizioak Aberri Eguna ospatzeko deia egin zuen Azkainen, eta 1.200 lagun inguru bildu ziren burujabetzaren aldeko manifestazioan.

Podemos-Ahal Dugu-k ez zuen ekitaldi berezirik egin, baina herritarrak deitu zituen gizartearen «heterogeneotasuna» aintzat hartu eta «aberriaren kontzeptua birpentsatzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.