AEBek «atzerriko talde terroristen» zerrendatik ezabatuko dute ETA

Ehunka euskal herritarrek AEBetara bidaiatzeko debekua izan dute 1997tik. AEBetako Estatu Departamentuak adierazi du ez duela aldaketarik ekarriko iraganeko auziekin loturiko politiketan

ETAk 2011ko urriaren 20an iragarri zuen armak utziko zituela; orduko irudi bat, artxibokoa. BERRIA.
Uxue Rey Gorraiz - Maddi Ane Txoperena Iribarren
2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Etxe Zuriaren zerrenda beltzetik ezabatuko dute ETA, eta, harekin batera, baita euskal herritar anitz eta anitz ere. Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamentuak iragarri duenez, izan ere, gobernuak laster aterako du Euskal Herriko talde armatu ohia «atzerriko talde terroristen zerrendatik», erakundea jadanik desegina dagoela argudiatuta. 1997an sortu zuten AEBek zerrenda hori, eta urte hartako abuztuaren 10etik zegoen ETA atzerriko erakunde «terroristen» multzoan. Ehunka euskal herritarrei eragin die urteotan neurriak: izan ere, dena da ETA tesiaren pean auzipetu eta zigorturikoek ezin izan dute AEBetara bidaiatu zerrenda beltzean egotegatik, bertzeak bertze. BERRIAk kontsulta egin die abokatu batzuei, eta ez dago argi hemendik aitzinera ahalko duten.

ETA ez da izanen multzoa utziko duen bakarra, guztira bost talde aterako baitituzte zerrendatik. Urrats bera eginen dute Japoniako Aum Shinrikyo taldeak, Kahane Chai talde juduak, eta Israelen, Palestinan eta Egipton aritutako beste bi talde islamistak ere: Mujahedin Shura Batzordeak eta Gama'a al-Islamiyyak.

Etxe Zuriak bost urtean behin eguneratzen du «atzerriko talde terroristen» zerrenda, eta espero da datorren astean ezabatzea bost talde horiek, Erregistro Federala argitaratzearekin batera. Orain arte, soilik hamabost talde ezabatu dituzte.

Jarduerarik eza

Talde batek «atzerriko erakunde terroristen» AEBen zerrendan bildua egon behar duen edo ez zehazteko, gobernuak irizpide jakin batzuei egiten die so. Zehazki, aztertzen dute taldea aktibo den oraindik ere, ea azken bost urteetan «ekintza terroristarik» egin duten, eta ea taldearen izena zerrenda horretan jasoa izateak kalte edo mesede egiten dion AEBen segurtasunari.

ETAren kasuan ere irizpide horiei begira ebatzi du Etxe Zuriak zerrendatik ateratzea. 2011n iragarri zuen ETAk bide armatua behin betiko utziko zuela, eta 2018an desegin zen erakundea.

AEBetako Estatu Departamentuak nabarmendu du, nolanahi ere, talde horiek zerrendatik ateratzeak ez duela «inolako aldaketarik» ekarriko iraganeko auziei loturiko politiketan. Hau da, nabarmendu dute bost talde horien ekintzen kontra ezarritako zigorrek berdin segituko dutela, eta ez dela izanen leuntzerik. Ez dago argi, beraz, euskal herritar horiek debekuarekin segituko duten ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.