Taldeen barruan izaten diren eraso matxistentzako gida ondu dute

Emaginek proposatzen du talde edo kolektibo osoa inplikatzea protokoloa egiteko garaian. Erasoa egin duenaren «birgizarteratze feminista» lortzea dute helburu. Gida webgunean dago eskuragarri

Elkarte eta kolektiboetan eraso matxisten kudeaketarako protokoloak egiteko gida ondu du Emagin elkarteak. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Andoain
2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
«Patriarkatu batean bizi gara. Indarkeria matxista nonahi dago, eta gure kolektibo, erakunde, elkarte eta kooperatibak ez dira jendartetik at dauden burbuila bakartuak. Ondorioz, horien barruan ere matxismoa egongo da, eta botere harremanak egongo dira», adierazi du Idoia Arraiza Emagin elkarteko kideak. Elkarte eta kolektiboetan eraso matxisten kudeaketarako protokoloak egiteko gida ondu du elkarteak, taldeen barruan gertatzen diren erasoei aurre egiteko «tresna praktiko» gisa, eta Emaginen webgunean dago eskuragarri.

Elkartearen arabera, gaur egun «behar handia» dago horrelako tresnak sortzeko; izan ere, mugimenduen barruan gero eta kasu gehiago azaleratzen ari dira, eta, erasoa egin duena ezaguna denean, betiko militantekidea edo lankidea denean, are zailagoa izan daiteke egoera kudeatzea. Gidak modua ematen du taldeek «autonomoki» beren protokoloak sortzeko. Hala ere, Arraizak nabarmendu du oraindik kanpo laguntza profesionala behar dela protokoloa egiteko eta kasuei aurre egiteko garaian.

Kasuak gertatuko direla jakinda, Arraizak «ahalik eta modu feministenean» kudeatzea proposatu du, justizia feministan oinarrituta. Horrela, erasoa egin duenaren «birgizarteratze feminista» lortuko litzateke: «Sinisten badugu pertsonak aldatu daitezkeela, jokaera horiek gauza eraikiak direla eta deseraiki daitezkeela, tresnak eskaini beharko genizkioke erasoa egin duenari jarrera horiek lantzeko».

Arraizaren arabera, indarkeria botere harremanetan oinarrituta gertatzen da: «Sexu-genero sistema batean bizi gara, eta hori gizonezkoen nagusitasunean eta emakumezkoen menderakuntzan oinarritzen da». Horrela, azaldu du gizartean jarrera matxista asko «oso naturalizatuta» daudela oraindik, eta naturalizatzen direnean normalizatu ere egiten direla. Ezinbestekoa da, beraz, eraso horiei erantzutea: «Garrantzitsuena da eraso edo jarrera matxista sotilak moztea; hala, ziurrenik, eraso larriagoak eragotziko ditugu». Larrienetakoak izan daitezke, adibidez, bortxaketak, eta normalizatuta dauden eraso sotilak, berriz, bileretan ahotsa altxatzea eta iritzi bat kontuan ez hartzea.

Orain arte erasoak kudeatzeko erantzukizuna feministen esku utzi izan dela adierazi du Arraizak, eta, horri aurre egiteko, erantzukizun kolektiboa defendatu dute gidan: protokoloa egitean kolektibo osoa inplikatzea, hain zuzen. Horrela, eraso bat gertatu eta protokoloa martxan jarriz gero, «inork ez luke ezer esan beharko horren kontra, denek parte hartu baitute prozesu horretan». Prozesuak, gainera, formakuntza gisa ere balio dezakeela azaldu du.

Protokoloan zehaztuko dira gerta daitezkeen eraso motak, bakoitzaren larritasuna eta hartuko diren neurriak, besteak beste. Modu kolektiboan erabaki arren eraso bakoitzari nola erantzungo zaion, neurri horiek kasu bakoitzaren arabera moldatuko dira.

Prozesua, bost puntutan

Emaginek ondutako gidan bost puntu nagusi nabarmentzen dira: protokoloa aktibatu aurretik egin beharrekoak, protokoloa aktibatzeko momentua, kudeaketaren neurriak, jarraipena, eta itxiera eta ebaluazioa.

Lehenengo puntuan, prebentzioan jarri dute arreta, eta, Arraizaren arabera, protokoloa bera edukitzea eta hori lantzea ere bada erasoak prebenitzeko modu bat. Horrekin batera, gaineratu du formakuntza eta sentsibilizazioa «beti» direla prebentziorako neurri eraginkorrak.

Protokoloa aktibatzean, hiru aldagai hartu behar dira kontuan: erasoa egin duena, erasoa jasan duena eta kolektiboa bera. Horrela, hirurentzako lanketak abiaraziko dira, kasu eta pertsona bakoitzaren egoerara moldatuta. Erasoa jasan duenaren ongizatea bermatzea izango da lehentasuna; erasoa egin duenari, «ardura eta konpromisoa» galdegingo zaizkio neurriei dagokienez, baita eragin duen mina erreparatzeko «nahia eta borondatea» ere.

Arraizarentzat, kasuaren jarraipena da atalik «zailena», prozesua aktibo egoteko beharrezko «energia, baliabideak eta denbora» agortuz joaten direlako. Gidan proposatzen dute gutxienez hilean behin erasoa jasan duenarekin eta erasotzailearekin harremanetan jartzea.

Azaldu duenez, prozesua noiz itxiko den erabakitzea ere ez da lan makala; izan ere, «oso zaila» da jakitea noiz landu duen nahikoa gaia, «berriro gertatu ez dadin». Horrekin batera, garrantzitsua da prozesuaren balorazioa egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.