Nafarroako suteek 10.000 hektareatik gora erre dituzte

Suteen egoerak hobera egin du, eta alerta maila jaitsi du gobernuak. Olleta, Makirriain, Santsoain eta Amatriaingo bizilagunak etxera itzuli ezinik daude

Txirrindulari bat suteek belztutako paisari begira, atzo. ANDONI LUBAKI / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Nafarroan larunbatean piztutakosuteek 10.000 hektareatik gora kiskali dituzte. Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne sailburu eta gobernuko lehendakariordeak atzo adierazi zuen «historikoa» izan dela suteek erretako eremua: «Soroak eta basoak hondatu ditu, baina, tamainagatik, batez ere basoak izan dira kaltetuenak». Remirezek esan zuen suteek eragindako kalteak oso handiak izan direla. Kalteei buruzko datu ofizialak gobernuko ingurumen teknikariek landuko duten txostenean jasoko dira, eta hori izan arte itxoiteko eskatu zuen lehendakariordeak.

Nolanahi ere, jakinarazi zuen azken orduetan egoerak «hobera» egin duela, eta, hori dela eta, gobernuak suteengatik ezarria duen alerta maila jaistea erabaki duela: bigarren alerta mailatik larrialdi aurreko alerta mailara. Remirezek azaldu zuen ezen, egoerak hobetzen jarraituz gero, bihartik aurrera alerta maila koska bat gehiago jaisteko moduan egongo direla.

Larrialdia arindu denez, hainbat herritako bizilagunek beren etxera itzultzeko aukera izan zuten atzo. Hala, Galipentzuberriko, Galipentzu Zaharreko, Eslabako eta Lergako bizilagunei etxera itzultzeko baimena eman zien Nafarroako Gobernuak. Ostera, Olleta, Makirriain, Santsoain eta Amatriain udalerrietako bizilagunak etxera itzuli ezinik daude oraindik ere. Guztira, 85 pertsona ebakuatu zituzten herri horietan.

Hala eta guztiz ere, Remirezek «zuhurtziaz» jokatzeko deia egin zien herritarrei. Adierazi zuen Erreniegako eta Galipentzuko suteen egoerak «hobetu» egin direla aurreko egunekoarekin eta bereziki asteburukoarekin konparatuta, baina Galipentzuko fokua oraindik «kezkagarria» dela. Haren arabera, egoera «aldakorra» izan daiteke, eta kontrolpean egon daitekeena bizpahiru ordutan alda daiteke. Nafarroa erdialdean martxan daude sua itzaltzeko baliabide guztiak, «muturreko sute arriskua» dela eta.

Remirezek azaldu zuen suteen bilakaera nolakoa den ikusteko eguraldiaren aldaketen zain daudela: «Prezipitazio ugariak ez ditugu datorren ostegunera arte espero».

Kongresura laguntza eske

Suteek Nafarroan sortutako kezka Espainiako Kongresura iritsiko da aste honetan, EH Bilduren eskutik, eta egoera hobetzeko laguntza eskatuko dute. Mertxe Aizpurua diputatuakatzo adierazi zuen laguntza ezinbestekoa dela horrelako larrialdi egoera baten aurrean. Horrekin, nabarmendu zuen kasu «askotan» diru laguntzak «denboran asko» luzatzen direla.

Besteak beste, Obanos, Muruzabal, Legarda eta Gares herriek kalteak jasan dituzte suteen ondorioz, eta herri horietako alkateek atzo eskatu zioten laguntza Nafarroako Gobernuari, kalteak konpondu ahal izateko. Hori horrela, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria Obanosera joan zen atzo eguerdian, eta bertako alkate Arantxa Hernandezekin bildu zen, baita Oihan Mendo Gareskoarekin, Silvestre Belzunegi Legardakoarekin eta Alberto Azparren Muruzabalgoarekin ere.

Txibitek iragarri zuenez, Nafarroako Gobernuak eta Espainiakoak laguntzak banatuko dituzte kalteak erreparatu ahal izateko, eta leheneratze lanetan hasiko dira «lehenbailehen», betiere udalen laguntzarekin. Izan ere, lehendakariaren ustez, «ezinbestekoa» da kaltetutako herri bakoitzaren balorazioa egitea. Horrekin batera, azaldu zuen «oraingoz», nekazariak ezingo direla uzta lanekin hasi.

San Joan sua, bertan behera

Nafarroan piztutako suteak ez areagotzeko xedez, beste zenbait neurri iragarri dituzte, eta batzuek San Joan gauean pizten diren suekin dute zerikusia. Gobernuko lehendakariordearen arabera, suteak pizteko dagoen arriskua kontuan hartuta, «bateraezina» da San Joan suak egitea, etadebekatu daitezke: «Zuhurrak izan behar dugu jokabide arriskutsuekin». Era berean, Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi zuen Nafarroako hiriburuan ezingo dela surik egin: «Arrisku handiko egoeran gaude. Logikoena da surik ez egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.