Eva Ferreira: «EHUren osasuna oso ona da, baina hobetzea exijitu behar dugu»

Medikuntza Fakultateko lanak lehenetsiko direla agindu du Urkulluk, ikasturtea abiatzeko ekitaldian. ELAk eta LABek eskatu dute finantzaketa handitzeko

Ferreira eta Urkullu, erdian, Aitor Zurimendi EHUko idazkari nagusiaren mintzaldia entzuten, atzo, Bizkaia aretoko ekitaldian. RAUL BOGAJO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Ezagutza, komunikazioa eta lankidetza aldarrikatuz abiatu zuen atzo EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen ikasturtea Eva Ferreira errektoreak, Bilbon egindako ekitaldi ofizialean: «Hiruko horren ondorioz, gizarteak oparoagoak dira, bidezkoagoak eta askeagoak. Gure egitekoa da hori, eta gizarteak hala exijitu behar digu». Prestakuntza eskaintza «sendoa» edukita, laneratze adierazle «onetara» iritsita eta ikerketa emaitza «gero eta hobeak» lortuta, unibertsitatearen argazki ona egin zuen errektoreak: «EHUren osasuna oso ona da, baina hobetudezakegu, eta hobetzea exijitu behar dugu».

Izan ere, unibertsitatearen osasunak baldintzatzen ditu «herrialdearen aurrerabidea eta garapena», baita zientzia sistemaren osasuna ere, Ferreiraren hitzetan. Hala, EHUren funtzio egituratzailea goretsi du: «Oso ideia ona izan zen gurea bezalako unibertsitate publiko eta jeneralista bat sortzea, zubi lana egiten baitu askotariko ezagutza arloen artean, belaunaldien artean, lurraldeen artean, enpresa eta entitateen artean, eta eragile publiko eta pribatuen arteko sinergiak azaleratzen laguntzen du». EHU gizartearen erdigunean nahi du errektoreak, eta gizartea EHUren erdigunean; alde horretatik, nabarmendu du unibertsitatean sortzen den ezagutza gizartera iristen dela: «Gure ikerketen onurak jaso ez dituen eskualderik ez duzue aurkituko Euskal Herrian».

Hala ere, «jauzi kualitatibo bat» egin nahi du Ferreirak, batez ere nazioarteko posizionamenduan, eta horretarako unibertsitate plana amaitzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Eta Iñigo Urkullu lehendakariak erantzun dio unibertsitate sistemaren plan berria prestatzen ari direla 2023-2026 aldirako; hor jasoko dituzte EHUrentzako eta unibertsitate pribatuentzako estrategiak. «Hiru printzipiotan oinarrituta dago: euskal gizarteari eta Europakoari unibertsitate zerbitzua bermatzea, unibertsitatearen balio soziala ekartzea eta ikusaraztea, eta inor atzean ez uztea».

Era berean, lehentasunen artean jarri du Basurtuko (Bilbo) Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea; izan ere, obrak martxan jarri behar zituen enpresak berriki uko egin dio kontratuari, kostuen gorakada dela eta. «Herri proiektu estrategiko bat da. Gure konpromisoa irmoa da, eta unibertsitatearekin lanean ari gara sortu diren zailtasunak gainditzeko eta proiektu hau premiaz gauzatzeko», esan du Urkulluk.

Sindikatuak, protestan

Bizkaia aretoaren kanpoaldean, berriz, sindikatuak izan dira protestan. Langileen kopuruan eta baldintzetan «gabeziak» daudela salatu du LABeko ordezkari Gabi Elkoroariztizabalek, eta EHUrentzat baliabide gehiago eskatu ditu: «Unibertsitate publikoak ez du jasotzen autonomia erkidego honetako erakundeetatik finantzaketa nahikorik, eta horrek ekarri gaitu egoera honetara: langile talde eskasa, ikerketa ganoraz garatzeko zailtasunak...».

Antzera mintzatu da ELAko Amaia Murua: «Kalitatezko unibertsitatea izateko, dirua behar da, eta gero eta finantzaketa apalagoa jasotzen du EHUk». Zehaztu du Europan batez beste BPGaren %0,91 jartzen dela unibertsitate publikoentzat, baina EAEn %0,40 baino ez dela inbertitzen. «Duela hamar urte baino askoz gutxiago: 2008ko krisiaren ondoriorik latzenak pairatzen ari ginenean, %0,50 ematen zion Jaurlaritzak EHUri». Urkulluri egotzi dio unibertsitate publikoan «ez sinestea», eta Euneiz diruztatzea —gaur jarriko da martxan ikastegi pribatu hori, 110 ikaslerekin—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.