Idurre Eskisabel izango da Kontseiluko idazkari nagusia

Paul Bilbaok hamabi urte eman ditu kargu horretan, eta hura ordezkatuko du Eskisabelek gaur zortzi, Durangon. Euskararen auzia «gizartearen lehentasun» bihurtzea eta aliantzak sendotzea jarri ditu helburu

Idurre Eskisabel, atzean Euskalgintzaren Kontseiluaren logoa duela. EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA.
Julen Aperribai.
2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Aro aldaketa Euskalgintzaren Kontseiluan. Azken hamabi urteetako idazkari nagusi Paul Bilbaok (Getxo, Bizkaia, 1971) ez du segituko, eta Idurre Eskisabel izango da aurrerantzean kargu horretan (Beasain, Gipuzkoa, 1970). Gaur zortzi irudikatuko dute lekuko aldaketa, Kontseiluaren 25. urteurrenaren karietara Durangon (Bizkaia) egingo duten ekitaldi batean.

Kazetaritzako eta antropologiako lizentziaduna da Eskisabel, eta, besteak beste, kazetaritzan ibilbide luzea egindakoa, Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn. Horrez gain, hedabide askotan kolaboratzaile ibili izan da, eta, gaur egun, pentsamendu feministari eskainitako Eskafandra bildumako kontseilu editore taldeko kidea da, baita Lokatza podcastaren egileetako bat ere. Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide ere bada, Hizkuntza eta Genero atalekoa. EHUko Kazetaritza graduan irakasle izan da oraintsu arte.

Euskararen eta feminismoaren arteko harremanaz egindako gogoetengatik ere bada ezaguna. 2019an, Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara saiakera liburua argitaratu zuen, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariarekin batera. Lehenago, 2018an, Goseak janak poema liburua plazaratu zuen. «Hizkuntzaren, kulturaren eta gizartearen gaineko ezagutza zabalak ditu, eta gertukoek pertsona ireki, gertuko eta intelektualki zorrotz gisa definitzen dute, esperientzia eta solbentzia handikoa», nabarmendu dio Kontseiluak.

Izendapenaren berri emateko bideoan, Eskisabelek adierazi du «erantzukizunez eta lanerako gogoz» eman diola baiezkoa idazkari nagusiaren kargua hartzeko proposamenari. Hizkuntzaren auzia «gizartearen lehentasun» bihurtzea eta aliantzetan sakontzea jarri ditu helburutzat, euskalgintzako eragileekin nahiz euskalgintzatik kanpo aritzen direnekin: «Kohesio sozialaren eta justizia sozialaren arloan aritzen diren eragile guztiekin, hain justu, hizkuntzaren auzia, euskararen biziberritzea arlo horretakoa delako».

Izan ere, euskararen aldeko borroka beste borroka eraldatzaileekin eta bestelako bazterrekotasunekin lotuta dagoela uste du Eskisabelek, sarritan azaldu eta erakutsi izan duenez. Hala egin zuen, esaterako, euskararen utopia irudikatzeko udan BERRIAk proposatutako ariketan. Iruditegi eta mundu bizigarriago baten aldeko borroka euskararenean integratuta ikusten duela esan zuen, baita historikoki hala egon dela ere: «Euskararen aldeko erresistentziaren ibilbide hau aspalditik da hizkuntza jakin bati eustetik haragokoa». Haren aburuz, euskalgintzaren «bertuteetako» bat da, hain justu, «bere burua proiektatzen duenean kontuan hartzen dituela beste zapalkuntzak, eta baduela joera «prozesu eraldatzaileekin lotzeko».Egungoa euskalgintzarentzat «momentu interesgarria» dela ere gaineratu zuen.

Mende laurdenarekin bat

Garai zinez berezi batean dator kargu aldaketa. Izan ere, bihar zortzi 25 urte beteko dira euskalgintzako erakundeak batu eta Kontseilua eratu zutenetik. Mende laurdena ospatzeko eta kargu aldaketa irudikatzeko, ekitaldia egingo dute egun horretan, Durangoko San Agustin kulturgunean (Bizkaia), han egin baitzuten eratze batzarra, Durangoko Azokaren testuinguruan.

«Euskararen normalizazio prozesua azkartzeko sozialki zein politikoki eragiteko xedearekin» sortu zuten Euskararen Gizarte Eragileen Kontseilua, 1997ko abendu hartan —2019an hartu zuen Euskalgintzaren Kontseilua izena—. Hamaika adostasun eta proposamen ondu ditu ordutik; besteak beste, Bai Euskarari akordioa eta ziurtagiria, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa eta Batuz Aldatu adostasun soziala. Hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala da azken hori, eta haren oinarrien gainean egin ditu Kontseiluak azkenaldian proposamenak, arloz arlo. «Euskara eroso erabiltzeko baldintzak sortu eta bermatzea» da egitasmoaren xedea, eta, horretarako, bi baldintza eskatzen ditu: «Ezagutzaren unibertsalizazioa eta euskara erabiltzeko eremuen sorrera eta saretzea». Akordio sozial moduan sortua adostasun politiko bihurtzeko asmoz, talde eragile bat sortu da berriki.

Euskararen normalizazioaren aldeko gizarte eragileen bilgunea ere bada Kontseilua. 26 bazkide oso ditu egun, eta lau so egile. Xabier Mendiguren izan zen idazkari nagusi urte luzez, harik eta 2010ean orduan Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Bilbaori erreleboa eman zion arte. Hark gidatu du Kontseilua ordutik. «Ziklo berria, aro berria, lemazain berria», adierazi du Bilbaok Twitterren, Eskisabelen izendapenaren harira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.