Euskalgintzatik «aparte» daudenekin ere adostasunak landu nahi ditu Kontseiluak

Eskisabelek aurreratu du «protokolo bateratu bat» prestatzen ari direla epaitegiek hizkuntza eskubideen aurka emandako ebazpenei aurre egiteko

Paul Bilbao eta Idurre Eskisabel, atzo, Bilbon, iazko balantzearen eta aurtengo aurreikuspenen berri ematen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Maite Asensio Lozano - Julen Aperribai
Bilbo
2023ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Gero eta eragile sozial eta norbanako gehiago euskararen biziberritze prozesuarekin engaia daitezen ahaleginduko da Euskalgintzaren Kontseilua aurten, Idurre Eskisabel idazkari nagusiak aurreratu duenez. Iragan urtearen errepasoa egin zuen atzo Bilbon, eta hasi berri den honetan langai izango dituenak aurkeztu. Batuz Aldatu adostasun soziala zabaltzea izango da ildo nagusietako bat, eta, bide horretan, «esanez eta entzunez» jardun nahi dute, «ulertzera emateko hizkuntzen auziak baduela bizikidetza eta kohesio soziala indartzetik, eta ondorioz, justizia sozialean eta demokratizazioan sakontzetik».

Kontseiluak lehentasuntzat jo du «beren burua euskalgintzatik eta euskaratik aparte xamar ikusten duten eragile eta norbanakoekin» lan egitea, haiekin kontsentsuak bilatzea eta jostea. «Adostasun horien oinarria izan behar da onartzea euskara biziberritzeaz ari garenean ez garela ari abstraktuan hizkuntza baten iraupenaz, baizik eta milaka euskal herritarren oinarrizko eskubideez», adierazi du Eskisabelek.

Eskubideak bermatzeko, baina, hizkuntza politikan «jauzi bat» egin behar dela berretsi du. Are gehiago, egungo dinamika globalei erreparatuta: «Mundu osoan gertatzen ari diren aldaketa ekonomiko, sozial, politiko eta kulturalak gero eta azkarrago doaz, eta aldaketa horiek eragiten dute guk norbanako eta kolektibitate gisa hizkuntzekin ditugun harremanetan. Diglosia jada ez da bakarrik frantsesarekin edo gaztelaniarekin, baizik eta ingelesarekin ere bai».

Hori dela eta, Eskisabelek uste du orain arteko hizkuntza politikak ez direla aski: «Europako estatu hizkuntzak inbertsio handiak egiten ari dira, hain zuzen, ingelesaren hegemoniari aurre egiteko; batez ere, ikus-entzunezkoetan eta entretenimenduan hizkuntzaren kapital sinbolikoa handitzeko. Testuinguru horretan, gurea bezalako hizkuntza gutxitu batek zailtasun handiagoak ditu, eta, beraz, baliabide handiagoak ere behar ditu. Euskarak jauzi bat behar du, XXII. mendera bizirik eta noranahiko eraman nahi badugu behintzat».

Bigarren lan lerroa «euskararen kontrako oldarraldi judizialari aurre egitea» izango da. Hizkuntza eskakizunen kontra Irunen (Gipuzkoa), Laudion (Araba) eta Barakaldon (Bizkaia) izan diren ebazpen judizialekin kezkatuta agertu da Eskisabel: «Epai bakoitzak baditu bere berezitasunak, baina lerro komun bat dago: auzitan jartzea euskara normalizatzeko eta biziberritzeko araugintza eta adostasuna».

Arlo horretan «eragiteko formuletan pentsatu» nahi du Kontseiluak, eta Eskisabelek aurreratu du protokolo bat prestatzen ari direla halako «erasoei» aurre egiteko: «Ahalik eta adostasun eta bateratasun zabalenaz landu nahi dugu». Emakumeen Mundu Martxak hilketa matxisten aurka mobilizatzeko darabilen protokoloa dute eredu: «Eskubide urraketen harira haserrea adieraztea ona da batzuetan; zerbaiten abiaburu izan daiteke. Feminismoak irakatsi digu ahalduntzeko balio duela, elkartzeko, beste zerbait proposatzeko».

Hezkuntza auziak

Martxan diren egitasmoetan aurrerapausoak ematen ere saiatuko da Kontseilua. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Hezkuntza Legean eta administrazioan euskararen erabilera arautzeko dekretuan: «Gai izan gara beste auzi batzuetan liskar handiak dituzten eragileak proposamen jakin baten inguruan biltzeko», gogoratu du Paul Bilbao idazkari nagusi ohiak. Nafarroan, ofizialtasunaren aldarrikapena «ardatzean jartzen» ahaleginduko da, eta PAI ingelesezko ereduaren ondorioz «euskal hiztunek jasaten duten bazterkeria eteten». Hezkuntzari lotutako auziak izango dira Ipar Euskal Herrian ere: azterketak euskaraz egin ahal izatea eta murgiltze eredua «zabaltzeko trabei» aurre egitea.

Gainera, Bilbaok nabarmendu du iazkoa «plazak hartzeko urtea» ere izan zela: «Herritarrak kalera atera dira bidegabekeriak salatzeko; 11 egunez Euskal Herria korrika ibili zen; eta milaka ahobizi eta belarriprest izan dira beste behin. Pandemia joan da, eta berriro aurkitu dugu herri gogo bizia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.