Ultimatuma eta greba hotsak

Sindikatu Medikoak ezezko borobila eman dio Nafarroako Gobernuaren eskaintzari, eta grebari eutsi dio. Eskaerak: soldata igoera handiagoa, esklusibotasuna eta gobernuaren solaskide bakarrak izatea

Sindikatu Medikoko kideak, atzo, greba hasi aurreko elkarretaratze batean. VILLAR LOPEZ / EFE.
Ion Orzaiz.
2023ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Apurtu da soka. Nafarroako Sindikatu Medikoak atzera bota du Osasun Departamentuak aste honetan egin dion eskaintza, eta koska bat gorago jarri du eskakizunen langa: «esklusibotasun erabatekoa» nahi du sendagileentzat, publikoan eta pribatuan aldi berean aritzea galaraziko dien bateraezintasun klausularik gabe, gobernuak proposatu zion bezala. Horrez gain, soldata igoera are handiagoa exijitu dute: hilean 500 eurokoa aurten, «eta 2024. urtean beste 500 euro igotzeko konpromiso parlamentarioa». Eskaera horiek bete ezean, Nafarroako sendagileak greba mugagabera deituko dituzte gaurtik aurrera.

Sindikatu ultrakontserbadorearen atzoko ultimatumak gehiago du jarrera irmoa erakusteko beharretik, adostasunerako borondatetik baino. Izan ere, mahai gainean eskaera zorrotzagoak jartzeaz gain, grebaren deitzaileek uko egin zioten atzo negoziazio batzordearen bilerara agertzeari, «greba batzordea osatzen duten bost kideetatik bik beste betebehar batzuk zituztelako». Sindikatuko arduradunek ohar batean azaldu zuten ez zutela asmorik Osasun Departamentuari «itsuskeriarik egiteko», eta, bilerara agertu ez ziren arren, ez dituztela negoziazioak apurtutzat eman: «Eskaintza zoragarri bat egiten badigute, bertan behera utziko dugu greba».

Soldata oinarriari buruzko puntuan, hilean 400 euroko igoera proposatu zuen Nafarroako Gobernuak. Hori aski ez dela iritzita, 1.000 euroko igoera planteatu du sindikatuak, datozen bi urteetarako: aurtengo soldatan gehitu beharrekoa —500 euro hilean— atzerako eraginez aplikatu beharko luke Osasunbideak, urtarrilaren 1etik aurrera. Datorren urtean beste 500 euro gehituko dizkietela ziurtatzeko, ordea, «konpromiso parlamentario bat» exijitu du Sindikatu Medikoak.

Soldataz gain, baina, medikuen esklusibotasuna da sindikatuaren eta gobernuaren arteko marra gorri nagusia. Osasun Departamentua prest agertu da esklusibotasuna kentzeko, baina sendagileen «bateraezintasun» klausulari eutsi dio bere azken proposamenean. Horren arabera, medikuek aukera izanen lukete lan orduetatik kanpo beste jarduera edo lan batzuetan aritzeko, baina ez mediku gisara.

Horrek bertan behera utziko luke Sindikatu Medikoaren hasierako asmoa: Osasunbidean aritzeagatik jasotzen duten esklusibotasun osagarria kobratzen segitzea —soldataren %50 inguru—, baina «askatasuna» izatea klinika pribatuetan ere lan egiteko. Sindikatuak gogor kritikatu du departamentuaren jokabidea: «Harritu egin gaitu bateraezintasunaren kontzeptu hau orain sartzeak, negoziazioen puntu honetan. Akordiorako aukerak urrundu ditu honek».

Parlamentua jopuntuan

Puntu horri dagokionez, gainera, gobernuaren eskuduntzez haragoko konpromiso bat exijitu du Sindikatu Medikoak: «Lege erreforma bat eskatzen dugu, edozein langilek aukera izan dezan bere aisialdian nahi duen jarduera egiteko, horregatik zigorrik jaso gabe. Horretarako, bertan behera utzi behar dira 11/92 Foru Legearen 10.3 eta 10.6 artikuluak». Aldaketa hori ezin du gobernuak bere kabuz egin, eta aliantzak bilatu beharko lituzke Nafarroako Parlamentuan. Gaur-gaurkoz, aukera horren kontra azaldu dira Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra; hortaz, medikuen sindikatua zeharka eskatzen ari da PSNren eta Navarra Sumaren arteko akordio bat, hauteskundeen bezperan.

Nafarroako Sindikatu Medikoak, azkenik, solaskide bakarra izan nahi du Nafarroako Gobernuarekin, medikuei dagozkien kontuetan. Hau da, bere aldarrikapenak ez ditu eztabaidatu nahi gainerako sindikatuek ordezkaritza duten foroetan: ez Osasun Departamentuko mahai sektorialean, ezta Funtzio Publikoko mahai orokorrean ere. «Akordio bat lortuko balitz, agiri honetan jasotako aldarrikapenek greba bukatzeko itun baten izaera izanen lukete, eta ez dira eztabaidatuak, moldatuak edo berretsiak izanen beste ezein negoziazio mahaitan; aitzitik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira sinatu eta berehala, eta greba ez da bertan behera geldituko, hor argitaratuak izan arte».

Sektoreak ez du babesten

Sindikatu Medikoak badu motiborik sendagileen kolektiboa osatzen duten beste eragileekin mesfidati agertzeko: gainerako sindikatuek ez dute greba babesten —hasiak dira mobilizazio alternatiboak antolatzen—, eta Nafarroako Medikuen Elkargoak ere ez dio sostengu espliziturik eman, «hauteskundeen atarian interpretazio politikoa izan baitezake», eta medikuen kolektiboa osatzen duten «sentsibilitate guztiak» errespetatu nahi baititu.

Nafarroako Gobernuko lehendakariak, Maria Txibitek, «txarretsi» egin du Sindikatu Medikoko ordezkariek Osasunbideko buruekin batzartzeari uko egin izana, baina adierazi du aurrerantzean ere «zabalik» izanen dituztela «negoziazio bide guztiak». Gobernuak gaineratu du gutxieneko zerbitzuak ezarriko dituela, gaurtik aurrera ere osasun arta herrialde osoan bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.