Aldagai sozioekonomikoa aintzat hartuta banatuko dituzte ikasleak

Datorren ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. Etzi hasiko da kanpaina, hilaren 24ra arte. Hezkuntza Sailaren asmoa da, besteak beste, etxetik gertuko eskolatzea sustatzea

Begoña Pedrosa, Jokin Bildarratz eta Eduardo Ubieta, atzoko agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Bilbo
2023ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Hezkuntza sistema «orekatuago» bat lortzea; horixe izango du helburu nagusi Eusko Jaurlaritzak astelehenean abiatuko duen matrikulazio kanpainak. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, xede hori erdiesteko bidean, matrikulazioak «nobedade batzuk» izango ditu. Eta diru publikoa jasotzen duten eskola denak izango dituzte bidelagun: «Ikastetxe guztien parte hartzearekin, matrikulazio orekatuago bat lortuko dugu». Testuinguru horretan, berritasun nagusia izango da Jaurlaritzak aldagai sozioekonomikoak aintzat hartuta banatuko dituela ikasleak. Atzo aletu zituzten berrikuntza guztiak Bildarratzek berak, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Eduardo Ubieta ISEI Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko zuzendariak, Bilbon.

Aldaketen nondik norakoen berri Pedrosak eman zuen. Berritasun nagusietako bat lekuen erreserba sistema izango da. Hau da, diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek —publikoek nahiz itunpekoek— Hezkuntza Sailak zehaztuko dien leku kopuru bat gorde beharko dute ikasle zaurgarrientzat. Eta nola erabakiko dute kopurua? Eskaerak aurkezteko garaian, gehienbat euren egoera sozioekonomikoari buruzko galderak izango dituen inkesta bat bete beharko dute familia guztiek, eta hortik aterako duten informazioarekin erabakiko dute zein ikasle hartuko duten zaurgarritzat. Behin hori jakinda, eremuko zaurgarritasun indizea zenbatekoa den kalkulatuko dute, eta ikastetxe guztiek indize horretara gerturatu beharko dute. Alegia: lehendik ikasle zaurgarri asko dituztenek leku gutxiago gorde beharko dituzte zaurgarrientzat; gutxi dituztenek, berriz, gehiago. Adibide bat eman du Bildarratzek: «Tolosako eremuan %15eko zaurgarritasun indizea badaukagu, Tolosako hiru zentroek epe jakin batean %15 horretara joan beharko dute».

«Pedagogia ariketa bat»

Aldaketa ez da bat-batekoa izango: sailburuaren esanetan, 2 urteko umeen matrikularekin hasiko dira, «zuhurtziaz» jokatu nahi baitute: «Ez dugu nahi izugarrizko aldaketarik momentu batetik bestera, baizik eta pixkanaka-pixkanaka kudeatzen den zerbait izan behar du, arazorik egon ez dadin». Beraz, gaur egun jada ikastetxeetan dauden ikasleak ez dituzte lekuz aldatuko. Horretarako, herritarrekin «pedagogia ariketa bat» egin beharko dela gehitu du Pedrosak.

Eta zer gertatuko da itunpeko ikastetxe batera bideratzen dituzten ikasle zaurgarriekin? Kazetarien galderei erantzunez, Bildarratzek ziurtatu du Hezkuntza Sailaren eskutik itunpeko zentro batera doazen ume zaurgarrien gastuak sailak berak ordainduko dituela. Gainerakoentzat ere doako izateko bidea jorratzen ari direla ere nabarmendu du: «Itunen eta kuoten gaia prozesu bat izango da».

Lekuen erreserban ez ezik, eskaintzan ere esku hartu asmo du Hezkuntza Sailak. Gehiegizko eskaintza edo gutxiegizkoa saihestea izango da irizpide nagusia onarpen prozesuan ikastetxe bakoitzean zenbat leku eskainiko diren erabakitzeko. Zonifikazioan ere egin dituzte aldaketak, eta eragin eremu zabalagoan ezarri dituzte, ohar bidez azaldu dutenez, «aniztasunaren banaketa orekatuagoa errazteko». Eragin eremu bakoitzean gutxienez ikastetxe publiko bat dago.

Gainera, gertuko eskolatzea sustatu nahi dute. Horretarako, zazpi puntu emango dituzte—orain arte sei ematen zituzten— familiaren bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxean matrikulatzeko —publikoan nahiz itunpekoan—, betiere bizitokia ikastetxearen eragin eremuan badago. Eremuko beste edozein ikastetxetarako, berriz, bost puntu emango dituzte. Familiei gogorarazi diete nahi bezainbeste eskola aukeratu ahal izango dituztelamatrikulazioa egiteko zerrendan —beren eragin eremukoak izan zein ez—, eta ahalik eta ikastetxe gehien aukeratzeko eskatu diete. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familiek, orotara, 697 ikastetxe izango dituzte aukeran —%65 publikoak, eta %35 itunpekoak—.

Matrikularako epeak

Aldaketez gain, matrikulazio epeak ere jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzak. Hilaren 13tik 24ra izango dute familiek eskabideak eta agiriak aurkezteko aukera, online nahiz ikastetxean bertan; martxoaren 14an, behin-behineko zerrendak argitaratuko dituzte; apirilaren 4ra arte izango dute familiek erreklamazioak egiteko aukera; apirilaren 20an argitaratuko dituzte behin betiko zerrendak; eta errekurtsoak aurkezteko epea maiatzaren 22an amaituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.