Aitorpenerako Koadernoak eman dizkie Jaurlaritzak ETAren biktimei

Justizia Sailak dosier batzuk prestatu ditu argitu gabeko kasuen arteko 52 biktimaren senitartekoentzat. 1980an hildako hiru biktimaren senideek testigantza eman dute: «Ez dadila ahaztu zer gertatu zen»

ETAren biktimen senideei egindako omenaldia, atzo, Gasteizen. DAVID AGUILAR / EFE.
xabier martin
2023ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Oroitzapenerako eta Aitorpenerako Koadernoen bigarren sorta banatu du Eusko Jaurlaritzak ETAren biktimen senideen artean. Erabat argitu ez diren kasuen arteko 52 biktimarentzako aitortzak prestatu ditu gobernuak, eta horietako 11ren senideei eskura eman zizkien atzo, haien oroitzapenaren eta aitortzaren ikur gisa; ETAren atentatuen harira bizitakoaren testigantzak eman zituzten hiruk, Gasteizko Goiuri jauregian egindako ekitaldian. «Ezin dizuegu egia judiziala eskaini, baina egiarekin dugun konpromisoaren sinboloa da hau», esan zien Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Horrelako beste 87 aitortza koaderno iritsarazi dizkie Jaurlaritzak ETAren biktimen senideei ekitaldia baino lehen, eta atzoko ekitaldian hunkiturik azaldu zien Melgosak han izan ziren biktimei eta elkarteei, besteak beste AVTri eta Coviteri, «egiak» ez duela «preskribatzen», eta «exijentzia morala» dela egiari ekarpena egin nahi dion «ororentzat». «Egia duen memoria nahi dugu biktimei begietara begiratzeko, eta esateko hilketa horiek bidegabeak izan zirela».

Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk sinatutako dosierrak banatzeko ekitaldian hiru biktima euren bizitzari eta sentipenei buruz aritu ziren. Adeli Becerrak haren anaia Joaquin Becerraren hilketa eta haren ostekoak esplikatu zituen, 1980ko Amurrion (Araba). «Bizitza osoa aldatu zigun. Amaren ondoan tirokatu zuten, eta, gero, bidea egin behar duzu berriro, baina dena da desberdina eta gogorra», kontatu zuen.

«Eskertzekoa da omenaldi hau, baina oso berandu iritsi da. Gure ama 1993an hil zen, eta ez zuen jaso horrelako aitortzarik», azaldu zuen Ruth Dovalek, Juan de Dios Doval aita zuenaren heriotzaren nondik norakoak zehaztu zituenean. 1980an hil zuten hura, Donostian. EHUko irakaslea zen, eta UCD alderdiko karguduna.

Jose Ignacio Ustaranek esplikatu zuen «Andaluzian [Espainia] beste bizitza bat» eraikitzeko aukera izan zuela, familiak Gasteiz utzi zuenean, aitaren aurkako atentatuaren ondoren —semearen izen bera zuen—. 1980an hil zuten: «Hiru kaputxadun etxera sartu, eta eraman egin zuten. Hil egin zuten gero. Aita eta ama UCDkoak ziren, eta ama zen kargu garrantzitsuagoa zuena; jakinarazi zien kaputxadunei, baina aita eraman zuten».

«Ez dago azalpenik»

«Ez dago hilketa bat justifikatzen duen arrazoirik gertatu zitzaizuena azaltzeko, ez kausa politikorik, ez bestelakorik. Ez zegoen, ez dago, eta ez da egongo», esan zien Melgosak biktimen senideei. Ekitaldi hasieran, han zegoen senide bati erreparatu zion Melgosak: aditzera eman zuen aspaldiko harremana duela harekin, eta, tarte batez, asko hunkitu zen. «Barkatu erakundeek ez zutelako jakin gertu egoten; barkatu, benetan», esan zien Goiuri jauregian elkartutako ETAren biktimen senideei.

Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren harira, biktimei esan zien «hilketa guztiak guztiz bidegabeak» izan zirela. «Biktimek zergatik galdera egin diote beren buruari; negar egin, eta min bera sufritu dute. Eta ziur nago guztiek etorkizun bera nahi dutela: indarkeriarik gabeko etorkizuna, baketsua».

Ekitaldia bukatu aurretik, Gasteizen bildutako senideek banan-banan jaso zituzten oroitzeko eta aitortzeko dosierrak, haien senitarteko hilen argazkiak eta izenak proiektatzen zituzten bitartean. Bi dantzariren agurrarekin amaitu zen ekitaldia. Hain zuzen, Pili Kaltzada ekitaldiaren aurkezlearen hitzetan,«xumea baina bihotzetik egina» izan zen omenaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.