Prostituzioa «erauztearen» alde agertu da Espainiako Kongresua

PSOEk aurkeztu du legez besteko proposamena, eta aurkako botorik gabe onartu dute. Halere, gainerako taldeek ohartarazi dute ez dela gaiaz eztabaidatzeko «garai egokia»

Adriana Lastra PSOEko diputatua, atzo, Kongresuan, proposamena aurkezten. J.P. GANDUL / EFE.
2019ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Prostituzioa «erauzteko» proposamen bat aurkeztu du PSOEk Espainiako Kongresuan, «sexu esplotaziora bideratutako pertsonen trafikoaren aurka borrokatzen jarraitzeko» adierazpen baten barruan. Kongresuak onartu egin du prostituzioaren aurkako eskari hori —231 baiezko, 110 abstentzio—, baina alderdi gehienek sozialisten jarrera gaitzetsi dute. Ohartarazi dute oraingoa ez dela «garai egokia» prostituzioaren gaia jorratzeko. Alderdiek aurretik adostu zuten giza trafikoaren aurkako lege bat aurkeztea, eta uste dute «iruzur» egitea dela PSOEk hauteskundeen atarian horrelako proposamen bat egitea.

Adriana Lastra PSOEko diputatuak adierazi du Espainiako Gobernuaren asmoa zela «geroago» aurkeztea prostituzioari buruzko proposamena, hauteskundeak aurreratu direlako erabaki dutela legez besteko proposamena Kongresura eramatea. Ciudadanosek eta Podemosek bi zuzenketa aurkeztu dituzte pertsonen trafikoaren aurkako legeaz, baina PSOEk ez ditu aintzat hartu: «Giza trafikoaren arrazoia da prostituzioa. Ez dugu zuzenketarik onartuko».

Sozialistek lortu dute prostituzioaren aurkako adierazpena aurrera ateratzea, baina kritika ugari jaso dituzte gainerako alderdien aldetik. Sofia Castañon Podemoseko diputatuak PSOEri leporatu dio feminismoa «erabili» izana bozen atarian: «Ez du balio legez besteko proposamen hau orain aurkezteak, zeren herritarrei transmititzen diegu egiten ez dugun zerbait egiten dugula. Ez dago baliabide nahikorik instituzioetan. Arduragabekeria da». Horretaz gain, ohartarazi du proposamenak giza trafikoari soilik erreparatzen diola, eta ez duela zehazten nola indargabetu prostituzioa: «Ez du ekarpenik egiten». EAJk ere uste du ez dela garai egokia prostituzioari buruzko eztabaida zabaltzeko: «Ezin da horrela jokatu hain gai serioekin».

Ez legala, ez ilegala

Gaur egun, Espainiako legediak jasotzen duenaren arabera, prostituzioa ez da ez legezkoa eta ez legez kanpokoa: «librea» da; betiere, borondatezkoa bada. Langileak derrigor jaso behar du dirua. Halaber, delitua da eskari baten bitartez egiten denean, eta leku publiko batean, adingabeentzako tokiren batean —eskoletan edo parkeetan— edo bideko sergutasunarentzat arriskutsuak izan daitezkeen lekuetan egiten bada.Prostitutek sindikatu bat osatu nahi izanak hauspotu du prostituzioa legeztatzeari buruzko gaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.