Euskarazko esperimentazioa zabaltzeari uko egin dio ikuskariak

Pierre Barriere akademia ikuskariak iritzi dio esperimentazioaren emaitzen ebaluazioa eta euskaraz irakasteko gai diren irakasleak falta direla. Ipar Euskal Herriko hautetsiek dei egin diote Parisi

Bernadette Soule, Beñat Arrabit eta Miren Dobaran, atzo, Baionan egin zuten prentsaurrekoan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun

«Baldintzak ez dira beteak». Horrela argudiatu du Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskariak heldu den ikasturterako Angelu, Ainhoa (Lapurdi) eta Irisarriko (Nafarroa Beherea) ama eskoletan euskarazko esperimentazioa ez zabaltzeko erabakia. Gurasoen atxikimendu apala, esperimentazioaren emaitzen ebaluazio falta, eta euskaraz irakasteko gai diren irakasleen eskasia aipatu ditu, nahas-mahas: «Ni ez naiz esperimentazioak egitearen kontra, baina kalitatezko irakaskuntza eskaintzea da lehentasuna», adierazi du. Arazo tekniko bat baino gehiago, erabaki politiko bat ikusten du Beñat Arrabit EEPko lehendakari eta Euskal Elkargoko Hizkuntza Politikarako lehendakariordeak. Elkarrizketan segitzen dutela segurtatu du, eta hautetsiak ere inplikatuak direla. «Esperimentazioaren aldeko adostasun zabal bat bada Ipar Euskal Herriko hautetsien artean».

Sail elebiduna da Frantziako hezkuntza sistema publikoan euskaraz ikasi ahal izateko aukera bakarra. Hego Euskal Herriko B ereduaren gisara, euskaraz eta frantsesez ordu kopuru bera eskaintzen diete ikasleei —eskola anitzetan helburu hori bete gabe dago oraindik—. 2005eko Eskolaren Birfundaziorako Legeak aukera ireki zuen tokiko hizkuntzak irakasten dituzten eremuetan lege esparrutik atera eta esperimentazioak egiteko. Hala, 2008tik aitzina, EEP Euskararen Erakunde Publikoa «murgiltze» ereduaren esperimentazioak bultzatzen hasi zen sail elebiduna duten ama eskoletan. Gaur egun, Ipar Euskal Herriko hogei bat ikastetxetan proposatzen dute aukera hori.

Eskola batek esperimentazio proiektu bat abiatu nahi badu, eskola kontseilua ados egon behar da eta gurasoen babes zabala lortu behar du. Angelun, %60 agertu ziren alde. «Ez da aski», Barrieren hitzetan. «Proiektu bat onartzeko, kasik aho batez onartu behar da». Irisarrin eta Ainhoan lortu dute gurasoen babesa, baina hor arazo teknikoak aipatu ditu: ebaluazioa eta irakasle falta. Irakasleek, gurasoek, hautetsiek, EEPk, eta baita EEPren ebaluazioa egin zuten Frantziako Gobernuko ikuskariek ere, denek azpimarratzen dituzte esperimentazioaren onurak. Aurki doktoretza lan bat egitekoa dela eta horren emaitzak espero dituela erran du Barrierrek, ikerketa «zabalagoa» izan dadin.

Irakasleen falta ere aipatu du akademia ikuskariak. «Erraten didate aurten 52 aurkeztu direla azterketetara. Ados. Baina iaz 47 aurkeztu ziren eta zazpik lortu zuten».

Lan politikoa Parisen

Erabakia «ulertezina» da, eta «seinale txarra» litzateke, Beñat Arrabiten iritziz. Haren ustez, Barriereri «goragotik» eman diote agindua. Errefusatutako hiru proiektuetatik Irisarriko kasua azpimarratu du, ez lukeelako irakasle postu berri bat irekitzea ekarriko. EEPko biltzar nagusian aipatu zuten gaia, baina onartu du presio bide «gutxi» dutela. Haren arabera, EEPko teknikariak lanean ari dira, eta hautetsiak lan politiko bat eramaten ari dira Parisen.

Iragan azaroan bilkura bat izan zuten Frantziako Hezkuntza Ministerioan, hizkuntza gutxituen ardura duen Jean-Michel Blanquer ministroaren teknikari batekin. «Ez zen jakinean ere eskola publikoan lehen hiru urteak euskara osoz egiteko aukera bazela», deitoratu du Arrabitek. EEPko lehendakariaren hitzetan, erabakia ez da behin betikoa, eta baieztatu du hemendik aitzina ere «presioa» egiten segituko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.