Irailaren 16an hasiko dira presoen eskubideen aldeko lana epaitzen

«ETAren espetxe frontea» osatzea egotzita, 47 lagun daude auzipetuta Espainiako Auzitegi Nazionalean,. Fiskalak 601 urteko eskaera egin du denera. Sarek dio auzia «onartezina» dela

Hodei Iruretagoiena.
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Euskal presoen eskubideen alde lanean jardundako bitartekari eta eragileen aurkako epaiketa datorren irailaren 16an hasiko da. Denera, 47 lagun daude auzipetuta Espainiako Auzitegi Nazionalean, «ETAren espetxe frontea» osatzea egotzita: Herrira mugimenduan ibilitakoak, Jaiki Hadi eta Etxerat elkarteetakoak, bitartekariak eta euskal presoen abokatuak. Fiskalak 601 urteko eskaera egin du denera.

Auzipetzeak egin eta hiru urtera, euskal presoen babes taldeen aurka abiaraziko dute epaiketa. Atxiloketak gertatu eta bost eta sei urtera, hain zuzen. Fiskalak zortzi eta 21 urte arteko espetxealdiak eskatu ditu; 601 urte, denera. Eta, bete ostean, beste lau eta zortzi urte arteko zaintzapeko zigorra. Horrekin batera, 117.600 euro isunetan. Auzipetuek aurreikusi dute epaiketak gutxienez hiru bat hilabete iraungo duela.

2013ko irailean Herrira-ren aurka eginiko polizia operazioan du jatorria 11/2013 sumarioak. EPPK-k handik gutxira atera zuen agiria, lege baliabideak erabiltzearen aldekoa. Preso eta iheslarien aldeko urtarrileko manifestazioaren bueltan iritsi ziren hurrengo operazioak: 2014ko urtarrilean, bitartekari taldeko zortzi lagunen aurka, eta hurrengo urtean, abokatuen eta beste lau lagunen aurka. 2015eko martxoan, azkenik, Jaiki Hadiko eta Etxerat-eko kideak atxilotu zituzten.

Eloy Velasco epaileak egin zuen instrukzioa, eta Auzitegi Nazionaleko fiskalak bat egin zuen haren tesiarekin. Horren arabera, auzipetuek «ETAren espetxe frontea» osatzen dute. «Erakunde terroristako kide» izatea leporatzen die ia denei. «Ondo zekiten ETArekiko egiturazko mendekotasuna zutela», dio epaileak. Auzipetze autoan, ordea, epaileak aitortu zuen aztertutako dokumentuetan ez dutela aurkitu ETAren eta ustezko Koordinazio Gunearen arteko lotura zuzenik.

Auzipetuek ohar batean azaldu dutenez, «estatuaren estolderietan sorturiko auzibidea» da 11/2013 sumarioa; «astakeria juridiko eta soziala». Urte hauetan guztietan sinatzera joan behar izan dute hamabostean behin, eta debekatua izan dute Espainiako Estatutik irtetea. «Egoera honek gure bizitzak baldintzatu ditu».

Egozten zaizkienak beren «printzipio etiko eta politikoei» lotutako lanak direla nabarmendu dute auzipetuek: «Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatzea, presoen osasuna zaintzea, presoak epaitegietan defendatzea, bitartekari lanak egitea, presoen senideak izatea eta sakabanaketari aurre egiteko antolatzea». Mundu osoan «inboluzioa» gertatzen ari dela azaldu dute, Altsasuko auzia eta Kataluniako egoera ikusita: «Epaiketaren atarian gauden honetan, aurreratu nahi dugu ez garela geldirik egongo. Epaiketa honen bidegabekeria salatuko dugu, behar den lekuan eta behar den guztietan».

Pieza ekonomikoa

Sumario berean, Velascok aparteko pieza batean sartu zuen auzi ekonomikoa, abokatuen eta Herrira-ren diru kontuekin lotua. Zergarik ez ordaintzea eta dirua zuritzea egotzi diete abokatuei, eta langileen segurtasunaren aurkako delitua Herrira-ri.

Epaiketarako eguna jakin bezain laster, Sarek salatu du euskal presoei «dagokien lege babesa eta artatze medikoa emateagatik» auzipetu dituztela 47ak. «Guztien bizkar akusazio eta zigor ez-proportziozkoak daude. Sufrimendua amaitzeko garai honetan, auzi onartezina da». Gainera, gogora ekarri dute auzi horretan Guardia Zibilak «lapurtu» egin zuela Sarek 2015eko urtarrileko manifestazioan bildutako dirua: «Oraindik ere itzuli ez dutena». LABek ere oharra kaleratu du, auzia bertan behera uzteko eskatzeko: «Kartzelak husteko garaia da, ez betetzekoa», esan du sindikatuak. Nafarroako LABeko bozeramaile Imanol Karrera auzipetuta dago, eta hamalau urte eta erdiko espetxe zigor eskaerari egin beharko dio a urre. EH Bilduk, berriz, elkartasuna adierazi die auzipetuei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.