Airez ere fumigatuko da

Neiker hasia da gaitzak jotako intsinis pinuetan tratamendu esperimentala lurretik probatzen. Datozen egunetan, airetik ere arituko dira: helikopteroz eta dronez

Drone bat pinudi baten gainetik hegan. NIKER.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Neiker hasi da intsinis pinuaren gaitzari aurre egiteko tratamendu esperimentala probatzen. Azken egunetan, Murga inguruan (Araban) lurretik fumigatu dituzte, eta, datozen egunetan, airetik fumigatzen hasiko dira. Laborategi eta berotegietan ere egingo dituzte in vitro probak: 70 gai aktibo eta produktu probatuko dituzte, eraginkortasuna aztertu eta gero pinuetan erabiltzeko. Aireko eta lurreko fumigazioetan, besteak beste, kitosano klorhidratoa, soja lezitina ez-transgenikoa, eztainu belarra eta garagar legamia erabiliko dituzte, produktu horien eraginkortasuna zein den probatzeko; fumigatzeko bi moduen eraginkortasuna ere neurtuko dute.

Iaz, gaitzak jotako pinudiak airez fumigatzeko baimena eskatu zioten Espainiako Gobernuari Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek, baina ukatu egin zien. Talde ekologistek gogor salatu zuten euskal erakundeen asmoa. Ekologisten arabera, oxido kuprosoarekin airetik fumigatzea baso eta ibaietan «erabateko sarraskia» egitea da. Baldintza jakin batzukbetetzen dituzten pinudietan tratamendu esperimentala probatzeko baimena eman zuen Espainiako Ingurumen Ministerioak. Orain arte, ez Neikerrek, ez euskal erakundeek ez dute argitu tratamendu hori airez ere probatuko den. Atzo baieztatu zuen Neikerrek berak, ohar baten bitartez.

Airetik, hektarea gehiago

Guztira, 150 hektarea fumigatuko dituzte airez: 90, Amoroton (Bizkaia), helikopteroz; eta 60, Luiaondon, Aramaion (Araba) eta Idiazabalen (Gipuzkoa), drone batekin. Aire bidezko fumigazioa noiz hasi eguraldiak baldintzatuko du: euririk ezin du egin, eta, dronea gidatzeko, haizeak ere lagundu behar du. Lurretik, lainoztapen motxilak erabilita hasi dira lanean. 24 hektarea tratatuko dituzte lurretik: zortzina Murgan (Araba), Artzentalesen (Bizkaia) eta Beasainen (Gipuzkoa).

Neikerren arabera, «tratamendua segurtasunik handieneko eta ingurumenarekiko errespetuzko irizpideei jarraituz diseinatu da, eta monitorizazio eta ebaluazio kontrolen anbizio handiko plan batekin osatuko da». Saioak urtero egingo dituzte, eta kanpaina bakoitzean tratamendu bat baino gehiago egingo dute. Datozen urteetan, hainbat substantzia probatuko dira. Neikerrekin batera, EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, Hazi fundazioa, Uraren Euskal Agentzia, Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Zeelanda Berriko baso ikerketarako Scion Research zentroa ibili dira tratamendua osatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.