Haur eta nerabeen aurkako sexu abusuak antzemateko kontrol tresna bat sortu dute

Bost lagunetik batek «sexu-indarkeria motaren bat» jasan du haurtzaroan, ikerketa baten arabera. Esan dute haurren kontrako sexu abusuak detektatzea dela zailena

Lehen Hezkuntzako haurren artean gero eta ohikoagoa da ziberjazarpena. Irudian, ume batzuk eskola batean. JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Ez da samurra haur eta nerabeen aurkako abusuak egoki antzematea. Umeen aurkako biolentziak ertz asko ditu, eta «oso konplexua» da horiek detektatzea. Adingabeenganako indarkeriaren egoeraren berri eman zuten atzo Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketarako sailburuordeak, Ainara Canto EDE fundazioko ikerketa arduradunak eta Rosa Lizarraga Agintzari kooperatibako psikologoak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haur eta nerabeenganako abusuak aztertzen dituen txosten bat aurkeztu zuten agerraldian. Txosten horretan bilduta daude adingabeenganako abusuak hobeto ulertzeko gakoak, eta baita horiek aurreikusteko eta detektatzeko neurri eta tresnak ere. Horietako bat da sexu abusuen kasuak identifikatzeko profesionalentzat garatu duten kontrol tresna. Webgune batean jarri dute eskura: Screening.agintzari.com

Indarkeria mota guztien artean, haur eta adingabeen aurkako sexu abusuak izaten dira detektatzeko zailenak, Lizarragak azpimarratu duenez. Ikerlariak jakinarazi du bost pertsonatik batek sexu-indarkeria motaren bat jasan duela, baina salatzen diren abusuen artean %2 bakarrik direla mota horretakoak. Sexu abusuak, oso denbora gutxian «tabu izateari»utzi, eta prebentzio eta lehentasunezko jarduera esparru bihurtu dira erakunde publikoentzat eta osasun, justizia eta hezkuntza alorretan lan egiten dutenentzat, baina gaur egun ez daude baliabide nahikoak horiek antzemateko. Areago, haur eta nerabeen sexu abusuak detektatzea da, egun, zenbait eremutako profesionalek izan ohi duten arazo nagusia.

Izan ere, oso konplexua da abusuak antzematea, Amilibiak azpimarratu duenez: «Ez daude sexu abusuaren jokabide adierazle espezifikoak eta bakarrak. Tratu txar mota baten adierazleak ez dira espezifikoak, eta beste arazo batekin egon daitezke lotuta». Arazoari irtenbidea emateko garatu dute kontrol tresna berria. Horren bitartez, haurrekin ohiko harremana duten profesionaleiezagutza egokiak eskaini nahi zaizkie sexu esplotazioari eta abusuari buruz, bai eta horiek antzemateko baliabideak eta haien berri emateko kanal egokiak bermatu ere.

«Abusuen susmo oinarritu bat ezartzeko diseinatuta dago, ez abusua gertatu den ebazteko». Tresna berriaren funtzioaz xehetasunak eman zituen Lizarragak. Screening edo kontrol tresna moduan diseinatu dute, profesionalak orienta daitezen sexu abusuen susmoak dituztenean. Horretarako, sexu abusuak detektatzeko 50 adierazlerik egokienak aukeratu dituzte. Edozein herritarrek erabili dezake tresna, baina bereziki profesionalentzat pentsatuta dago, hots, hezkuntza, osasun eta gizarte zerbitzuetako langileei. Testa Internet bidez egin daiteke, eta, hura erabiltzean, ez da zantzurik uzten; beraz, ez dago jakiterik tresna nork erabili duen, ezta webgunean egiten den kontsultaren xede den ume edo nerabea nor den ere.

Txostena

Haur eta nerabeen aurkako indarkeria aztertzen duen txostenaren harira, gogoeta egin zuen EDE fundazioko ikerlariak: «Arraila oso esanguratsua dago dauden kasuen eta erregistratzen direnen artean». Eta txostenaren hainbat datu eman zituen hori baieztatzeko: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bost herritarretik batek «sexu indarkeria motaren bat» pairatu du haurtzaroan, eta indarkeria kasuen %10 baino gutxiago salatzen dira haurtzaroan edo nerabezaroan, hau da, indarkeria pairatzen den unean. Gainera, batez beste, legezko prozesuak hiru urteraino luzatzen dira, eta abusuak salatu dituzten haurrek lau aldiz kontatu behar izaten dute pairatutako indarkeria, azterlanaren arabera. Familiek jasotzen dituzten laguntzei dagokienez, txostenak dio askotan ez dela baliabide nahikoa jartzen abusu kasu batek haiengan eragin dezakeen «inpaktu negatiboa» arintzeko.

Datu kezkagarriak bildu ditu txostenak. Lehen Hezkuntzako4. maila eta DBHko 4. maila bitarteko bost ikasletik batek aitortu du sarritan eskola jazarpena pairatu duela, eta Lehen Hezkuntzako ikasleen %13k salatu dute ziberjazarpen motaren bat jasan dutela. Horrez gain, DBH egiten ari diren ikasleen %32k onartu dute ikaskide batzuk sexu orientazioagatik edo neska edo mutila izateagatik pairatutako bazterketaren baten lekuko izan direla. Era berean, azterlanak jasotako datuen arabera, 16 urte edo gehiago duten emakumeen % 10 inguruk bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria fisikoa jasan dute inoiz, eta 10 emakumetik seik baieztatu dute seme-alabek indarkeria egoeraren bat bizi izan dutela.

Datuok kezkagarriak izanda ere, haurren aurkako biolentzia «eragotzi» daitekeela azpimarratu zuen Cantok. Horretarako, ikuspegi integrala duen «prebentzio estrategia bat» garatzea proposatu zuen, erantzunak azkartuz, haurrei eta nerabeei «gehiago entzunez» eta emozioan oinarritutako hezkuntza afektibo-sexuala indartuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.