Koronabirusa

«Arduragabekeriak» atzeman dituzte Bizkaiko zahar etxeetan

Babestu senitartekoen elkarteak izurriaren lehenbiziko olatuan ikusitako hemeretzi kasu fiskaltzara eraman ditu, iker ditzan. Diputazioaren eta Jaurlaritzaren jarrera kritikatu dute

Babestuko ordezkariak, atzo, salaketak aurkezteko egin zuten protestan. MIGUEL TOÑA / EFE.
Arantxa Iraola - Uxue Rey Gorraiz
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Bizkaiko Fiskaltzara jo zuten atzo Bizkaiko zahar etxeetako egoiliarren senideen Babestu elkarteko ordezkariek, eta salaketak aurkeztu zituzten COVID-19aren izurriaren lehen olatuan egoitzetan atzemandako hainbat «arduragabekeria» kasuren harira. Hemeretzi kasuren berri eman zuten, zehazki. Askotarikoak izan ziren salatu zituzten egoerak: birusa errazagoa «hedatzea» eragin duten lekualdaketak, senitartekoen bisita «bakanak», «bakartze» egoera gogorrak... Fiskaltzari kasuon gaineko ikerketa egiteko eskatu diote salaketokin, eta «arduragabekeriarik» izan den ebazteko.

Salaketak aurkeztu aurretik elkarretaratze bat egin zuten Babestuko ordezkariek. Leloan, oinarrizko mezu bat: Bizitza duina.Instituzioek adineko pertsonek bizi behar dituzten egoera gogor horietan duten ardura nabarmendu zuten; bereziki gaitzetsi zuten Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera, biei dagokielako, hain justu, adinekoak artatzeko protokolo egokiak zehaztea, eta egoitzetan egiten den lanaren gaineko ikuskatze egokia egiten dela bermatzea. Aldiz, beste alde batera begira daudela esan zuten, eta egoera oso gogorrak ikusi beharrean direla maiz: «Negargarria da zenbait egoiliarren egoera; azkazalak eta bizarra luze-luze, moztu gabe, eta ahoak zikin. Zein ikuskatze egiten ditu diputazioak? Ez al dute begiratzen nola dauden adinekoak?», galdera egin zuen atzoko elkarretaratzean elkarteko presidente Juani Cespedesek.

Aldiz, halakoen berri ematen dutenean aldundiak ez diela inoiz jaramonik egiten, horixe deitoratu zuen. «Lotsagarria da; esaten dizkiogu halakoak aldundiari, eta beti ematen die arrazoi egoitzei. Zergatik babesten ditu hainbeste?». Eusko Jaurlaritzari egotzi zion, berriz, langile ratio oso estuak ezartzea egoitzetan.

Kontrol estuagoa

Eskumen pribatuko egoitzetan, bereziki, kontrol handiagoa behar dela pentsatzen dute Babestuko ordezkariek. Izurriari aurre alde egite aldera, adibidez: PCR testak maizago egin behar dituztela uste dute, FFP2 maskarak eman behar dizkietela langileei, eta antolaketa eredu berri bat bilatu behar dela, talde txikiagoetan, birusaren hedatzea eragozteko. Izurriaren ondorioak apaltze aldera adineko pertsonak bakartzea beharrezkoa bada, haiek ahalik eta egoera «duinean» egoteko ahaleginak egin behar direla nabarmendu dute. Oroitarazi dute «kognitiboki» oso erasanda daudela egoitzetako egoiliarrak askotan, eta garrantzitsua dela haiei kalera irteteko aukerak erraztea, eta senitartekoekin lagunduta irten ezin badira, langileek laguntza hori emateko era erraztu behar dela.

Izurriaren aurretik ere antolatzen hasita zeuden egoiliarren senitartekoak, baina irmotu egin dute haien jarduna hilabeteotan; gogor jo du zahar etxeetan birusak, hildako asko izan dira, eta izurria hesitzeko ahaleginetan ezarri diren neurriak ere arrangura askoren motibo izan dira, egoiliarrak ikusteko aukerak asko urritu zaizkielako familiartekoei, eta bakartze egoera oso zailetan egon direlako sarri askotan.

«Gardentasun» falta

Gipuzkoan ere antolatuta daude hainbat familia Gipuzkoako Senideak elkartean; arta hobea eskatzen ari dira beren senitartekoentzat. Atzo hainbat familiaren kezkaren berri Gipuzkoako Elkarrekin Podemosek eman zuen; salatu zuen «gardentasun» falta dagoela, COVID-19a duten adinekoak Eibarko erietxera eta Ordiziako San Jose egoitzara eramaten baitituzte, baina era desegokian. Hain justu, esan zutenez lekualdatze horiek egiten dira maiz familiek beharrezkoak diren argibideak jaso gabe. Horren harira sendien kexu ugari daudela azaldu zuten, eta, horregatik, azalpenak eskatuko dizkiotela Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñari. Finean, Gipuzkoako zahar etxeetako toki asko itunpean ditu aldundiak, eta erakunde horri dagokio zentroen jarduna ona dela ziurtatzea.

«Familiei ez zaie aldez aurretik lekualdatzearen berri ematen», deitoratu zuen atzo Podemoseko ordezkari Maria Valientek. «Eta behin tokiz aldatzen dituztenean, esaten diete ezin dutela deitu». Horrek familien artean ezinegona sortzen duela adierazi zuen, eta horregatik dela premiazkoa arta hori beste era batean bideratzea,informazio egokia ziurtatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.