Memoriaren ertzak (III). Gazteak.

Transmisioan eten bat

Hezkuntza sistemaren gabeziak, familietako isiltasunak, lobbyen eragina… Askotariko oztopoek eragozten dute Euskal Herriko gazteek euskal gatazkaren kontakizun oso bat jasotzea eta horretaz lasai hitz egitea. 2000-2002ko urteen bueltan jaiotako gazteekin hitz eginda, tesia osatzen ari da Samara Velte kazetaria: aldeak alde, tabuek eta isiltasunek markaturiko belaunaldia da.

EGK-k hainbat topaketa egin izan ditu euskal gatazkaz aritzeko. EGK.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Gazteek ez dakitela deus euskal gatazkari buruz; ez dutela horrekiko interesik; eta ez daukatela informazio osaturik: maiz entzuten diren esaldiak dira. Baina zer dago horien gibelean? Eta, zer dakite, zinez, Euskal Herriko gazteek euskal gatazkaz? Azkenaldian erakundeek gazteengan jarria dute arreta memoriari buruzko egitasmoak martxan jartzen dituztenean: gazteak baitira, izatekotan, gertaturikoa hurrengo belaunaldiei transmititu beharko dietenak. Samara Velte kazetariak uste du, ordea, «berandu» ari direla sortzen memoria lantzeko asmo horiek: «Pasatu dira hamar-hamabost urte oso baliotsu, seguruenik beharrezkoak zirenak memoriaren transmisioan oinarri batzuk lantzen hasteko, baina akaso aurreko belaunaldiak, oraindik zebilelako ETA desegitearen ideia horretan, ez zuen ikusi behar hori. Orain bat-batean konturatu dira ja badauzkagula gazte batzuk adinez nagusiak direnak, isiltasun handi batean hazi direnak gai honekiko».

Gazte horiekin hitz eginda, tesia osatzen ari da Velte, euskal gatazkari buruz dituzten diskurtsoen azterketatik abiatuta. 42 gazte elkarrizketatu ditu, Euskal Herriko lurralde guzietakoak, eta gehienak 2000tik 2002ra bitarte jaiotakoak: alegia, gaur egun jada adinez nagusiak diren gazteak, baina gatazkaren adierazpiderikbortitzenak lehen eskutik jaso ez dituztenak. Hain justu, Velteri horregatik iruditzen zitzaizkion interesgarriak adin horretako gazteak: bertze batzuengandik jaso dutelako gatazkaren kontakizuna. «Zuk ez baldin badaukazu oroitzapen zuzen edo kontzienterik gatazkaren alderdi armatu edo biolentoaren inguruan, historiari buruz sortzen dituzun diskurtso denek edaten dute kanpotik jaso duzun beste diskurtso edo informazio batetik». Eta horrek gaur egun gizartean dauden diskurtsoak aztertzeko leiho bat eskaini dio ikerlariari: «Asko esan diezagukete oraintxe bertan eskura dauden diskurtsoen inguruan: hezkuntzan, adibidez, zein narratiba eskaintzen diren, komunikabideetan sortzen diren narratibek zein eragin izan dezaketen, etxeetatik zein transmisio dagoen... Hori oso ondo islatzen du hurrengo belaunaldi baten diskurtsoak, badakigulako ez dela haiek eraikitako memoria pertsonal baten narrazioa, baizik eta badaukala memoria edo narrazio kolektibo baten kutsu bat, derrigorrez: besteen begiraden bidez ere eraikitakoa delako, batez ere».

Hitz egiteko tresnarik gabe

Oraindik tesiaren amaierara ailegatu ez bada ere, baditu egindako elkarrizketetan atentzioa emandioten hainbat ezaugarri. Horietako bat, eta nagusia: isiltasuna. «Hori aipatzen da ia elkarrizketa guztietan: tabu sentsazio hori». Gazteek aipatu diote, adibidez, sumatzen dutela «zaila» dela gai horiez hitz egitea. Alde batetik, etxean jaso dutenagatik, edo, hain justu, jaso ez dutenagatik: «Askotan, gurasoek ez dakite nola azaldu, eta, orduan, nahiago izaten dute zuzenean ez sartu esplikatzera». Eskolan ere sumatzen dute gazteek hutsunea, azken urteotan, bertzeak bertze Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hainbat egitasmo martxan jarri badira ere: «Testuliburuak doaz 1978ra arte, eta trantsizioa da esplikatzen zaien azkeneko gauza askotan, eta, gero, gelditzen da momentuko irakaslearen borondatearen esku: ea kontatu nahi dien 1980ko hamarkadatik aurrera gertatutakoa, edo ez», azaldu du Veltek. «Oso gainetik» kontatu izan zaie ondorengoa: «Agertzen dira ETAren biktima baten testigantza bat, eta, beharbada, GALen biktima batena. Eta, nolabait, horrekin ulertarazten da hor egon zela etapa bat alde guztietatik gehiegikeria pila bat egin zena, eta kito». Horrek hutsune bat sorrarazten die gazteei: «Sentsazioa da inork ez dauzkala behar bezainbesteko tresnarik gai honi heltzeko». Eta ondorio bat: hanka sartzeko beldurra edukitzea. «Askotan ez dira hitz egitera ausartzen, ezjakintasun horren kontziente direlako. Konturatzen dira badagoela eremu diskurtsibo bat ez dutena baimenik sartzeko».

Transmisio faltaren gibelean arrazoi anitz daude, Velteren ustez: «Alde batetik dago, nire ustez, beti izaten dena: beldurra, mina ez iraunarazteko edo gorrotoa ez transmititzeko». Kazetariak uste du, ordea, «transmisioaren pedagogia» landuz gero posible litzatekeela memoria transmititzea alderdi emozional hori gabe, edo horren kontziente izanda. Ikerketako elkarrizketen barnean, familian gertakari «gogorrak» bizi izan dituzten gazteekin hitz egin izan du, eta iruditu zaio ez dutela «mantendu» gorroto hori: «Alderantziz baizik: uste dut begiratzen diotela kuriositate handiz historiari, eta badirela gai distantzia bat hartzeko. Badirela gai esateko 'Hau gertatu izan da, baina ez dit horregatik bizitza baldintzatu behar, beharbada nire senide bati baldintzatu dion bezala. Alegia, ni gai naiz informazio hau guztia hartu eta honekin beste zerbait sortzeko'». Velteren ustez, «gutxietsi» egiten da maiz gazteek eta umeek duten gaitasuna: «Pentsatzen dugu gauza gogor bat kontatzeagatik horrek eragingo diola guk barruan daukagun amorru bat, edo guk barruan daukagun pena bat, eta ez du zertan: tresnak eskaintzen baldin badira, nik uste dut modua egon behar duela era ausart batean kontatzeko».

Velteren hitzetan, «akatsa» da belaunaldi gazteei interes falta leporatzea, ez baitzaie «inolako heldulekurik» eskaini gaia jorratzeko: «Zuk baldin badakizu, elementuak baldin badituzu, eta ezagutzen baldin baduzu, beharbada egokiago jokatu dezakezu: badakizu zein gai atera, nola atera, nola hitz egin... Baina jakin egin behar duzu horretarako: material hori izan behar duzu». Eta materiala falta zaie.

Zilegitasuna hezkuntzari

Lurraldeen eta familien arabera, Veltek aldeak topatu ditu berak egindako elkarrizketetan. Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean, adibidez, aldea nabarmena da: «Hegoaldean presio mediatikoa askoz handiagoa da: beste edozein belaunalditakoek ere pertzibitzen dugu. Baina, adibidez, Iparraldean izan nintzenean elkarrizketak egiten, eman zidan irudipena han historiarekiko harreman askoz naturalago bat ari zirela eraikitzen: askoz konplexu gutxiagorekin gertatuari buruz hitz egiteko». Gatazkako gertakariak ezberdinak izan direlako izan daiteke, baina, Velteren ustez, ez horregatik bakarrik: «Esan daitekeenaren eta esan ezin daitekeenaren eremua desberdina da Iparraldean». Presio mediatikoak, erraterako, ez dira berdinak. «Hegoaldean biktimen lobbyak adierazpen pila bat mozten du errotik, diskurtso publikora iritsi baino lehenago».

Familia batetik bertzera ere atzeman ditu ezberdintasunak Veltek, baina, aldi berean, «etxeko diskurtsoekiko mesfidantza» ere aurkitu du gazteen artean: «Askoz sinesgarritasun handiagoa aitortzen diete arlo horretan kanpoko diskurtsoei, eta, bereziki, hezkuntzatik jaso dituztenei». Horregatik uste du, adibidez, segurtasun handiagoarekin mintzatzen direla 1978a baino lehen gertatuei buruz. Ez, ordea, aitzinagokoez: «Galdetzen baldinbadiet 1990eko hamarkadaren hasieran gertatutako zerbaiten inguruan, ez dena agertu testuliburuetan, askok diskurtso edo jarrera lausoagoak, zalantzatiagoak erakusten dituzte. Eta uste dut hori hala dela hain justu ere ez daukatelako egia ofizialik eskura». Hezkuntzan ez dietelako eman horretarako tresnarik, alegia.

Isiltasun eta tabuak hausteko bide zaila ikusten du ikerlariak, «oraindik existitzen delako transmisioari buruzko gatazka bat: hitz egiten da kontakizunaren gatazkaz, eta horrek erakusten du oraindik gai lehiatua dela hau». Velteren hitzetan, alderdi «diskurtsiboan, kulturalean eta sinbolikoan» bizi du gizarteak oraindik ere euskal gatazka.Eta hori moldatzen ez den artean, gazteei transmititutakoa ere hankamotz geldituko da: ez baita izanen erabateko transmisioa, baizik eta etendako kontakizun bat.

Bihar: Generoa eta feminismoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.