«Haiekiko politika eskasek eragiten dituzte migratzaileen heriotzak»

Irungo Harrera Sareak Jaurlaritzari eskatu dio argitu dezala gazte eritrearraren heriotza. Artolazabalek iragarri du indargabetu egingo dutela etorkinak artatzeko azken hilabetean indarrean egon den plana

Migratzaile bat, atzo, Irungo Hilanderas aterpeko ohe batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Igor Susaeta.
Irun
2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Gazte eritrear baten gorpua aurkitu zuten joan den igandean, Irunen (Gipuzkoa), Bidasoa ibaiaren bazterrean. Irungo Harrera Sareak adierazi du «ziurrenik» igarobidean zihoan migratzaile bat zela «urkatuta» agertutako 21 urteko mutila. «Kontrastatutako iturriak» baliatuz plataformak jakin ahal izan duenez, ez zegoen Irunen erroldatuta; ez zuen ibilbiderik Bidasoaldeko helduen hezkuntza iraunkorrerako zentroan; ez zegoen erregistratuta harrera guneetan; ez zuen bizileku agiririk, eta Irungo eritrear komunitateak ez zuen ezagutzen. «Hau da, mamu baten aurrean gaude», azaldu zuen harrera sareko Alaine Aranburuk, atzo, Irungo Hilanderas aterpearen kanpoaldean egindako agerraldian. Plataformak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio argitu dezala hildako pertsonarekin «zer gertatu den». Eta salaketa bat egin du, gainera: «Haiekiko politika eskasek eragiten dituzte migratzaileen heriotzak».

Hain zuzen ere, Beatriz Artolazabal Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Hilanderas aterpea bisitatu zuen atzo —Gurutze Gorriak kudeatzen du—, eta iragarri zuen indargabetu egingo dutela etorkinak artatzeko joan den martxoaren 6an indarrean sartutako igarobidean doazen migratzaileen arretarako kontingentzia plana. Aurreko hilabetearen hasieran, muga zeharkatu eta Frantziako Estatura pasatu asmo zuten migratzaileak pilatzen hasi ziren Irunen, eta horri erantzuteko aktibatu zuten. Artolazabalen esanetan, erakundeen arteko mahaia ekainean da berriro biltzekoa, «udako premietara egokitutako plan zehatz bat aurkezteko».

Iruditzen zaio instituzioek «erantzun egokia» eman diotela auziari. «Transitoko migratzaile bat bera ere ez da gelditu artatua izan gabe; igarobidean dagoen migrante bakar bati ere ez zaio itxi harrera zentroetako atea». Harrera sarearentzat, ordea, transitoko migratzaileak «modu murriztaile eta kaltegarrian» definitzen dituzte. «Horren ondorioz», gauez kalean zeuden 30 lagun baino gehiago zenbatu zituzten martxoan Irunen, nahiz eta aterpeetan-eta lekua zegoen. «Baliabideak jarri baina transitoan dauden guztiei harrerarik ez egiteak ez du zentzu handirik», kritikatu du Aranburuk. «Zaildu egiten dituzte harrerak. Ez dituzte kontuan hartzen pertsona hauen testuinguru edo errealitate guztiak irizpideak ezartzeko orduan».

Artolazabali horri buruz galdetu zioten kazetariek:«Malguak izan gara azken urte eta hilabeteetan pertsona batzuek dituzten elikadura eta atseden beharrak ulertzeko orduan», erantzun zuen. Sailburuaren arabera, irizpideak bete dituzten «guztiak» artatu dituzte; uste du, gainera, ez dela «positiboa kolektibo diferenteak nahastea» harrera zerbitzuetan.

Irungo Harrera Sareak «bi urte eta erdi» daramatza irizpide horiek zeintzuk diren jakin nahian, Ion Aranguren plataformako kidearen esanetan: «Aterpeetan lo egitea ukatu dietenekin hitz egin dugu, eta haiei ulertu dieguna da guk dakiguna». Irizpideek diotenez, Espainian urtebete baino gehiago daramatenek ezin dituzte baliabide horiek erabili. «Baina gerta liteke Espainiara iritsi, Kanaria uharteetara —beste baldintza bat da itsasoz heltzea Espainiara— , eta han urtebetez egotea atxilotuta. Hori jasan duten migratzaileek ezingo lukete [aterpeetara] sartu, nahiz eta Espainiako Estatuak berak moztu duen haien bidaia», zehaztu du plataformakoak. Besteak beste, bakarrik dauden etorkin gazte «ohiek» ezin dute leku horietara jo: «18 urte betetzen dituztenean kaleratzen dituzte, eta normalean egoera irregularrean egoten dira».

«Jarraituko dute aurrera»

Plataformakoak lau migratzailerekin egon ziren atzo. «Muga zeharkatzen ahalegindu behar zutela esan digute», mintzo da Aranguren. Gazte eritrearraren heriotzak Irunen dauden migranteei eragin ote dien galdetuta, erantzun du oraindik «goizegi» dela jakiteko. «Dena dela, ez basamortuak, ez Mediterraneoak, ez Ozeano Atlantikoak ez dituzte gelditu, eta ez ditu ibai kaskar batek geldituko». Bai COVID-19a dela eta, bai, Frantziako Gobernuaren arabera, «terrorismoaren aurkako borroka indartzeko», mugetako kontrolak sendoagoak dira aspaldion. «Muga askoz ere okerragoak topatu dituzte. Bilatuko dituzte bide zailagoak; sufrikarioa handiagoa izango da, baina jarraituko dute haien bidaia».

Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea egingo du gaur, San Juan plazan (18:00). «Ez dugu pertsona errugabeen heriotza normalizatuko, ezta onartuko ere; harrerarako eta bizitzarako lurraldea gara». Eta ohartarazpen bat egin du: «Egoera honek jarraitzen badu, laster beste [heriotza] bat izango dugu Bidasoko uretan edo ibaiaren ertzean».

Hildako etorkinaz galdetu zioten Artolazabali, eta esan zuen Jaurlaritzak ez duela ezagutzen «suizidatuta» hil den pertsonaren nortasuna. «Dakiguna da ez dela artatuta izan igarobidean doazen migratzaileentzako dauzkagun lekuetan, eta 21 urte zituela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.