«Bizikidetzaren aurkako erasotzat» jo dute Biktimen Memoriala

Gaur inauguratuko dute ETAren biktimak oroitzeko memoriala, eta elkarte memorialistek salatu dute ikuspegi «diskriminatzailea» duela. Memoria Osoa sareak protesta batera deitu du gaurko

Memoria Osoa sareko kideak, atzo, Gasteizen egindako agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
ETAren biktimen omenezko memorialak gaur eguerdian irekiko ditu ateak, Gasteizen, eta zentro horren aurka agertu da Memoria Osoa, Euskal Herriko elkarte memorialista ugari elkartzen dituen sarea: salatu du biktimak oroitzeko zentroak ikuspegi «diskriminatzailea» duela eta «bizikidetzaren aurkako erasoa» dela. Gune horren edukiari eta helburuari desadostasuna agertzeko protesta egitera deitu ditu herritarrak. Gasteizko Foru plazan izango da bilkura, 12:00etan, biktimen memoriala eraiki duten tokitik metro batzuetara.

Iazko abenduan osatu zuten Euskal Herri osoko hogeitik gora elkarte memorialistak MemoriaOsoa sarea, aldarrikatzeko zentro berriak memoria eta giza eskubideen urraketa «ikuspuntu integraletik» landu beharko lukeela. Ordutik, maiz salatu izan dute ETAren biktimen omenezko memorialak ez dituela biktima oro aintzat hartzen, eta, atzo, kritika horiek berretsi zituzten Nerea Martinez eta Josu Ibargutxi sareko kideek, komunikabideen aurrean: «Bizikidetzaren aurkako eraso bat da, planteamendu baztertzaile batean oinarritzen delako». Azpimarratu zuten Euskal Herriaren gatazkaren testuinguruan indarkeria adierazpen ugarik eragin dituztela zauriak, baina zentro berriak kanpoan utzi dituela «estatuaren aparatuek» eragindako milaka biktima.

Biktimak oroitzeko guneak erreferentzia gisa hartu ditu «terrorismoak» 1960tik eragindako biktimak, baina Memoria Osoa sareak uste du data hori diktadura frankistaren erdian aukeratzea «guztiz ausazkoa» dela, eta ez datorrela bat estatuaren indarkeriak lehenago eta beranduago eragindako sufrimenduaren mapan jaso beharreko errealitatearekin. Besteak beste, gogorarazi du garai hartan izan zirela fusilamenduak, epaiketaz kanpoko exekuzioak eta torturak, baina zentro berriak ez diela horiei aipamenik egiten.

Horiek hala, sareko kideek ohartarazi dute memoria kolektiboa «modu zatikatuan» jorratzen duen gune bat irekitzea «arazo bat» dela bizikidetzarako, eta eskatu dute giza eskubideen urraketa guztiak kontuan hartzen dituzten proiektu eta dinamika «eraikitzaileak eta integralak» abian jartzeko. Botere publikoei ere zuzendu zaizkie,«bizikidetza adiskidetsu eta demokratikoa» sustatu dezaten eskatzeko. Elkarte memorialistek uste dute sufrimendu guztiekiko errespetuak eta gertatutako guztiaren memoriak ardaztu behar dutela bizikidetza, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzari, Gasteizko Udalari eta Arabako Aldundiari eskatu diete memorialaren patronatutik irteteko, «zentroak ez duelako bermatzen biktima guztien errekonozimendua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.