Albistea entzun

Homizidioen auzian akordioa lortuta, Zaldibarko ingurumen delituak soilik epaituko dituzte

Verter Recyclingeko arduradunek sei hilabeteko zigorra adostu dute akusazio partikularrarekin eta fiskaltzarekin, eta, ondorioz, ez dira joango kartzelara
Zaldibar Argitu plataformak hondamendiaren urteurrenean Eibarren antolaturiko mobilizazioa.
Zaldibar Argitu plataformak hondamendiaren urteurrenean Eibarren antolaturiko mobilizazioa. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Arruabarrena - Imanol Magro Eizmendi -

2021eko irailak 4

Zaldibarko zabortegiaren (Bizkaia) auziko inputatuak ez dira joango kartzelara homizidio delituagatik. Jose Ignacio Barinaga zabortegiaren jabeak, Arrate Bilbao Verter Recycling enpresaren kudeatzaileak eta Juan Etxebarria ingeniariak akordio bat lortu dute Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran hondamendian hildako langileen sendiekin. Akordio horren arabera, akusatuek euren erantzukizuna onartu dute, baita sei hilabeteko zigorra eta kalte ordain ekonomikoa ere. Bi urtetik beherako espetxealdia denez, ez dira sartuko kartzelan.

Bi aldeek fiskaltzarekin lorturiko akordio bat da; hark ere begi onez ikusi du, alegia. Apirilean epaileak ez zuen onartu herri akusaziorik langileen giza hilketaren auzian; beraz, hiruko adostasunarekin aski da. Epaileak berretsi behar du, baina litekeena da hala izatea. Ebazpen horren bidez, akusatuek kartzelaren mehatxua uxatu dute, eta, bide batez, zalantza horrek enpresan sortzen zuen ziurgabetasuna ere bai. Gauzak hala, hondamendiarekin lotutako bi auzibideetako bat itxi egingo da, eta ingurumen kalteen ingurukoak soilik jarraituko du aurrera. Egun, ikerketa fasean dago, eta epaiketak ez du datarik.

Verter Recyclingek Eitzaga auzoan zuen zabortegi industriala iazko otsailaren 6an amildu zuen. Hondamendian, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak hil ziren. Ikerketa luze baten ondoren, epaileak zuhurtziagabekeriazko giza hilketa eta langileen aurkako delitua leporatu zien Barinagari, Bilbaoari eta Etxeberriari. Berez, lau urtetik gorako kartzela zigorra eragin zezakeen. Akordioarekin, baina, zigorrak izan zezakeen luzera mugatu dute. Hori bai, delituen erantzule direla onartu dutenez, isunak eta kalte ordainak pagatu beharko dituzte.

Eta zeren erantzukizuna onartu dute? El Correo kazetak fiskaltzako iturriak aipatuz atzo argitaraturikoaren arabera, akusatuek onartu dute bazekitela 2018ko ikerketa batzuek azaleratu zutela zabortegian ezegonkortasun arazoak zeudela. Halaber, jakitun ziren luizia gertatu baino bi egun lehenago arrakala handiak agertu zirela. Aitortza horiek azken hilabeteetan filtraturiko polizia ikerketak berretsi dituzte; alegia, akusatuek zerbait gehiago egin zezaketela hondamendia eragozteko.

30 milioi eurotik gora

Gauzak hala, ingurumen delituen auzia da epaiketara iritsiko den bakarra. Ikusi beharko da zenbateraino baldintzatzen duten Verterren arduradunek homizidioen auzian onarturiko erantzukizunek. Auzi horretako akusazioan daude, besteak beste, erakunde publikoak eta gizarte eragileak. Hor argituko da, era berean, zeinek ordaindu beharko dituen egonkortze lan guztiak; egun, 30 milioi eurotik gorakoa da kostua.

Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta daude herri akusazioan, eta familien erabakia errespetatzen dutela adierazi dute ohar bidez. Halere, haiek langileen aurkako delituen auzitik kanpo utzi izana kritikatu dute, eta «susmagarria» iruditu zaie handik gutxira akordioa lortu izana: «Herri akusazio bagina, gurekin ere akordioa lortu beharko lukete. Eta hasieratik hori eragotzi nahi zutela dirudi». Ingurumen delituan bai, akusazio izango dira, eta «erantzukizun guztiak» argitzeko konpromisoa berretsi dute, «baita politikoak ere».

Hala, erantzukizun politikoak argitzeko eskatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk ere. «Onarturiko delituak egin badituzte, kontrol neurriek kale egin zutelako da. Akordioak ezin ditu ezkutatu gabezia horiek», esan du koalizio abertzaleak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Berriz indarkeria aipatzeak ez du auzitan jartzen onespena»

Arantxa Iraola

Ortubairentzat, argi esan behar da 'soilik baietz da baietz' legeak zigorrak delitu bakanetan urritzen dituela; asmo txarrez hauspotutako gatazka bat dela. Behin legea aldatzen hasita, ordea, egokitzat du PSOEren hautua.

Nerea Barjola ekintzaile feminista Eusko Legebiltzarrean, atzo. ©EUSKO LEGEBILTZARRA

Iruditeria aldatzeko beharra

Isabel Jaurena

Nerea Barjolak dio krisi zentroak gakoa direla indarkeria sexualaren biktimak artatzeko. Gunearen eta gainerako zerbitzuen «koordinazioa» ezinbertzekoa da emakumeak ahal bezain ongi laguntzeko
1936ko gerran Bastidan (Araba) hildako biktimen omenezko ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. ©ENDIKA PORTILLO/ FOKU

Frankismoaren biktimei erreparazio «osoa» emango die memoriaren legeak

Edurne Begiristain

EP-IUk, EAJk eta PSE-EEk akordioa lortu dute memoria historikoaren legearen gainean. Biktima gisa izendatua izateko kasuistika zabaltzea adostu dute

 ©NAFARROAKO GOBERNUA / BERRIA

Belateko tuneleko lanak lizitatu dituzte, 2028an bukatzea helburu

Ion Orzaiz - Paulo Ostolaza

Nafarroako Gobernuak esan du lanek 95 milioi euroko kostua izanen dutela. Tunelak Europako legedira egokituko dituzte, hogei urte berandu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.