Koronabirusa

Hego Euskal Herriko umeei txertoa jartzen hasiko direla iragarri dute

EMAk oniritzia eman dio 5 eta 11 urte bitarteko umeei Pfizerren txertoa jartzeari. Sagarduik espero du abenduan txertatzen hasteko moduan egotea, eta Indurainek esan du txertaketa antolatu behar dutela

Gazte bat txertoa hartzen, Nafarroan, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat - Irati Urdalleta Lete
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Bidea zabalik du umeen txertaketak: atzo EMA Sendagaien Europako Agentziak oniritzia eman zion 5 eta 11 urte bitarteko haurrei ere Pfizerren txertoa jartzeari. 12 urtetik gorakoei baino dosi txikiagoa jartzea baimendu zuen; hain zuzen, helduei ematen dietenaren herena emango diete. Bi dosi jarriko dizkiete umeei ere, batetik bestera hiru asteko tartea utzita.

Erabakia jakin aurretik hitz egin du gaiaz Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik. Esan du espero duela abenduan hastea 12 urtetik beherakoak txertatzen. Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek erabakia ezagutu berritan hartu du hitza. Txertaketa nola egin antolatzen hasiko direla adierazi du. Erantsi du daukaten txerto kopuruaren araberakoa izango dela txertaketa hori. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak 5 eta 11 urte bitarteko haurren txertaketari buruzko erabakia hartzeko Frantziako Etika Batzordearen laguntza eskatuko du, baita Frantziako Osasun Aginte Gorenarena ere. Frantzian haurren txertaketa onartuko balute, 2022 urte hastapenetik ekingo liokete.

Umeentzat «eraginkorra»

EMAk 2.000 umerekin egindako ikerketa baten ostean eman du ebazpena. Azaldu dutenez, txertoa umeentzat ere eraginkorra dela probatu dute.

Haien datuen arabera,%90,7ko eraginkortasuna izan du sintomak ez izateko orduan. Kalkulatu dute benetako eraginkortasuna %67,7 eta %98,3 bitartekoa izan litekeela. EMAk jakinarazi duenez, txertoak umeen artean onura handiagoa eragiten du kaltea baino. Nahigabeko ondorio «arinak edo neurrizkoak» dituztela ikusi dute: nekea, giharretako mina, buruko mina, hotzikarak eta txertoa jarritako lekua gorritzea edo min hartzea. Egun batzuk igarota, ondorioak desagertu egin zaizkie.

EMAren ebazpenaz gain, beste berri bat ere iritsi zen atzo Europatik: Europako Batzordeak proposatu du COVID ziurtagiria txertoaren pauta jasotzen den momentutik bederatzi hilabetera iraungitzea, indartzeko beste dosi bat jaso ezean. Behin beste dosi bat hartuta, ziurtagiria balekoa izango litzateke «behin betiko».

Iparraldean, indartze dosia

Euskal Herriko egoera epidemiologikoa okertzen ari da nabarmen. Veran Frantziako Osasun ministroak neurri berriak iragarri zituen atzo, eta Ipar Euskal Herrian eragina izango dute. 18 urtetik gorakoek COVID-19aren kontrako txertoaren azken dosia hartu eta bost hilabetera hartu ahalko dute hirugarrena. Osasun ziurtagiria baliozkoa izateko, gainera, urtarrilaren 15etik aitzina, beharrezkoa izanen da indartze dosia; azken dosia hartu eta zazpi hilabetera iraungiko da, berriztatze dosirik egin ezean. Bestela erranda, osasun ziurtagiria baliozkoa izateko, hirugarren dosia jarri beharko dute herritarrek. Bihartik hasita hartzen ahalko dute ordua helduek txertaketa guneetan hirugarren dosia jartzeko. Gaitza pasatu dutenek ere, bost hilabetera egiten ahalko dute txertoaren berriztatzea.

Bestalde, orain arte osasun ziurtagiria eskuratzeko, 48 ordu baino gutxiagoko proba negatibo bat beharrezkoa zuten txertatuak ez zirenek; bada, epea 24 ordura murriztu du Frantziako Gobernuak. Gainera, osasun ziurtagiria beharrezkoa den lekuetan, berriz ere beharrezkoa izanen da maskara erabiltzea. Segurtasun neurriak indartze aldera, departamenduetako prefetek karrikan maskara derrigortzea erabakitzen ahalko dute, lekuko egoeraren arabera.

Atzoko agerraldian, halaber, Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroa ere mintzatu zen, eta lehen hezkuntzako protokoloa datorren astetik aurrera aldatuko dutela iragarri zuen. Talde batean positibo bat agertzen delarik, ikasle guztiei eginen diete listu bidezko proba: negatibo direnek klasera etortzen segitzen ahalko dute; positibo ematen dutenak bakarrik bakartuko dituzte, beraz. Orain arte, ikasle batek positibo eman ondotik, ikasgela osoa bakartzera behartua zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.