«Euskararen Errepublika» helburu, hizkuntza politika burujabea exijitu du EHEk

Ehunka lagun bildu dira Durangon, Euskal Herrian Euskaraz-ek egindako manifestazioan. Euskara «prozesu subiranistaren erdigunean» jartzera deitu du

Manifestazioa, atzo, Durangoko kaleetan. FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Durango
2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Hizkuntza politiketan jauzi baten premia sumatu du EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak, eta,atzo, Durangoko (Bizkaia) kaleetara eraman zuen eskaera hori: euskararen alorrean ere burujabetza nahi du. Euskal errepublika «Euskararen Errepublika» izan dadin aldarrikatu zuten ehunka lagunek, Durangoko Azokaren altzoan egindako manifestazio nazionalean. Eta, helburua ezartzeaz gain, eskaera zehatzak ere egin zituen EHEk. Euskalgintzari eta euskaltzaleei galdegin zien «euskalduntzearen aldeko borroka berrindartzea»; eta independistei, berriz, hizkuntzarekin ez ahaztea: «Euskararik gabe ez dago Euskal Herririk».

Euriak ere ez zuen huts egin atzo. Mobilizazioaren orduan gogoz bota zuen, eta giro handirik ez zen kalean, baina, halere, EHEren dozenaka bandera berde ikusarazi zituzten aterki artean. Landakotik abiatu zen martxa, Euskaraz bizitzeko, euskararen errepublika lelopean, eta, Alde Zaharrera hurbildu ahala, ozenduz joan ziren hainbat aldarri: «Euskarari erasorik ez», «Hemen gaude euskararen alde»...

«Nire hizkuntzak zure estatuaren oinarriak astintzen baditu, horrek esan nahi du, ziur asko, zure estatua nire lurrean eraiki duzula». Musa Anter idazle kurduaren esaldi horrekin abiatu zuen Koldo Zarate EHEko kideak martxaren osteko ekitaldi politikoa, kurduen bisita aprobetxatuta. Izan ere, haren ustez, euskaldunak «arnasarik gabe» nahi dituzte Espainiako eta Frantziako estatuek: «Gure hizkuntza gure gorputzetatik ostu nahi digute. Herri izatea ematen digun osagaia, euskara, zokoratu nahi dute. Estatuen botere eta ahalmen guztiak euskara gutxiagotzeko eta gure eskubideak urratzeko baliatu dituzte». Historian zehar debekuak, zigorrak eta irainak izan direla ekarri zuen gogora Zaratek, baina ohartarazi zuen eraso gehiago helduko direla: «Datozkigun astinaldiak bizirik gauden euskaldun gehienok inoiz ezagutu ez ditugun dimentsio eta intentsitatekoak izango dira; herri gisa baturik aurre egin ezean, neoliberalismo homogeneizatzailearen eta estatuen zentralismo linguiziden olatuak harrapatuko gaitu».

Hortaz, egungo egoera gainditzeko premiaz mintzatu zen EHEren bozeramailea. Batetik, ez dutelako borondate politikorik ikusten Madrilen eta Parisen: «Frantziar eta espainiar estatuak ez daude prest euskararen berreskuratze eta normalizazio osoa gerta dadin uzteko. Zapalkuntza hori da euskaldunok pairatzen dugun hizkuntza gatazkaren muina». Bestetik, agortuta nabaritzen dituztelako egungo hizkuntza politikak: «Eman behar zutena eman dute». Beraz, jauzi bat behar du euskarak, «burujabetza osoa eskuratzean» datzana: «Inolako esku hartzerik gabe, soilik Euskal Herrian erabaki behar dugu nolako hizkuntza politika nahi dugun. Horretarako, Euskararen Errepublika independentea lortu behar dugu ezinbestean».

Hiru eskaera

Bide horretan, eskaera zehatzak egin zituen atzo Euskal Herrian Euskaraz-ek. Lehenik, euskalgintzari galdegin zion euskararen borroka «biderkatzea» eta Euskal Herri osoan zabaltzea: «Aktiba ditzagun euskalgintzaren indarrak instituzioak eta eragileak burujabetzarantz presio egiteko». Euskaltzaleei ere «grina berpizteko» eskatu zien: «Ahal dugun guztietan euskaraz bizitzetik hasita. Euskaraz bizitzea baita euskaldunok egin dezakegun ekintzarik desobedienteena».

Azkenik, Euskal Herriaren independentziaren aldeko eragileei ohartarazi zien euskarak «prozesu subiranistaren erdigunean» behar duela: «Bizi dugun egoerak eskatzen du eragile politiko, sindikal eta sozial independentistok elkarrekin esertzea, adostasunak bilatu eta guztion artean Euskararen Errepublikara, Euskal Errepublikara, eramango gaituen gehiengo sozial independentista egituratzeko». Hala, Txillardegi zenaren esaldi batekin amaitu zuen Zaratek mintzaldia: «Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.