Kote Cabezudok adierazi du bere lana modeloak «zuzentzea» zela

Estudioan egiten zuen lanaren defentsa egin du argazkilari akusatuak. Andreen baimena izaten zuela adierazi du. Akusazioak esan du aurkakoa frogatzeko «ebidentziak» dituztela

Auzi aretoa, atzo, epaiketa hasi aitzin. MAIALEN ANDRES/ FOKU.
arantxa iraola
2022ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Probintzia Auzitegian Kote Cabezudoren aurkako epaiketa hasi zen atzo. Akusatuak hartu zuen hitza. Esana zuen soilik fiskalaren galderei erantzungo ziela, eta halaxe egin zuen; haren galderak, eta defentsako abokatuenak erantzun zituen. Biluzien argazkiak-eta egin izan dituzten artista batzuen gaineko mirespena erakutsi izan du Cabezudok; haienarekin ere alderatu izan du bere lana, eta horien harira egin zizkion fiskalak atzo lehen galderak. Lan horietako batzuk «haur pornografiatzat» hartu izan direla esan zion fiskalak, horren gaineko sententziak badirela. Baina Cabezudok adierazi zuen argazkilari horiek erakusketak egin izan dituztela museotan-eta, liburuak ere egin izan dituztela, eta ezin direla txartzat hartu. Gizartearen begirada aldatu dela argudiatu zuen. «Orain dela hamar-hamabi urtetik hona, inork ez du deus jakin nahi biluziez», argudiatu zuen. «Ez daude ondo ikusita». Egindako galderez harago ere, behin eta berriz saiatu zen bere estudioan argazkiak nola egiten zituen azaltzen. Emakumeak «zuzendu» egiten zituela argudiatu zuen: «Ni nintzen orkestra zuzendaria».

Modeloek, ordea, zer egingo zuten «beti» jakin zutela azaldu zuen, kontratuak izenpetzen zituztela informazio horrekin, eta adingabeen kasuan, gurasoak ere jakiten zutela beti dena. Hainbat modelorekin eta haien gurasoekin eta gertukoekin izandako hartu-emanei buruzko xehetasunak ematen ahalegindu zen akusatua, harreman horien joritasuna nabarmentze aldera.

«Egongo da jendea munduan argazki hauek gogoko ez dituena», azaldu zuen Cabezudok. Baina horren atzean erlijioa eta «muturreko» ikuskerak egon daitezkeela adierazi zuen. Fiskalak galderak eginzizkion, banaka, salaketak jarri dituzten modelo guztien inguruan. Hamasei andreren ordezkaritza du denera fiskalak; akusazio partikularrak, berriz, hamazazpirena, baina horietako lauk salatutako delituak preskribatuta daude.

Zenbait gauzaz ez dela akordatzen esan zuen akusatuak, eta ahaleginak egin zituen galderak bere erara erantzuteko, erretratugile gisa lan egiteko zuen modua zein zen azaltze aldera, bereziki; xehetasun horietan indarra jartzea zuen helburu. Ukatu egin zuen inoiz argazki «pornografikoak» egin izana. «Gaur egun denari esaten zaio pornografia», deitoratu zuen. «Sentsualtasunarekin» lotutako argazkiak egitenzituela esan zuen, deus «desatseginik» ez dela agertzen horietan. Modeloei egindako sexu erasoei buruz ere galdera egin zion fiskalak, baina ukatu egin zituen.

Fiskalak akusatuari galdetu zion bere informatika ezagutzei buruz ere, argazki asko Interneten-eta zabaltzen baitzituen gero, baina ezagutza urriak direla esan zuen. Defendatu zuen, halaber, sarean zabaldutako zenbait argazki erretiratzen saiatu zela, bereak ez ziren plataformetan zeudelako, baina ezinezkoa izan zitzaiola. Goraipatu egin zuen bere burua esanez, modeloekin izenpetzen zituen kontratuen arabera, modua izango lukeela egiten zizkien erretratuak gero «hirugarrenei» saltzeko. «Baina ez nuen inoiz ere horrelakorik egin».

Ez dira «txotxongiloak»

Bere lan egiteko era zein zen azalduta, egotzi dizkioten delituen gaineko ardurazuritu nahi izan zuen argazkilariak. Esan zuen andreak ez zirela «txotxongiloak» bere estudioan. Garai batean izan zuen famari ere hainbat aipamen egin zizkion, adieraziz modeloetako askok argazki saio ugari egin zituztela berekin, urte askotako harremana izan zutela elkarrekin. Nabarmendu nahi izan zuen, baita ere, harreman ona izan duela modelo horietako askorekin.«Denera, gizon eta emakume, 600 modelo baino gehiagori egin dizkiet erretratuak», zehaztu zuen. Horiek horrela, salaketa jarri duten andre modeloen egoera psikologikoari ere erreparatu nahi izan zion, argudiatuz haurtzaroan sorburua duten arazo «pertsonalen» ondorioz erabaki dutela bere aurka egitea. UNED urrutiko unibertsitatean psikologia ikasketak egiten ari dela argudiatu zuen, eta horretan oinarritzen dela hori esateko.

Cabezudok deklaratuta, eten bat izango du orain epaiketak. Bihar ekingo diote berriro; argazkilariaren kontrako salaketak jarri dituzten andreek hartuko dute hitza. Atzoko saioa eta gero hitza hartu zuen kazetarien aurrean akusazio partikularra daraman abokatuak; adierazi zuen akusatuak atzo epaimahaiaren esandakoak atzera botatzeko «ebidentziak» aurkeztuko dituztela datozen asteetan auzitegian.

Gogoratu behar da orain dela bederatzi urte jarri zutela lehen salaketa argazkilariaren kontra. Lehen urteetan motel joan zen auzibidea, kartzelan sartzeko lehen eskeen aurrean ere libre geratu zen akusatua, baina jada ia lau urte daramatza preso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.