Erreparazioan «gehiago» sakontzea galdegin dute elkarte memorialistek

Espainiako Memoria Demokratikoaren Lege proiektuak «kezkak» eta «zalantzak» sortu dizkie talde memorialistei. Halere, aitortu dute zuzenketek «hobekuntza garrantzitsu batzuk» jaso dituztela

Ezkabako presoei egindako omenaldi bat, 2017an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Egungo Memoria Demokratikoaren Lege proiektuaren hobekuntza «partzialetatik» harago joan eta orain arte erreklamatutako egia, justizia eta erreparazio eskakizunetan «askoz gehiago» sakontzeko: hori eskatu diete Euskal Herriko erakunde memorialistek Espainiako Gobernua osatzen duten taldeei, frankismoaren krimenengatik «oraindik» irekita dauden zauriak ixteko eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermeek euskarri «irmoa» izateko helburuarekin.

Espainiako Kongresuak uztail erdialdean bozkatuko du Memoria Demokratikoaren Lege proiektua. Zenbait zuzenketa egin dizkiote orain arte, eta, erakunde memorialisten arabera, hobekuntza «garrantzitsu batzuk» jasotzen ditu. Horien adibide dira, esaterako, biktimen errolda, DNA bankua, desjabetutako ondasunen auditoretza, hobien mapak eta Ezkabako gotorlekua (Nafarroa) eta Donostiako La Cumbre jauregia memoria gune bihurtzea. Azkeneko hori da aste honetan EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak hitzartu dituzten zuzenketetako bat: «sinbolismo eta esanahi historiko handiko bi lorpen dira euskal herritarrentzat, eta aurrerapausoa dira memoria partekatua aitortu eta eraikitzeko bidean; are gehiago, bat datoz elkarte memorialistek urteetan eginiko aldarrikapenekin», adierazi du Mertxe Aizpurua indar subiranistako bozeramaileak.

Hobekuntza batzuk egon arren, ordea, proiektuak oraindik baditu erakundeei «kezkak» eta «zalantzak» sortu dizkien hainbat alderdi: «Kezkaz ikusten dugu aterako den proiektuak duela 45 urtetik daramagun frankismoaren krimenekiko zigorgabetasun erregimena osatzen duten funtsezko zutabeetan finkatzen jarraituko ote duen».

Adierazi dutenez, hutsuneak nabaritu dituzte egiari, justiziari eta erreparazioari dagozkien zenbait gaitan, eta, horren kontra egiteko, Nazio Batuen Erakundeek, Giza Eskubideen Batzordeek, kontalariek eta mugimendu memorialistek egiten dituzten eskakizun «guztiekin» bat egiteko exijitu diote Espainiako Gobernuari. Erakunde memorialisten arabera, egiaren aitortza «partziala eta interesatua» da gaur egungo lege proiektuan; izan ere, biktimarioak «ikusezin» egiten eta «babesten» jarraitzen du, eta 1968ko Sekretu Ofizialen Lege «frankista» oraindik ere indarrean dago. Gaineratu dute lege horren barruan kokatzen dela izapidetu gabe dagoen Ume Lapurtuen Lege proiektua. Horiek horrela, erakundeentzat «oso zalantzazkoak» dira frankismoan jasandako eskubideen urraketak «ez berritzeko bermeak».

Hutsuneak justizian

Justiziaren alorrean ikusten dituzte erakundeek hutsunerik «handienak», besteak beste, auzitegietako ateak «ixten» dizkietelako biktimek planteatutako eskakizunei. Horrekin batera, salatu dute 1977ko Amnistiaren Legea ez dela indargabetuko, ezta horren 2. artikuluko E eta F puntuak ere. Gogorarazi dute «aspaldidanik» ari direla hori eskatzen, eta legea indargabetu ezean «gai horri buruzko nazioarteko zuzenbidea ez dela aitortua izango, ezta Nazio Batuetako Kontalari Bereziek horri buruz egindako erreklamazioak aintzat hartuko ere».

Amnistiaren Legea aldatzearen alde ere agertu da asteon EH Bildu, eta zuzenketetan xedapen gehigarri bat proposatu du, hiru hilabeteko epean legearen 2. artikuluko E eta F puntuak indargabetzeko asmoz, puntu horiek «biktimarioak blindatzen» dituztelakoan.

Erreparazioari dagokionez, erakunde memorialistek azaldu dute kasu «askotan» erreparazioa ez dela integrala «inondik ere», eta «mediatiko-administratiboa» baino ez dela izaten, besteak beste, jasandako ondare espoliazioak itzultzeko eta eragindako kalteak «justuki» konpentsatzeko eta ordaintzeko aukerak «ixten» dizkietelako.

Horiek horrela, gaur egungo lege proiektuak biktimak «diskriminatzen» dituela ohartarazi dute erakundeek, eta giza eskubideen urraketa guztiak «berdin» tratatu behar direla aldarrikatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.