Donostia ospitaleko protestak eten egingo dituzte, bi hilabetez

Langileen ordezkariek azaldu dute «zehaztapen» batzuk ikusi dituztela Osakidetzak azkena bidalitako agirian. Bi hilabeteko epea jarri dute aldaketak gauzatzen direla ziurtatzeko

Ospitaleko atarian langileek egindako protestetako bat, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Bi hilabetez etengo dituzte protestak Donostia ospitalearen aurrean astelehen goizero elkarretaratzeak egiten jardun duten langileek. Abenduan hasi zituzten protestak, Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuko hainbat arduradunen kargugabetzearen ostean, eta, ordutik, tartean eten bat egin bazuten ere, protestak ia iraunkorrak izan dira. Atzo goizean jakinarazi zuten protestak eteteko asmoa langileen ordezkariek.

Jakina da langileek Osakidetzako buruekin hainbat testu trukatu dituztela igaro asteotan akordio bat lortzeko bidean, eta atzo esan zuten azkena jasotako aktan hainbat «zehaztapen» ikusi dituztela norabide egokian. Horregatik erabaki dute protestak uztea, baina datozen bi hilabeteetan adi jarraituko dutela nabarmendu zuten: izan ere, bertan jasotakoak «egin egiten» direla ziurtatu nahi dute orain.

«Bi hilabete horiek pasatzen direnean erabakiko dugu gatazka ja bideratuta dagoen, edo ez doan norabide egokian», adierazi zuen langileen ordezkari Jon Zabaletak. Onartu zuen azkena jasotako testuan eduki positiboak ikusi badituzte ere punturen batean nahi baino «aurrerabide gutxiago» ere ikusi dituztela oraindik, eta horregatik ez dutela esan nahi oraindik konponbidea lortu dela.

Zerbitzuburuen itzala

Asteak daramatzate langileen ordezkariek esaten «jarrera ona» igarri dutela Osakidetzako buruekin izandako elkarrizketetan, baina asmo onak hitz hutsetan geratzerik ez dutela nahi, eta beren eskeak lortzeko bideak «zehaztuta» ikusi nahi dituztela.

Protestok oihartzun handia izan dute, erietxeko zerbitzuburu gehienak elkar hartuta aritu direlako. Erietxeetan, zerbitzuburuak ez dira edonor, erabaki ahalmena eta ardura handia izaten dute, eta haiek protestan ikusteak harridura eta kezka eragin ditu. Langileen ordezkariek behin baino gehiagotan esan dute, hala ere, batzar ireki batean aritu direla gatazka bideratzen, eta beste kategorietako langileek ere hartu dutela parte. Lehen lerroan agertu diren ordezkariak, hala ere, medikuak dira ia guztiak, eta erietxeko zerbitzuburuak dira horietako asko.

Protesta hasi eta hainbat astetara, abenduaren 28an, bost eske zehatz egin zituzten langileen ordezkariek, eta horien inguruan ardaztu dituzte ordutik aldarrikapenak. Donostialdeko ESIaren geroko estrategia «erabakitzeko» gaitasuna izango duen «mahai tekniko bat» eskatu zuten, besteak beste. Arlo horretan aurrerapausoak izan direla onartu zuten atzo, baina datozen hilabeteetan zer gertatzen den ikusi beharko dela.

Erietxeko zuzendaritzak ospitalea ezagutzea ezinbesteko ezaugarri duela ere esan zuten, eta alde horretatik berrikuntzak izan dira; hilaren 17an jakin zen zuzendari mediko berria izendatu dutela erietxerako, Sara Arevalo. Gatazka hasi berritan Ana Bustindui jarri zuten karguan, behin-behinean, eta hura ordezkatzera etorri da orain Arevalo. Erabaki horrekin ere gatazka bideratzera egin nahi izan da.

Beste eskeetako bat lotuta dago lan eskaintza publikoekin. Protestan jardun duten langileen arabera, «gaitasun berezia eskatzen duten lanpostuen profila» ezartzea ezinbestekoa da, erietxean ematen diren hainbat zerbitzu bermatze aldera eta, alde horretatik ere, ikusi dituzte aurrerapenak Osakidetzak helarazi dien azken dokumentuan. Gauzatuta ikusi nahi dute orain hori guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.