Hizkuntza politika «ausarten» garaia da Kontseiluaren iritziz

Euskararen erabilera ezagutza adinakoa izateko «zailtasuna» erakusten dute inkesta soziolinguistikoek, Kontseiluaren ustez. Ezagutza unibertsalizatzearen alde egin du

Euskalgintzaren Kontseiluaren 25. urteurrenaren ekitaldiaren artxiboko irudi bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Azken asteotan argitaratutako inkesta soziolinguistikoen emaitzak aztertu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak. Nabarmendu du «positiboa» dela euskararen ezagutzak gora egin izana, baina hainbat arazo ere plazaratu dituela azaldu du; besteak beste, euskararen erabilera ezagutza adinakoa izateko «zailtasuna», Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako eremu batzuetan ezagutza hedatzeko «ezintasuna», eta hizkuntza politika «egokien» faltak «euskararen kontrako jarrerak» indartu izana zenbait gunetan. Horiei aurre egiteko hizkuntza politiketan «jauzi handi bat» egiteko premia dagoela adierazi du Kontseiluak: «Euskara normalizatzeko, eroso erabiltzeko eta biziberritzeko baldintzak sortuko dituzten hizkuntza politika ausarten norabidean jauzia egiteko garaia da».

Kontseiluak adierazi du hizkuntza politika horrek «sendoa» izan behar duela, eta bi ardatz nagusi izan beharko lituzkeela. Batetik, euskararen ezagutza unibertsalizatzea bultzatu beharko luke, «herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten». Bestetik, euskaraz «eroso» aritzeko eremuak sortu beharko lituzke, «hala nahi duen orok ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik». Azaldu dute bide hori egiteko tresna Kontseiluak bultzatutako Batuz Aldatu egitasmoa izan daitekeela, «euskaraz ardazten direnek herritartasuna berdintasunean gauza dezaten, bizitza bizigarriak izan ditzaten».

Euskal Herrian euskarak duen egoeraren berri eman dute inkesta soziolinguistikoek. Eusko Jaurlaritzak argitaratu zuen Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako diagnostikoa, Nafarroako Gobernuak bultzatu du Nafarroakoa, eta EEP Euskararen Erakunde Publikoaren ekimenez egin dute Ipar Euskal Herrikoa. Euskal Herri osoaren «argazki orokor bateratuaren hutsunea» sumatu du Kontseiluak,eta Euskal Herri osoa aintzat hartuta egin du bere analisia.

Inkesta soziolinguistikoen emaitzetako bat da euskararen ezagutza handitu egin dela: gaur egun, 1.200.000 euskal herritarrek baino gehiagok ulertzen dute euskara. Hori da inkesten «daturik positiboena», Kontseiluaren arabera. Hala ere, gogorarazi du Ipar Euskal Herrian, zehazki, joera bestelakoa dela: «Euskaldunen kopurua azken inkestatik doi bat emendatu bada ere, proportzioa apaldu eta apaldu ari da, galera prozesu nabarmenean».

Inkesten beste emaitza bat da euskaldunen proportziorik handiena 24 urtez azpiko biztanleen artean dagoela. Kontseiluak nabarmendu du horrek «etorkizunera begira» jartzen duela euskara biziberritzeko prozesua, baina testuingurua ere eman nahi izan du: «Aintzat hartu behar da adin tarte horren pisu demografikoak behera egin duela. Beraz, gizartean duen eragina hasiera batean lirudikeen baino mugatuagoa da».

Helduen euskalduntzeari eta alfabetatzeari garrantzia ematen segitu behar dela ere adierazi du Kontseiluak, Euskal Herrira bizitzera etorritako migratzaile asko helduak direlako. «Arreta bereziz landu eta zaindu beharreko arloa da hizkuntza politikak diseinatzen direnean», adierazi du.

Gaitasuna, «katebegi»

Inkestek adierazten dute euskararen erabilera ez dela handitu ezagutza adina. «Ezagutzatik erabilerarako katean, hiztunen gaitasun erlatiboa katebegi gakoa da, bereziki euskara bezalako hizkuntza gutxituetan», azaldu du Kontseiluak. Erdaraz euskaraz baino errazago moldatzen direnen kopuruak gora egin izanak euskararen erabilerari «kristalezko sabaia» jarri diola adierazi du: «Hizkuntza eroso erabiltzeko, elebidunen masa soziala eta babesgune soziofuntzionalak hasiera batean dirudien baino murritzagoak dira». Euskalgintzaren Kontseiluak esan du datozen belaunaldiei oinarrizko euskara gaitasuna «bermatzeak» izan behar duela hezkuntza sistemaren helburua.

Gainera, inkestek adierazten dute eremu erdaldunetan bizi dela euskaldun gehien. Horregatik, hiriguneei «izaera estrategikoa» aitortu behar zaiela esan du Kontseiluak.

Euskararekiko jarrerari ere erreparatu dio. Nafarroan, herritarren %37 daude euskararen erabilera sustatzearen kontra, 2011n baino %2,5 gehiago. «Kezkatzekoa» dela esan du Kontseiluak: «Argi geratzen da euskararen aldeko hizkuntza politikek ez dutela ezagutzan edo erabileran soilik eragiten, baizik eta jarreran ere zuzenki ispilatzen dela».

Bestalde, Ipar Euskal Herrian euskara hutsean ikastearen alde egiten du %16,5ek; bi puntu apaldu da 2011tik. «Agerian geratzen da Euskal Herri osoan euskara ofizial izatea funtsezkoa dela biziberritze prozesuan sendotasunez aurrera egiteko», nabarmendu du Euskalgintzaren Kontseiluak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.