«Sexu abusuen salaketak jasota geratu behar dira»

Gizon batek salatu du 1967an sexu abusuak jasan zituela Donostiako eskola erlijioso batean. Antzeko erasoak agerian uztera deitu ditu beste biktimak

La Salle San Luis ikastetxea, Donostian, egungo kokalekuan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Donostia
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
50 urteko isiltasuna hausten ari da Josu Berra (Donostia, 1956). Azken hilabeteetan hasi da ingurukoei kontatzen, eta iragan astean Ertzaintzara jotzea erabaki zuen, haur zenean irakasle batek egindako sexu abusuak salatzeko. Berriro eskola erlijioso bati eragin dio auziak: Donostiako La Salle San Luis ikastetxeari. Berrak badaki salaketak bide laburra egingo duela, 1960ko urteetan izan baitziren erasoak, baina espero du tabua urratzen lagunduko duela: «Ertzainak berak galdetu zidan ea delitua preskribatuta egonda merezi al zidan salaketa jartzea. Esan nion baietz. Niri aspaldi pasatu zitzaidan, baina agian beste norbaiti duela gutxi gertatu zaio, edo orain gertatzen ari zaio, eta azaleratu egin behar da. Salaketak jasota geratu behar dira».

11 urte zituenean jasan zituen Berrak abusuak, 1967an; garai hartan Herrera auzoan zegoen ikastetxea, baina saihesbidea egiteko eraitsi egin zuten ondorengo hamarraldian, eta Bidebietan eraiki zuten eskola berria. Anaia Angel esaten zioten irakasle baten aurka jarri du salaketa Berrak: «Erlijioa ematen zigun, eta aitzakia horrekin, esaten zidan apaizen egoitzara joateko, nirekin hitz egin nahi zuelako. Han, hasten zitzaidan Elizaren mezuaz hitz egiten, eta bitartean, eskua sartzen. Mutiko guztiak galtzamotzetan ibiltzen ginen; eskua sartzen zidan galtza barrenean, barrabilak eta zakila ukitzen zizkidan, eta atzetik ere bizkarraldea ukitzen zidan, eta ipurmasailak».

Hamar bat aldiz gertatu zitzaion hori. «Askotan». Ikasturte batez izan zela uste du. Bat-batean eten zen: «Abesbatzaren entsegu batean, une batez bestaldera begiratu nuen, eta berak atzetik zaplazteko bat eman zidan, lurrera botatzeraino; oihuka hasi zitzaidan, kasu egin behar nuela. Geroztik gorrotoa hartu nion, neurrigabeko indarkeria haren ondorioz: haren ondotik ihes egiten nuen. Nirea hor bukatu zen, baina imajinatzen dut beste biktimaren bat bilatuko zuela».

Abusuak identifikatzen

Dena den, sexu abusuei geroago jarri zizkien izen-abizenak. Gogora ekarri du duela 50 urte ez zegoela sexu heziketarik: «Garai haiek ez ziren oraingoak. Adin harekin txorien eta katuen atzetik ibiltzen ginen; ez genekien ezer sexualitateaz, eta ez genuen ezer jakin 16 urte izan arte edo. Beraz, une hartan ez nuen sentitu sexu eraso bat egin zidanik. Salatzeko aukerarik ere ez zegoen, inola ere; eta etxean kontatzea ere, zail: irakasleak zigortu zintuela esanez gero, beste bi zaplazteko jasoko zenituen. Fraideak eta maisuak jaun eta jabe ziren».

14 urterekin hasi zen gertatutakoaz kontzientzia hartzen, eta 18rekin argi ikusi zuen. «Nik haren bila joan nahi nuen, jipoitu...baina lagun batek burutik kendu zidan ideia hori. Geroztik, hor izan dut oroitzapena, lokartuta». Bidegabekeria baten moduan gogoratzen ditu abusuak, ez trauma gisa: «Ez nuke esango kalte handia egin didatenik, baina ez dakit nolakoa izango nintzatekeen hori gertatu izan ez balitzait».

Azkenaldian, ordea, ingurukoei kontatzen hasi zaie: «Hedabideetan hainbeste kasu azaldu direnean, tak etortzen zait burura: 'Ni ere bai'. Eta une batetik aurrera, ez naiz isildu. Igual telebistan kasu bat atera edo gaia norbaitek aipatu, eta ingurukoei esaten nien niri ere gertatu zitzaidala».

Atzo hedabideen aurrean eman zuen lekukotza: ETBn jakinarazi zuen, eta BERRIArekin mintzatu zen gero. Aurpegia erakustea erabaki du, ezaguna delako inguruan. Errenterian (Gipuzkoa) bizi da egun, eta ibilbide oparoa du bertako euskalgintzan, kulturan eta irakaskuntzan. «Espero dut jende gehiagok salatzea, eta konturatzea zein injustizia egin duten haiekin umeak zirenean. Eta herrian ezagutzen nautenez, agian norbait hurbilduko zait esanez berari ere gertatu zaiola».

Eskolan, berririk ez

La Sallekoengana, hala ere, ez da joan; izatez, Berrak ez daki abusuak egin zizkion irakaslea bizirik dagoen. Eta ikastetxeak ere ez. Bertako iturriek BERRIAri adierazi diotenez, hedabideen bitartez izan dute salaketaren berri, eta ez daukate ia informaziorik; beraz, ezin izan dute apaiza identifikatu. Gogora ekarri dute abusuen inguruko protokolo bat dutela martxan, eta beren webgunean ere salaketak jartzeko espazio bat jarri dutela. «Gure gain hartuko dugu dagokigun ardura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.