Ramon Gonzalo izango da NUPeko errektorea, %61eko babesa lortuta

Sektore guztietan irabazi du, ikasleenean salbu: horretan, %89koa izan da abstentzioa. Aurreko errektore Karlosenak abiatutako bidetik jarraitu nahi du; haren zuzendaritzako kidea izan zen

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle talde bat errektorea hautatzeko botoa ematen, atzo. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Lehengo lepotik burua. Azkenengo zuzendaritza taldeko kide batek irabazi ditu NUP Nafarroako Unibertsitate publikoko errektore izateko hauteskundeak: Ramon Gonzalok, lau urteotan Ikerketa errektore izandakoak eta Telekomunikazioetan katedradunak. Botoen %61 lortu du, Maria Jose Beriain Elikaduran katedradunari gailenduta.

10.433 pertsona zeuden deituta atzoko bozetara. Boto haztatuko sistema erabili dute. Sektore guztietan irabazi du Gonzalok, ikasleenean izan ezik. Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreen artean, 202 boto jaso ditu, eta Beriainek, 117. Sektore horrek du pisurik handiena azken emaitzetan: %59 (391 kide dira guztira). Gainerako irakasleen eta ikerlarien artean (%11ko pisua; 789 kide) 242 boto izan dira Gonzalorentzat, eta 117 Beriainentzat; administrazioko eta zerbitzuetako langileen artean (%10eko pisua; 489 kide) 231 botoa Gonzalorentzat, eta 61 Beriainentzat. Ikasleen artean, berriz (%20ko pisua; 8.764 kide), Beriainek irabazi du, 531 botorekin, eta Gonzalok 399 lortu ditu. Abstentzioa, ohi bezala, ikasleen artean izan da handiena: %89k ez dute botoa eman.

Hamasei urte igaro dira Antonio Perez Pradosek errektore kargua galdu zuela. Haren ondotik, sektore progresistarekin loturiko hautagaiek irabazi dute beti. Karlosenak irabazi zuen duela lau urte (%71ko babesarekin), eta hark ekindako bidetik jarraituko du Gonzalok. Bere aurrekoak bezala, hark ere xede du NUPek harreman zuzena izatea Nafarroako instituzio publikoekin eta eragile sozial eta ekonomikoekin.

Lehentasuna: finantzaketa

Erronka nagusia izango du finantzaketa. Hori bermatu zuen Karlosenak 2017an, Nafarroako Gobernuarekin ituna eginda, 2020ra arte —180 milioi, hiru urterako—. Akordio hori luzatzea da Gonzaloren asmoa. Uste du beharrezkoa dela hainbat urteetarako hitzarmenak egitea, unibertsitateak egonkortasuna izan dezan.

Karlosenak lortu zuen lehenaldiz NUPek eta Nafarroako administrazioak gisa horretako akordio bat egitea. Ordura arte, urte bakoitzeko aurrekontuen araberakoa zen finantzaketa. Lau ardatz ditu: egiturazko finantzaketa, emaitzen araberakoa, hobekuntza eta proiektu berrien garapenekin loturikoa, eta azpiegitura eta ekipamenduetarakoa.

Aurreko zuzendaritzaren beste helburua izan zen Medikuntza gradua eskaintzea NUPen. Aldarrikapen historikoa izan da hori ere, orain arte Nafarroako Unibertsitatean —Opusek kudeatuan— baino ez baitira izan ikasketa horiek. Aneca Kalitatea Ebaluatzeko eta Ziurtatzeko Espainiako Agentziak oniritziaren zain jarraitzen du NUPek —hori bakarrik falta du—, baina Gonzalok uste du garaiz iritsiko deladatorren ikasturtean gradua abiatzeko baimena.

Martxan jarri beharreko neurririk premiazkoen artean, berriz, nabarmendu du unibertsitateko langileak egonkortzeko plana. NUP unibertsitatea gaztea izanik ere, bere beharginen gehiengoa 50 urte baino gehiago ditu, eta askotariko kontratuak dituzte.

Belaunaldi aldaketa

Horiek hala, uste du plan bat abian jarri behar dela erretiroa hartuko dutenak ordezkatzeari begira, eta postu finkorik ez dutenen lan baldintzak hobetzeko, eta hori egin behar dela departamentu bakoitzeko beharrak aintzat hartuz. Irakasle elkartuen kasuan, NUPen doktorego tesiak egindakoak unibertsitatean geratzea nahi du, eta haiek lehentasuna izatea erretiroa hartzen dutenak ordezkatzeko. Halaber, berdintasun plan berri bat proposatu du. Gogoratu du amatasun baimenekin edo eszedentziekin ikerlari zein langileen ibilbidea gelditzen dela; ebaluazioak egiteko orduan hori ere aintzat hartzea proposatu du.

Ikasketa eskaintzari dagokionez,egungo graduak egonkortzeko eta masterrena indartzeko xedea du. Azpiegituren alorrean, besteak beste, bi eraikin berri proposatu ditu Iruñeko campuserako —bat, laborategietarako—, eta Tuterako campusa berritu nahi du.

Euskara bultzatzeko aurreko errektoretzat 2017-2019ra begirako plana garatu nahi du. Horren arabera, besteak beste, NUPek 1.689 kreditu eman beharko lituzke euskaraz aurten; kredituen %25. Egun, kopuru horretatik urrun dago. Halaber, bi gradu soilik egin daitezke erabat euskaraz: Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntza. Egun, unibertsitate horretako hiru ikasletatik bat da euskalduna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.