Udal eta foru hauteskundeak. Kanpaina

Zerga politika. Nolako eredua, halako zergak

Sozietateen gaineko zergaren jaitsiera, aberastasunaren gainekoaren eta 'zerga ezkutu'-aren desagerpena: aldundiek aldaketa esanguratsuak egin dituzte.

Aldundi guztiak EAJrenak izateak ez du balio izan Ekarpen Legea berritzeko. Irudian, Finantzen Euskal Kontseilua, otsailean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Irune Lasa.
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Zergak arautzeko eta biltzeko eskumena da aldundien jardunbide politikoaren tresna inportanteenetako bat, inportanteena ez bada. Eta erakunde baten zerga politika haren gobernu ereduaren isla argia zan daiteke.

Amaitu den agintaldi honetan aldaketa esanguratsuak izan dira aldundien zerga politikan: esan daiteke Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ereduak atzera harmonizatu egin direla, Bilduk Gipuzkoako Diputazioan egindako aldaketak lehengoratu ostean. PSEk amore eman eta gero, hiru aldundiek Jaurlaritzarekin bat egin dute sozietate zerga jaisteko, baina, hori bai, ez dute adostasunik lortu Ekarpen Legea berritzeko; moldaketa batekin konformatu dira, batzuk besteak baino konformeago.

ABERASTASUNAREN GAINEKO ZERGA

Esan eta egin. EAJk ez zuen eman ustekabekorik, eta, 2015eko hauteskundeetan Gipuzkoako Aldundia berreskuratu bezain pronto, «urgentziazko» moldaketak egin zituen Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko zergan. Jeltzaleek begiz hartuta zeukaten aberastasunaren zerga, Bilduren gobernuaren ikur nagusietako batizandakoa, onartu zenetik bertatik. Haien arabera, zergak zigortu egiten zuen irabaziak atzera enpresetan inbertitzea; zergapekoak eta haien dirua herrialdetik joatea eragin zezakeen, eta, gainera, hautsi egiten zuen hiru aldundien zerga politika harmonizatua.

Aukera izan zuenean, Markel Olanoren gobernuak zergaren eragina murriztu zuen, besteak beste, enpresetako parte hartzeak salbuetsiz. 2015. urtean bertan egin zuen hori. Zerga bera 2017an ordezkatu zuen, Ondarearen gaineko zergarekin —izen hori dute Arabako eta Bizkaiko zergek—.

'ZERGA EZKUTUA'

EAJren ustez, aberastasunaren gaineko zergak eta zerga ezkuturik ez izateak zergadunik handienak eta haien zergak herrialdetik joateko arriskua zekarren, besteak beste ez zegoelako harmonizaziorik Arabarekin eta Bizkaiarekin. Argudio horrekin, Gipuzkoako Aldundiak berreskuratu egin zuen bere garaian Bilduren gobernuak bertan behera utzitako zerga ezkutua. Ezkutu horrek muga ezartzen dio zergapekoek urte batean errenta eta ondare zergatan ordaindu beharreko kopuruari: zenbatekoak ezin du gainditu urte horretan zergadunak izandako diru sarreren %65.

Aldiz, Bilduren ustez, Aberastasunaren zerga baliogabetzearen ondorio nagusia zera zen: Gipuzkoako aberatsenek gutxiago ordaintzea. Koalizioak gaitzetsi egin zuen «funtzionatzen zuen» zergaren eta harekin lortutako sarreren desagerpena. Ahal Dugu ere aberastasunaren zergaren alde agertu zen orduko hartan.

SOZIETATE ZERGA

Sozietateen gaineko zerga jaisteko akordioa EAJk eta PSEk adostu zuten 2017ko urrian —ondare zergaren harmonizazioarekin eta errenta zergaren zenbait baldintzarekin batera—. Baina ez zen nahikoa izan. Confebaskek gogor kritikatu zuen jaitsierarik ez izatea; azkenean, PSEk presioari amore eman, eta hiru astera beste akordio bat etorri zen, zeinetan sozietate zergaren tasa nominala jaisten zen, enpresa elkarteen pozgarri.

Bi urteren buruan, sozietate zergaren tasa %28tik %24ra jaitsi zaie enpresa handiei, eta %24tik %20ra enpresa txiki eta ertainei. Era berean, diru bilketa ez murrizteko, kenkariak, konpentsazioak eta hobariak izateko baldintzak gogortu zaizkie enpresei.

ELKARTASUN LEGEA

Agintaldi honetan berritu behar zen 2012. urtetik luzatuta dagoen Ekarpen Legea. Horretarako asmoa agertu zuten behintzat Jaurlaritzak eta aldundiek, baina aldundiak ados jartzea ezinezkoa izan da, nahiz eta hiru diputazioak EAJren esku egon.

Ekarpen Legeak arautzen du nola biltzen eta banatzen den zergetan bildutako dirua erakundeen artean. Araba gutxiago eta Gipuzkoa gehiago, kexu dira tokatzen zaien baino ekarpen handiagoa egiten dutela, edo bidezkoa litzatekeen baino gutxiago jasotzen dutela Bizkaiaren mesedetan.

2019ko otsailean iritsi zen korapiloa askatzeko —edo beharbada eztabaida atzeratzeko— nolabaiteko pausoa, Finantzen Euskal Kontseiluan. Aldundiek men egin zioten Jaurlaritzak proposatutakoari, eta funts berri bat eratzea onartu zuten, ezohikoa, kontuak berdintzeko osatuta dagoen Egokitzapenerako Funtsaren osagarri moduko bat, baldintza jakin batzuetan soilik erabiliko dena. Ez zen Gipuzkoak nahi zuena. Eta ez du asko balio izan, oraingoz behintzat, legea berritzeko.

PROPOSAMENAK

Agintaldi berrirako, alderdiek hainbat proposamen egin dituzte zerga politikaren inguruan, asko erabat kontrajarriak. Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusi izateko EAJren hautagaiak, tratamendu «erakargarriagoa» nahi du BGAE borondatezko aurreikuspeneko erakundetako ekarpenentzat, eta Elkarrekin Podemosek, aldiz, halakoei kenkari guztiak kentzea.

Errenta zergan, EH Bilduk kapital errenten gaineko zergaren tasa lan errenten gainean ezartzen denera gerturatu nahi du; hori da PSEren jarrera ere. Elkarrekin Podemosek bi tasak berdintzea proposatzen du zuzenean.

Ondare zergan ere jarrera bertsuak dituzte EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek: zerga ezkutua desegitea eta aberastasunaren gaineko zergak eratzea.

Eta, sozietateen zergari buruz, joan den agintaldiko jaitsiera ezerezean utzi eta lehengo tasak ezartzea nahi du Elkarrekin Podemosek. EH Bilduk, berriz, sozietate zerga «progresiboa» bultzatuko du, bidezkoagoa eta eraginkorragoa izango dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.