Auzitegi Nazionalean diligentziak hasi dituzte presoen harrerengatik

Hernanin eta Oñatin bi euskal presori eginiko harreren harira, salaketa jarri du AVTk, eta eginbideak hasi ditu epaileak. Lehen urrats gisa, fiskaltzari galdetu dio eskumena auzitegi horrek ote daukan

Olatz Esteban Ezkati.
2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Asteburuan bi euskal presori eginiko harreren harira, diligentziak abiatu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. AVT elkarteak jarritako salaketa bat jaso du Jose Luis Calama epaileak, eta prozedura martxan jartzea erabaki du. Salaketaren arabera, «terrorismoa goratzea» izan ziren bi presoen harrerak. Lehen urrats gisa, epaileak fiskalarenera jo du: galdetu dio ea Auzitegi Nazionalari dagokion kasua ikertzea. Baietz uste badu, ikerketan zer diligentzia egin eskatzeko esan dio fiskalari.

Larunbatean, Hernanin (Gipuzkoa) egin zioten harrera Jose Jabier Zabaleta Baldo-ri, 29 urteren ondoren libre geratu ostean—ETAko kide izatea eta hilketa batzuetan parte hartzea leporatu zioten—. Beste harrera igandean egin zuten, Oñatin (Gipuzkoa); 22 urteko kartzela zigorra beteta, aske gelditu zen Xabier Ugarte—ETAko kide izatea egotzi zioten hari ere, eta, besteak beste, Jose Antonio Ortega Lararen bahiketan parte hartzea—. AVTk salatu egin zituen bi ekitaldiak, eta Covite biktimen elkarteak ere bai. Horren harira hasi du prozedura Auzitegi Nazionaleko Calama instrukzio epaileak, eta fiskalari eskatu dio hurrengo urratsa egiteko.

Gogoan izatekoa da Espainiako Gobernuak fiskalari eskatua diola bi ongietorriak ikertzeko, eta jadanik helarazi dizkiola bi ekitaldiei buruzko polizia txostenak. Madrilek ohartarazi du «onartezinak» direla horrelako ekitaldiak: «Iraingarriak dira terrorismoaren biktimentzat eta gizartearentzat». Ezker abertzaleari eskatu dio «autokritika» egiteko.

Asteburuko harrera ekitaldiek zeresan handia eman dute esparru politikoan. Alderdi gehienek gogor egin dute ongietorrien aurka. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak irmo kritikatu ditu. «Gutxieneko etika» izateko eskatu du Iñigo Urkullu lehendakariak: «Ulertzen dugu biktimengan sortzen duten mina eta haserrea, eta bat egiten dugu sentipen horiekin». PSOEk, PPk eta Ciudadanosek ere jo dute harreren aurka. Patxi Lopez lehendakari ohiak ohartarazi du ongietorriak «mingarriak eta arduragabeak» direla.

Foro Soziala herenegun mintzatu zen gaiari buruz. Haren ustez, ongietorriak «zatiketarako elementuak» dira, eta biktimei «min erantsia» sortzen diete. Horregatik, sumatu du «arriskuan» jartzen dituztela «presoen alorrean dauden kontsentsuak». Harrera ekitaldiak «gune itxietan» egitea proposatu du, beraz. Horrez gain, Foro Sozialak eskatu du ongietorrien gaia ez dezatela epaitegietara eraman, ez delakoan egokia «irtenbidea» lortzeko.

Eztabaida juridikoa

Hain justu, badago eztabaida esparru juridikoan. Espainiako Gobernuak fiskaltzara eraman ditu harrera ekitaldiak, eta Auzitegi Nazionalera jo dute AVTk eta Covitek, «terrorismoa goratu» zutelakoan. Ertzaintzak, ordea, ez du atestaturik egin Hernaniko eta Oñatiko ekitaldien harira. Erabaki hori defenditu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak: «Ez dute delitu zantzurik ikusi». Jaurlaritzak, izan ere, «biltzeko eta manifestaziorako askatasunarekin» lotu ditu harrerak, nahiz eta gaitzetsi dituen.

Antzeko iritzia du Demokraziarako Epaileak elkarteak. Ana Zulueta ordezkariak uste du «adierazpen askatasunaren» barruan dagoela presoei ongietorria egitea, nahiz eta ez dituen egokitzat jo: «Ez litzaieke omenaldirik egin beharko, biktimekiko errespetuz». Legea aldatzeko eskatu dute elkarte batzuek, halako ekitaldiak propio galarazteko. Aurka dago Zulueta: «Ez da ona gauza zehatzengatik aldatzea legeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.