Desagertuak aurkitzeko tresnak martxan jartzea galdegin du Foro Sozialak

Foro Sozial Iraunkorrak proposatu du Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna «ofizialki» gogoratzen hastea. Zazpi dira gatazkaren testuinguruan desagerrarazi zituzten pertsonak

Nekane Altzelai eta Tasio Agirrezabalaga, Foro Sozialak atzo Donostian egindako agerrraldian. GORKA RUBIO / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Donostia
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
«Foro Sozialaren iritziz, euskal gatazka delakoaren testuinguruan behartuta desagerrarazi diren eta orain arte dokumentatuak dauden zazpi pertsonak non dauden jakiteko beharrezko diren tresnak eta mekanismoak martxan jarri behar dira». Hala adierazi zuten Nekane Altzelai eta Tasio Agirrezabalaga Foro Sozialeko kideek, atzo goizean Donostiako Koldo Mitxelenan egindako agerraldian. Haien hitzetan, behartutako desagertzea «beldurra barreiatzeko estrategia bat» da, eta, horrek sortzen duen «segurtasun faltaren sentsazioak» desagertutako pertsonaren senitarteko eta lagunengan eragina izateaz gainera, «komunitate osoari, gizarte osoari» eragiten dio.

Foro Sozial Iraunkorrekoek «argitu gabeko» kasuei buruzko dokumentu bat aurkeztu zuten iazko martxoan, Donostiako Miramar jauregian. Txosten horretan zioten 482 direla gatazkaren testuinguruan gertatu ziren eta oraindik argitu gabe dauden kasuak, eta tartean desagerrarazitako zazpi lagun daudela azaldu zuten atzo.

Altzelaik aurreratu du hastera doan urte politiko berriko helburua izango dela iazko erronka nagusia «are eta indar gehiagorekin sakontzen» jarraitzea. Hau da, «elkarbizitza demokratikorako behin betiko oinarriak» jartzen segituko dute. Behartutako desagertzeen kasuan egia jakiteko eskubideak «berebiziko garrantzia» duela nabarmendu du Altzelaik: «Pertsona horiek non dauden eta zergatik desagertu ziren oraindik ez jakiteak min handia eragiten du, eta hori gainditzea oso zaila da. Hala adierazi digute, behin baino gehiagotan, desagerrarazitako pertsonen senideek». Argi dute egia jakiteko eskubidea «oinarrizkoa» dela, eta azpimarratu dute biktimei eta haien senideei egia esatea «ezinbestekoa» dela: «Egia osoa eta egia guztiak jakiteak libre egingo gaitu jendarte gisa».

Hainbat erakunde eta elkarte lanean ari dira dagoeneko, zazpi kasu horiek argitze aldera. Altzelairen eta Agirrezabalagaren iritziz, egitasmo guztiak «indartu» behar dira, eta «aitortza» eman behar zaie. Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Euskal Memoria fundazioa egiten ari diren ikerketa lana nabarmendu dute Foro Sozialeko kideek, eta egoera horri aterabidea emateko sortu diren egitasmoak «txalotu» dituzte. Horrez gainera, familiako abokatuen ahalegina eta senideek erakutsitako «kemena» ere aipatu dituzte.

Etorkizunera begira aurrerapausoak eman ahal izateko hiru proposamen egin ditu Foro Sozialak. Lehenik eta behin, abuztuaren 30a Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna «ofizialki» oroitzen hastea proposatu du: «Euskal gatazka delakoaren konponbideari buruzko zenbait gai jorratzeko eta jendartea sentsibilizatzeko aukera eman dezake». Horrekin lotuta, ekainaren 20an Eusko Legebiltzarrean onartu zen Torturaren Aurkako Egunari buruzko egitasmoan egin zen bezala, ordezkari politikoei «konpromisoa» hartzeko eskatu diete.

Bigarren proposamenean, behartutako desagertzeen biktimak «zehazki eta era integral batean» aitortzeko deia egin dute; izan ere, Foro Sozialaren iritziz, denak batera aintzat ez hartzea giza eskubideen urraketa «oso larria» da. Azkenik, Agirrezabalagak adierazi du «adostasunak» sortzen hasi behar dutela Egiaren Batzorde bat osatzeko, zeinak erakundeen babesa izango lukeen. Batzorde horren bitartez, «aitortza eta erreparazioari» bide eman nahi diete «zailtasun bereziak» dituzten kasuetan; besteak beste, preskripzioa, informazio falta eta ikertzeko bitartekorik eza aipatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.